Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa: adierazleak eta COVIDen eragina

2021-06-28
  • Diagnostikoak Euskal Hezkuntza Sistemaren argazkia osatzen duten hainbat adierazle jasotzen ditu:
    • Eskola-uzte goiztiarraren tasa %6,5ekoa da
    • 16 urteko ikasleen %97,9k derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketekin jarraitzen du.
    • 25 eta 64 urte bitarteko pertsonen %53,4k goi-mailako ikasketak dituzte, Europako eta Estatuko batez bestekotik oso gora
    • 2 urteko haurren %92,3 eskolatuta daude
  • Hezkuntza Sailak pandemiaren eragina hauteman du ikasleen artean:
    • Ikasleen % 72,3 desmotibatuago sentitu da ikasteko
    • 3 ikasletik 2k (% 65,4) bere maila akademikoa jaitsi dela uste dute.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur arratsaldez Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, berak hala eskatuta, Hezkuntza Sailak egin duen Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoaren berri emateko. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Xabier Aizpurua Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea eta Eduardo Ubieta ISEI/IVEIko zuzendaria lagun zituela, Bildarratzek Euskal Hezkuntza Sistemaren egungo argazkia helarazi du.

Azterlanaren edukirik esanguratsuenak azaldu aurretik, Hezkuntzako sailburuak berriz ere eskerrak eman nahi izan dizkie Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten pertsona guztiei. Gogorarazi du, batez beste, ikasgelen %99,28 irekita egon direla ikasturtean, milaka profesionalen lanari eta konpromisoari esker, eta administrazioak jarritako baliabideen kopura nabarmen hazi delako: kontratatutako irakasleen kopurua handitu egin da, 23.000 ordezkapen baino gehiago egin dira, sukalde eta garbiketarako ere langile gehiago, 37 milioi euro eman dira itunpeko ikastetxeetarako laguntzatan, udalei ere laguntza ekonomikoa eman zaie karpak jartzeko eta garbiketa indartzeko, eta 35.000 ordenagailu erosi dira, besteak beste. Guztira, 160 milioi euro inguru bideratu ditu Hezkuntza Sailak ikasturtea bermez burutu ahal izateko.

Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa

Sailburuak Hezkuntza Sistema zehatz-mehatz aztertzearen garrantzia azpimarratuz ekin dio dokumentua aztertu eta azaltzeko agerraldiari. Azterlan honen helburua hobetu beharreko esparruak detektatzea da, baina baita ekintza eta lan-ildo jakin batzuk bermatzen dituzten adierazleei balioa ematea ere. Hainbat datu eta adierazleren batuketak Euskadiko hezkuntzaren errealitatea islatzen du, eta ikuspegi orokor baten bidez balioets daitezke honen dimentsioa eta egoera erreala.

Euskadik 1.222 ikastetxe ditu egun, 387.000 ikaslerekin (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Helduen Heziketa). Kopuru horrek behera egin du azken urteotan, jaiotza-tasaren bilakaeraren ondorioz.

Euskal Hezkuntza Sistemaren egungo errealitatea hainbat adierazleren bidez jasotzen da. Matrikulazioari, etapetako eskolatzeari eta euskal gizartearen hezkuntza-mailari dagokienez, honako datu hauek nabarmendu behar dira:

  • 2 urteko haurren %92,3 eskolatuta daude dagoeneko; portzentaje hori %99ra iristen da 3 urtetik aurrera.
  • 25 urtetik 64ra bitarteko herritarren %53,4-k goi-mailako ikasketak dituzte, Europako zein Estatuko batez bestekoaz oso goitik.
  • 30 eta 34 urte bitarteko biztanleriaren prestakuntzari dagokionez, Euskadik lortu du %59,6k goi-mailako ikasketak izatea. 2020rako Europako helburua %40koa zen.
  • DBHko graduatuen maila %86koa da, Estatuko portzentajerik altuena
  • 16 urteko ikasleen %97,9k derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketekin jarraitzen du.

Aipaturiko azken portzentaje horrek harreman zuzena du eskola-uzte goiztiarraren ondorengo adierazle honekin:

  • Euskadi da, alde handiz, eskola-uzte goiztiarraren tasarik baxuena duen Autonomia Erkidegoa (%6,5), Europak (%10,1) zein Estatuak (%16) dituzten portzentajeetatik behera
  • Era berean, ikasturtea errepikatzen duten ikasleen portzentajeak ere bilakaera ona izan du azken urteetan. Une honetan, DBH-ko 4. mailan %3,9ko da, eta DBHko lehen eta bigarren mailetan %6,2koa. Egokitasun tasa %80tik gorakoa da.

Administrazioek eta gizarteak oro har hezkuntzara bideratzen dituzten baliabideei dagokienez, azken datu ofizialen arabera:

  • Euskadik bere BPGaren %5,14 bideratzen du hezkuntzara, Europako batez bestekoaren gainetik (%4,7)
  • Ikasle bakoitzeko kopurua 6.720 eurokoa da, Estatuko eta gainerako Autonomia Erkidegoetako batez bestekoaz oso gainetik. Zenbateko hori 9.415 eurora igotzen da sare publikoko ikasleen kasuan.

