Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak bihar irekiko du, uztailaren 1arekin, 2021-2022 ikasturterako unibertsitate-bekak eskatzeko epea

2021-06-30
  • Epea uztailaren 1etik 30era arte izango da zabalik
  • Hezkuntza Sailak 28,5 milioi euro bideratzen ditu beka hauetarako

Hezkuntza Sailak bihar, uztailak 1, irekiko du datorren ikasturtean unibertsitate ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko bekak eskatzeko epea. Uztailaren 30era arte izango da zabalik epea (hau barne).

Hezkuntza Sailak 28.560.000 euro bideratu ditu unibertsitateko beken deialdi honetara. Zenbateko hori handitu egin ahal izango da, beharrezkoa izanez gero. Hezkuntza Sailak bermatzen du baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek laguntza jasoko dutela, ezarritako kopuruetan, aurkeztutako eskabideen kopurua eta eskatzaileen kopurua edozein izanik ere.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA-k) gaur argitaratu du 2021-2022 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beken deialdia egiten duen Agindua. Agindu honen bidez, halaber, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzak ematen dira.

Bekaren eskaera eta izapidetza elektronikoa izango da. Informazio gehiago Hezkuntza Sailaren webgunean.

Zein ikasleri dago zuzendua?

Beka hauek 2021-2022 ikasturtean Gradu edo Masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiten dituzten euskal ikasleei zuzenduta daude. Era berean, Goi-mailako arte-irakaskuntzak, Goi-mailako beste ikasketa espezifiko batzuk eta 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko prestatzeko ikastaroa barne hartzen ditu. Horretarako, unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan edo Estatuko beste edozein tokitan egin daitezke.

11.294 ikasle bekadun

Azken ikasturte honetan (2020-2021), 11.294 euskal ikaslek lortu dute unibertsitateko beka orokorra, bere osagai guztietan edo osagaietakoren batean. Hauek dira beka osagaiak:

  • Matrikula osagaia: zenbatekoa prezio publiko ofiziala izango da, 2021-2022 ikasturtean zerbitzu akademikoetarako ezarritakoa.
  • Ikaskuntzari laguntzeko eta eraldaketa digitalerako zenbateko osagarria: unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten ordenagailu, liburu eta materialaren gastuetan laguntzea da osagai honen helburua.
  • Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa: ezohiko osagaia erabiliko da ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonei ikasten laguntzeko.
  • Hiriarteko joan-etorriak: osagai honen helburua da ikasleari familia-egoitzatik ikastetxerako (Euskadi barnean) garraioaren gastua finantzatzea.
  • Probetxu akademikoa: ikasleen lana saritzen du osagai honek, baldin eta ikasleek aurreko ikasturtean emaitza akademiko onak izan badituzte.
  • Egoitza: ikasleek, ikasketak direla-eta, egoitzaz aldatzeko egin behar dituzten gastuak finantzatzen dituen osagaia da.

Garraiorako laguntzei dagokienez, beren baldintza fisiko edo psikikoengatik mugitzeko zailtasun bereziak dituzten eta 2021-2022 ikasturtean unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiten dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzera bideratzen dira. Kasu horretan, ikasketak Euskadiko ikastetxeetan egin beharko dira. Ikasle bakoitzari gehienez 12.000 euro emango zaizkio. Jasoko den kopurua kasu bakoitzaren premien, behar duen garraio-motaren edo egin beharreko distantziaren eta maiztasunaren araberakoa izango da.

2021-2022 ikasturteko berritasun nagusiak:

  • Beken kudeaketa aurreratua: Familia eta ikasle bekadunentzat berebiziko garrantzia duen neurria. Hezkuntza Sailak beken tramitazioa arintzeko helburua hartu du, beka-eskaera guztiek ikasturteko lehen hiruhilekoan zehar erantzuna jaso dezaten eta ikasleek urtea amaitu baino lehen kobratu ahal izan dezaten laguntza, erantzuna baiezkoa bada. Horrela, beka jasotzeko eskubidea duten ikasleek ahalik eta lasterren eskura izango dute dagokien laguntza.
  • Koefiziente zuzentzailea errentan, Covid-19gatik. Aurreko beka-deialdian bezala (2020-2021 ikasturtekoan), datorren ikasturterako errenta-aitorpenean murrizketa-koefiziente zuzentzailea mantenduko da Covi-19ren eragin ekonomikoa jasan duten familientzat. Ikasturte baterako beka eta laguntzak familia-unitateak aurreko urteko errenta-aitorpenean dituen diru-sarreren arabera eman ohi dira. Pandemia-egoera horretan, gerta daiteke aurreko urteko errentak familiaren egoera ekonomiko larria ez islatzea, nahiz eta beka eskatzen ari den unean aldi ekonomiko txarra bizi izaten ari. Koefiziente zuzentzailea (%5ekoa) langabezia-egoeretan, Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente egoeran (ERTE), enplegu-erregulazioko espedienteen kasuetan (ERE) edo antzekoetan aplikatuko da.
  • Ikaskuntzarako laguntza, digitalizazio ikuspegia Handitu egin da "Ikaskuntzarako laguntza" kontzeptuari dagokion zenbatekoa, digitalizazioaren ikuspegia txertatuz berritasun gisa. Horrela, beka bat lortzen duten unibertsitateko ikasleek urtean 300 euroko laguntza ere jasoko dute gutxienez (300 eta 475 euro artekoa, errenta-mugaren arabera), ikaskuntzarako laguntza gisa. Kontzeptu honek orain eraldaketa digitalaren ikuspegia txertatzen du. Kopuru hori gradu osoan mantenduko denez, horri esker ikasleek ordenagailua edo prestakuntzarako beharrezko dituzten beste elementu batzuk eskuratu ahal izango dituzte.
  • Malgutasuna erroldaketaren eskakizunean. Erroldatzeak baldintza izaten jarraitzen du, baina kasu batzuetan malgutu egiten da, eta, beraz, zenbait familiarentzat lagungarri izango da. Orain arte, beka bat jaso ahal izateko, beharrezkoa zen ikaslea Euskadin erroldatuta egotea eta egoitza fiskala ere EAEn finkatuta izatea. Orain, erroldatze-irizpidea zabaldu egin da, eta, horrela, zerga-egoitza Euskadin duten familietako ikasleek bekak eskuratu ahal izango dituzte, nahiz eta EAEtik kanpo erroldatuta egon.
Iruzkin bat
  • Alv
    2021-09-10

    plazo corto y en pleno verano. Me parece equivocado. Parece que se ha establecido con nocturnidad y alevosía para que a muchos se les pase el solicitar la beca, cuando siempre se ha podido realizarla hasta fin de septiembre. y máxime cuando el plazo de matriculación universitaria se abre al final de julio. Un equívoco señores de educación.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak