Abeltzaintzaren zeregina aldaketa globalaren testuinguruan: erronkak eta perspektibak

2021-06-25
  • NEIKER zentro teknologikoak "abeltzaintzaren papera aldaketa globalaren testuinguruan: erronkak eta perspektibak" ikastaroa antolatu du, uztailaren 1ean eta 2an online egingo dena.

  • Kurtsoan zehar, abeltzaintzak ingurumenean duen eragina arintzeko eta animalia-jatorriko elikagaien ekoizpenaren eta kontsumoaren jasangarritasuna hobetzeko hainbat estrategia erakutsiko dira.

  • Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako ekimen hau UPV/EHUko Udako Ikastaroen barruan kokatzen da.

Euskadiko abeltzaintza-sektorea une zailean dago gaur egun, ekoizpen jasangarriagoa eskatzen duen aldaketa globalaren testuinguruan. Alde batetik, argudiatzen da abeltzaintza-sistemak berotegi-efektuko gasen ehuneko esanguratsu baten erantzule direla, batez ere animalia hausnarkariek eragindako jatorri enterikoko metanoaren emisioaren erantzule. Bestalde, animalia-jatorriko elikagaiak kontsumitzeko joerek abeltzaintzako ustiategi askoren errentagarritasuna eta iraunkortasuna baldintzatzen dute. Hala ere, ezin da alde batera utzi artzaintza-sistemek ekosistemetarako zerbitzu ugari sortzeko duten funtsezko eginkizuna, bai eta guztion onerako egiten dituzten ekarpenak ere.       

Abeltzaintzaren sektoreari estrategia iraunkorragoak eskaintzeko asmoz, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKER zentro teknologikoak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, "Abeltzaintzaren zeregina aldaketa globalaren testuinguruan: erronkak eta perspektibak" online ikastaroa antolatu du, uztailaren 1ean eta 2an, EHUko Udako Ikastaroen esparruan.

Ikastaroak iraungo duen bi jardunaldietan gai hauek aztertuko dira: berotegi-efektuko gasen isurketa, artzaintza birsortzailea, minda edo elikadura maneiatzeko estrategiak, klimaren arintzera eta are neutraltasunera bideratuak, artzaintza-sistemek ingurumenerako dituzten onurak, eta iraunkortasuna hobetzeko politiken diseinua. Horrez gain, abeltzaintza eta ekimen berritzaileen testigantzak ere izango dira, protagonisten eskutik.   

Roberto J. Ruiz Santos NEIKEReko Animalien Ekoizpen Saileko buru eta ekimen honen arduradunak azaldu duenez, "Ikastaro hau aukera paregabea da abeltzaintzak aldaketa globalari egiten dion ekarpenarekin lotutako hainbat alderdi ezagutzeko, bai eta abeltzaintzaren ingurumen-inpaktua arintzea ahalbidetuko duten hainbat estrategia berritzaile ikasteko ere, ondorio positiboak ere sortuz". Era berean, animalia-jatorriko elikagaien kontsumoan dauden zenbait joera aztertuko dira, bai eta abeltzaintza-sistemen iraunkortasuna eta kontsumitzaileen osasuna hobetzeko duten ahalmena ere, horiek interesgarriak baitira bai sektoreko profesionalentzat bai publiko orokorrarentzat.

Ikastaroak Nazio Batuen Erakundeak 2030erako agendan ezarri dituen Garapen Iraunkorreko Helburuetako hirutan eragiten du: ekoizpen eta kontsumo arduratsua, klimaren aldeko ekintza eta lehorreko ekosistemen bizitza.

Nekazaritza-ekoizpenaren ikuspegi berrietara bideratutako udako ikastaro hau online formatuan egingo da, zuzenean, ZOOM plataformaren bidez. Bertaratzeko interesa duenak programa osorik kontsultatu eta esteka honen bidez matrikula egin dezake.

NEIKERRI buruz

NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologikoa da. Hauek dira NEIKERen lan-ildo nagusiak: ustiategien iraunkortasuna eta lehiakortasuna sustatzea, larrialdi klimatikoak nekazaritzan dituen ondorioak arintzeko alternatibak bilatzea, bioekonomia bultzatzea lehengai ez-berriztagarriekiko mendekotasuna murrizteko eta jarduera ekonomiko berriak sortzeko, nekazaritzan fitosanitarioak arrazionalizatzea eta abeltzaintzan antibiotikoen erabilera murriztea, antibiotikoekiko erresistentziaren hazkundearen eragina gutxitzeko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko erakundea denez, NEIKERen jardueraren helburua da Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza-sektorea sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko diseinatzen dituen estrategiei erantzutea eta horiek babestea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak