Berriak Osasuna

Osakidetzak web-espazioa ireki du, haurdun dauden emakumeentzako informazio baliagarriarekin eta bideoekin

2021-06-30

Osakidetzaren web-orriak, Osasun Eskola espazioaren bidez, haurdunaldiari, erditzeari eta erdiondoari buruz eskuragarri dagoen informazioa eguneratu eta zabaldu du. Materiala Osakidetzako profesionalek prestatu dute, eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie, informazio baliagarria, egiazkoa eta egiaztatua izan dezaten etapa ilusio-eragile honetan, haurdunalditik hasi eta erditzera eta erdiondora arte eta etxean haurtxoarekin lehen egunak igaro bitartean.

Eduki berriek bideoak dituzte euskarri, kontzeptu batzuk zabaltzeko eta haiek errazago ulertzeko. Zalantzarik gabe, atal honen nobedade nagusietako bat da; modu errealistan eta 3Dan ere jasotzen ditu emakumeek aukeratutako bizitzako une horren faseak.

Zehazki, informazioa bost bloke tematikotan dago egituratuta:

  • Haurdunaldia: elikadurarekin, eragozpenak arintzeko eta prebenitzeko ariketa fisikoarekin eta emozioen zaintzarekin zerikusia duten urrats osasungarriak.
  • Erditzea: une honi emozioen eta minaren kudeaketaren bitartez aurre egiteko aholkuak. Gako batzuk ematen dira jakiteko emakume bat noiz dagoen erditze-prozesuan eta noiz joan behar duen ospitalera, eta urratsez urrats deskribatzen dira etapak.
  • Erdiondoa: amatasunaren etapa hain ezezagun honi buruzko informazioa eta gomendioak; autozaintza lantzen da, bai fisikoa bai emozionala.
  • Jaioberria: jaioberriaren premia fisikoekin, haren segurtasunarekin eta dituen afektu- eta komunikazio-premiekin zerikusia duen informazioa.
  • Edoskitzea: edoskitze-aukerei buruzko informazioa, bai edoskitze naturalari bai artifizialari buruzkoa, bularren zaintzari eta bularra emateko jarrerei buruzkoa.

Edukia prestatzeko, Euskal Osasun Zerbitzuko emaginek eta erizaintzako pertsonalak parte hartu dute, bai eta pediatriako eta ginekologiako profesionalek ere, Osakidetzaren erakunde guztien ordezkaritzan, eta Osakidetzaren eta Osasun Sailaren gidetan oinarritzen da; gida horiek bazeuden aurretik ere eta eskuragarri daude deskargatzeko, informazio gehiago nahi duenarentzat.

Eduki hori sortzeko ideia konfinamenduan sortu zen, haurdun zeuden emakumeak ezin baitziren erditzea prestatzeko eskoletara aurrez aurre joan. Nahiz eta eskola horiei normaltasunez ekin zaien berriro, eduki horren bidez laguntza eskaini nahi zaie emakumeei, edozein unetan eta edozein lekutatik jo ahalko baitute informazio horretara.

Informazio horren online eta multimedia sarbiderako bide emateaz gainera, profesionalekin batera ari gara lanean, edozein emakumeren irisgarritasun hobearekin zerikusia duten alderdietan. Adibide zehatz bat da aurten Osakidetzaren azterketa ginekologikorako besaulkiak aldatzen ari direla eta irisgarritasun-irizpide gehiago dituzten besaulkiak jartzen ari direla. Orain arte, 58 aldatu dira, guztira; aurreikusitakoen erdia baino pixka bat gehiago.

 ZAZPI AMATASUN-UNITATE

Gaur egun, Osakidetzan 10.906 haurdunaldiren segimendua egiten ari da; haietatik, 139 emakume 20 urtetik beherakoak dira eta 63 emakume, 45 urtetik gorakoak. Haurdun dauden emakume gehienek 30 eta 39 urte bitartean dituzte.

Osakidetzan, amatasun-arloa duten 7 ospitaleko unitate daude:  Arabakoa (Txagorritxu), Basurtukoa, Gurutzetakoa, Donostiakoa, Debagoienekoa, Zumarragakoa eta Mendarokoa. 2020an, zentro horietan, 13.128 erditze erregistratu dira; haietatik, 251 bikienak izan ziren eta 1, hirukiena.  Eta 2021eko gaurko egunera arte, 5.468 erditze egon dira; haietatik, 79 bikienak.

 

 Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 30a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau