
URAk lizitatu berri ditu Bizkaiko Eako Bidebarrietako paper-fabrika ohiko zenbait eraikin eraisteko obrak
- Hondatutako eraikin-industrial ohiek estalitako 990 m2-ko eremuan, Argienerreka edo Ea ibaiaren ondoan
- Ibai-ingurunearen zaharberritzea da, Eako Udalaren eskutik; izan ere, Udalak beste eraikin batzuk eraitsi eta kenduko ditu eremuan
URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Eako Bidebarrietako paper-fabrika ohiko zenbait eraikin eraisteko obrak lizitatu berri ditu. Zehazki, orain lizitatutako obrei esker, eraikin eta azpiegitura zaharrak eraitsi eta kendu ahal izango dira: elkarren mugakide diren bloke isolatuen segida bat da, elkarrengandik oso gertu daude, eta, orohar, 990 m2-ko oinplanoko azalera hartzen dute.
Argienerreka, Erreketa edo Ea ibaia lehengoratzeko sustatutako jarduketa baten lanen lehen fasea da: paper-fabrika zaharraren ingurune degradatuan —gaur egun industria-aurria —, Bidebarria kaleko 26A zenbakian; zehazki, Bidebarrieta kalearen eta aipatutako ibaiaren arteko eremuan. Jarduketa honek 310.000 euroko lizitazio-aurrekontua du, eta hiru hilabete eta erdiko egikaritze-epe aurreikusi da.
Eraisketa eraikinaren zolatara iritsi arte egingo da, zolata eta zimenduetan sartu gabe. Hau da, proiektu honen eremuan sartutako lanek egungo lursailaren kotaren gainetik dauden elementuei bakarrik eragiten diete. Hau da, zaharberritze osoa egiteko, alde batetik, Udalak industria-gune zaharreko zenbait eraikin eraitsi beharko ditu baita ere; bestetik, lehenengo fasean eraitsitako eraikinen zolatak eta zimenduak zaharberritu beharko ditu URAk.
Gaur egun, eraikin asko landarediak estali ditu, eta landaretza hori eraikinen zirrikituetatik sartu da. Beraz, lanak hasteko, landaretza hori kendu egin beharko da, bai eraitsi beharreko eraikinetan, bai saneatu beharreko kanpoko aldean, eskuzko baliabideen edo bitarteko mekaniko arinen bidez. Sastrakak kendu ondoren, azaleratutako hondakin guztiak eremuan bertan identifikatu eta tipologiaren arabera bereiziko dira, ondoren kudeatzaile espezializatuek tratatzeko.