Opengela europar proiektua aurrera doa eraikinak zaharberritzen

2021-06-29
  • Proiektuaren helburua da OTXARKOAGAN jardutea, sozialki jasangarria den eko-auzo bihurtzeko, elkartegintzako sarearen inplikazio zuzenarekin.
  • Europako funtsekin bulego bat sortu da: Otxar Opengela. Bertan, birgaituko diren bost blokeetatik lauren jabeekin bilerak hasi dira, eta auzoa leheneratzeko eta enplegu gehiago egoteko ikastaroak eta tailerrak egiteko gune bat ere badu.

 

OTXARKOAGA auzoan hiria berroneratzeko eta eraikinak birgaitzeko egiten ari diren proiektuaren jarraipenerako azken bilera egin da gaur Otxar Opengelan. Bilera horren ondoren, Jon Bilbao Bilboko Etxebizitza Saileko zinegotzi eta Udal Etxebizitzen presidenteak eta Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak egiaztatu ahal izan dituzte proiektuaren hirugarren garapen-urtean egindako aurrerapenak.

Orain Otxar izeneko ekimen horren helburua da Otxarkoagan jardutea, sozialki jasangarria den eko-auzo bihurtzeko, elkartegintzako sarearen inplikazio zuzenarekin. Horrelako aurreneko esperientzia da gure urian; eta erakundeen arteko elkarlanaren eta, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Bilboko Udal Etxebizitzak-ek batera hirigintza arloko biziberritzearen alde egin izanaren emaitza dugu esperientzia.

Bilboko Udaleko Etxebizitza Saileko zinegotzi eta Udal Etxebizitzen presidente Jon Bilbaok adierazi duenez, "proiektua birgaitzeko planean dauden bost eraikin-blokeetatik bi errendimendu osoz garatzen ari dira, F merkataritza-zentroaren eraikinaren birmoldaketa amaitu da, laster jarduera soziokulturalak hartzeko, eta autokontsumo energetiko partekatuaren mankomunitatea diseinatzen ari gara; horri esker, eguzki-plaketatik sortzen den soberakin energetikoa baliatu ahal izango dute auzotarrek".

Proiektuaren jarduketa garrantzitsuena bost eraikin birgaitzea da, efizientzia energetikoaren eta irisgarritasun unibertsalaren irizpideen arabera. Guztira, gainerako jabeei proposatzen ari zaien esku-hartzeak auzoko 240 etxebizitzari eragiten die, 16 ataritan eta hiru kaletan daudenak (Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe). Lan hori 2017ra arte egin den lanari gehituko zaio; harako hartan 228 etxebizitza hartzen dituzten Bilboko lau eraikinetan egin ziren hobekuntza-lanak.

Otxar Opengela proiektu europarra

Jarduera honek, era berean, Europako irismena duen beste proiektu bat hartzen du. Opengela du izena, eta auzo-bulegoak martxan jartzean datza, auzotarrei laguntzeko eraikinak birgaitzeko prozesu osoan. Esperientzia pilotu gisa, Otxar Opengela sortu da, jabeen erkidegoei laguntzeko obrak kontratatzen, laguntza publikoak kudeatzen, finantzaketa eskuratzen, eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna hobetzen.

Opengela proiektuak Europako Batzordearen Horizon 2020 programaren finantzaketa du, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak koordinatzen du, eta eremu publiko eta pribatuko 9 erakundek lan egiten dute bertan, horien artean Bilboko Udal Etxebizitzak-ek. Auzoko bulegoen eredua EAEko beste udalerri batzuetara zabaltzen hasi da; esaterako, Eibarren badago horrelako bat.

Otxar Opengela bost blokeetako hirutan bizi direnekin bilerak egiteko baliatzen dugu, birgaitze-lanak egiteko beharrezkoak diren jarduketak koordinatzeko. Zehazki, Txotena 18-24, Larrakoetxe 1 eta Txotena 12-16 kaleetako blokeak dira.  Lehenengo bietan, obrak egiten ari dira gaur egun, eta Txotena 12-16ri dagokiona, berriz, lizitazio-fasean dago.

Eraikin horietako bizilagunei laguntza eta aholkularitza eskaintzeko, Opengela Otxar bulegoan diharduten pertsonak harremanetan egon dira auzokoekin, eta inplikatutako bost blokeetatik lautan lanak garatzeko xehetasunetan aurrera egin dute. Zehazki, aurten, auzoko bulegoan zazpi bilera egin dira auzotarren artean, hartu beharreko erabakiei buruzko aholkuak emateko. Otxar Opengelako aholkulariek banakako kudeaketak ere egiten dituzte, banaka, jabeekin, barrualdeetako akaberak egiteko eta zalantzak eta erreklamazioak ebazteko. Birgaitze-lanen nondik norakoari buruzko telefono-kontsultei ere erantzuten diete. Haren eginkizunak dira, gainera, finantzaketari buruzko orientazioa ematea eta banakako laguntza publikoak izapidetzea.

Bulegoak, gainera, hiri-berroneratzeari buruzko ikerketa-gune bat du, non eragile publiko eta pribatuak inplikatzen ari diren.  Erabilera anitzeko gela horietan hiri-berroneratzeari buruzko hainbat ikastaro eta tailer eman dira dagoeneko, baita enplegagarritasunari buruzkoak ere.  Zehazki, bi ikastaro eta hiru tailer eman dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko auzoko bulegoen koordinazio-bilerak ere, eta Opengela Otxar bulegoa aukeratu dute saio horiek egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de los Toyosek Opengelak leheneratze-prozesu osoan duen funtzioari balioa eman dio. "Leihatila bakarra da, bizilagunei laguntza orokorra eta jarraibideak emateko eta alderdi teknikoetan zein administratiboetan laguntzeko", adierazi du. Otxarkoagako proiektuaren anbizioa ere azpimarratu nahi izan du, "ez baita espazio publikoak eta etxebizitzak berritzera mugatzen, auzoa erabat biziberritzea proposatzen baitu, alderdi ekonomikoak, enplegua eta kohesio soziala ere kontuan hartzen hartuta".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Bilboko Etxebizitza zinegotzia, Jon Bilbao