Ebaluazioak eta COVID

Hezkuntza Sailak –ISEI/IVEIren bidez– COVIDek Euskal Hezkuntza Sisteman izan duen eragina aztertu du azken asteetan. Martxoan egindako 2021 Ebaluazio Diagnostikoa baliatuta, pandemiak –eta honen ondorioek, hala nola, 2019-2020 ikasturteko azken hilabeteetan aurrez aurreko eskolak eten beharrak- zein neurritan eragin dien ikasleei zehaztu ahal izan da. 2021eko Ebaluazio Diagnostikoa ezaugarri bereziek markatu dute zalantzarik gabe, pandemiari eta horrek hezkuntzan dituen ondorioei zuzenean lotutako ezaugarriek. Aurreko edizioetan ez bezala –haietan derrigorrezkoa zen proba egitea ikastetxe guztientzat–, borondatez parte hartu nahi zuten ikastetxeen artean egin da proba. Horrela, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikastetxeen %32,3k eta DBHko 2. mailan gelak dituzten ikastetxeen %40,1ek proban parte hartzea erabaki zuten. Hala ere, Ebaluazio Diagnostikoak aurreko edizioekin lortutako emaitzekin alderatu ahal izateko adinako parte-hartzea izan du.

Probetan jasotako emaitzek antzeko datuak erakusten dituzte Lehen Hezkuntzan (Lehen Hezkuntzako 4. maila), eta DBHn berriz (DBHko 2. maila), jaitsiera sumatzen da aztertutako ikasgaietan. Lehen Hezkuntzan, igoera txiki bat hauteman da aztertutako 6 arloetatik 4tan (arloak honako hauek dira: euskararako, gaztelaniarako eta ingeleserako konpetentzia; matematikarako konpetentzia; zientzietarako konpetentzia; eta ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia). DBHn, ia konpetentzia guztietan ikusten da jaitsiera txikia.

2021eko ED-k, gorago aipaturiko arloetako azterketez gain, bestelako azterketa osagarri batzuk ere izan ditu. Nabarmendu beharrekoak dira Covid-ek ikasleengan izan duen eraginari buruzko galderak. Aurreko ikasturteko azken hilabeteek –bertan behera geratu baitziren aurrez aurreko eskolak– eta ikasturte honek izan dituen ezaugarri bereziek, galdera horien bidez jaso diren gogo-aldarte eta pertzepzioak sortu dituzte. Hauek dira ondoriorik esanguratsuenak:

  • Pandemiaren eta haren ondorioen ondorioz, ikasleen %72,3 desmotibatuago sentitu da ikasteko. "Ez nago ikasteko motibatuta" esaldiaren aurrean, %39,6 pixka bat identifikatuta sentitzen da, %19,2 nahiko identifikatuta eta % 13,5 oso identifikatuta.
  • Hiru ikasletik bik (%65,4) euren maila akademikoa jaitsi dela uste dute. %33,9 nahiko edo asko identifikatzen da esaldi honekin: "Nire maila akademikoa jaitsi egin dela konturatu naiz".
  • "Antsietate edota estres handiagoa dut": %28,8 pixka bat identifikatuta sentitzen da, %18,5 nahiko identifikatuta eta beste %18,5 oso identifikatuta.

Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa aurkeztu ondoren, Hezkuntza Sailak Euskadiko hezkuntza osatzen duten alderdi guztiak hobetzen jarraitzeko asmo sendoa agertu du.

Garatu beharreko ekintzen artean, sailburuak honako hauek aipatu ditu: Hezkuntza lidergorako programa, konplexutasun handiko ikastetxe publikoak ahalduntzeko programa, Ikastetxeetako Plan Digitala aktibatzea, irakasleen prestakuntza eta ikastetxeetan euskararen erabilera bultzatzeko hainbat estrategia –unibertsitateekin lankidetzan– edo eskola inklusibo eta pluralaren aldeko estrategiak sustatzen jarraitzeko apustua.

Halaber, erronken artean, Bildarratzek adierazi du beharrezkoa dela Euskal Hezkuntza Sistema akordioan eta elkarlanean oinarritzea, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko. Jaiotza-tasaren bilakaera, aukera-berdintasuna, beste herrialde batzuetatik iristen diren ikasleen integrazioa edo ikastetxeak ahalduntzeko beharra ere ahalegin koordinatua eskatzen duten elementuak dira, Euskadiko hezkuntzaren eta gizartearen mesedetan.

2 iruzkin
  • @STEILAS_
    2021-07-01

    Comentario de Twitter:
    Iturria: https://t.co/4RhlgYN7uf

  • 2021-06-29

    Este diagnóstico me parece un buen trabajo, y necesario, porque lo que no se mide no se puede mejorar. Como sugerencia, pondría el foco en los niños y niñas con altas capacidades. Constantemente escuchamos la necesidad de atraer y no perder el talento, como factor de competitividad, etc. ¿Y qué hacemos con nuestros niños y niñas talentosos/as? Debemos comenzar a identificarlos ya, haciendo rastreos sistemáticos en los centros educativos. pero no basta con eso: debemos formar al profesorado (y a los técnicos del gobierno), y atender con recursos suficientes a los niños y niñas con altas capacidades. Tienen los mismos derechos a ser atendidos correctamente que los niños que presentan dificultades de aprendizaje, y como sociedad necesitaremos de su talento y creatividad para innovar, descubrir vacunas, hacer inventos, etc. Esto debe ser tomado en serio inmediatamente, como una pata estructural de nuestro modelo de competitividad.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak