
Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek istripua izan duen txirrindulari bat erreskatatu dute Tolosan
Gaur arratsaldeko lehenengo orduan txirrindulari bat erori egin da Tolosako udal-barrutian, Aldabazarren, mendialdean, landa-bide batetik bizikletan jaisten ari zenean. Ertzaintzaren Mendiko Taldeko agenteek eta helikoptero batek eta suhiltzaileek parte hartu dute biktimaren erreskatean, eta gero Donostia Ospitalera eraman dute.
Istripua gaur, larunbata, eguerdiko ordu bata hamar gutxian gertatu da. Tolosako udal-barrutian, Aldabazar inguruan landa-bide batetik jaisten ari zen txirrindularia erori egin da eta zaurituta geratu da.
Gertatutakoaren berri izan bezain laster mobilizatu dituzte Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuko hainbat baliabide, besteak beste, Ertzaintzaren helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Taldea, suhiltzaileak eta osasun-zerbitzuak, lekura iristeko zeuden zailtasunak ikusita. Guztiak Eusko Jaurlaritzako larrialdiei aurre egiteko teknikari batek koordinatu ditu.
Aireontziko erreskatatzaileek aurkitu dute biktima, adingabea, eta erreskatatu ondoren Ertzaintzaren helikopteroan eraman dute anbulantzia bat zain zuen lekura. Anbulantziak Donostia Ospitalera eraman du zauritutako txirrindularia.