Lurralde Plangintzak Itsasertzeko LPS berria aurkeztu du, klima-aldaketak Euskadiko kostaldean ekarriko dituen ondorioak jasotzen duen lehena

2021-06-23
  • Eusko Jaurlaritzak, aste honetan, aldundi eta udalei Itsasertzeko Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) aurrerapena aurkeztuko die; Euskadiko 63 udalerritan eta Euskadiko biztanleriaren % 58rengan izango du eragina
  • Araudi berriaren bidez, klima-aldaketaren aurreko erresilientzia sustatu nahi da eta, horretarako, 2100. urterako ahalik eta egoera txarrena erreferentzia gisa hartu, besteak beste gehieneko itsasgora 80 zentimetro areagotzea

Klima-aldaketak ekarriko dituen egoeren ondorioz, Euskadiko kostaldea eta haietako herri eta hiriak itsas mailara egokitu behar dira. Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, aste honetan, klima-aldaketaren erronkaren aurrean EAEko Litorala Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorial berriaren aurrerapena aurkeztu die Gipuzkoako eta Bizkaiko udalei eta aldundie. Itsasertzeko LPS esparru-dokumentuan ari da lanean Eusko Jaurlaritza, hiriak klima-aldaketaren aurrean eta itsas maila igotzeko aurreikuspenen aurrean nola egokitu ezartzeko.

Guztira, Itsasertzeko LPSak 63 udalerritan du eragina, alegia, Euskadiko azaleraren % 15,4rengan eta euskal herritarren % 58rengan, 1.293.000 biztanlerengan. Tarte horretan autonomia-erkidegoko etxebizitzen % 48,6 daude, eta bost jarduera ekonomiko bakoitzeko bi, besteak beste. Euskadiko kostaldea Txingudiko badiatik Kobaron muturreraino doa, eta, guztira, 275,5 kilometro ditu; horietatik, % 81 gune harritsuak edo itsaslabarrak dira, % 1 itsasadarrak edo estuarioak, % 8 hondartzak eta gainerako % 10a azpiegiturak (batik bat portuak). LPSak mareen ondorioak ere jasaten dituzten udalerriak barne hartzen ditu; haien ondorioak besteak beste Bilboko erdigunera edo Astigarragara iritsi daitezke, ibai-ibilguengatik.

Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak honako hau esan du: “20 urte baino gehiago igaro dira indarrean dagoen Litoralaren LPSa idazten hasi zenetik, eta, denbora honetan, klima-aldaketari erantzuteko premia larria sortu da. Gaur, egoerak aurreikusteko eta etorkizunerako prestatzeko gai gara, gure hiriak eta herriak kostaldean bizitzeko egokiak, seguruak eta jasangarriak izan daitezen”. 

Orain jendaurrean jarriko den etorkizuneko Itsasertzeko LPSak irizpide, jarraibide eta oinarrizko arauak jasotzen ditu, udalek haien hirigintza-plangintza egoki dezaten. Dokumentuak mareak ikusten diren puntutik 500 metroko lur-tartea eta 50 m arteko sakontasuna hartzen ditu. Bertan, Euskadiko litorala klima-aldaketara nola egokitu aztertzen da, bai eta etorkizunera begira dituen arriskuak ere; horretarako, mapak baliatzen dira, eta, haietan, inpaktuak erakusten dira zenbait egoeratan. Litoralak hondartzen, dunen eta paduren azaleraren galerari egin beharko dio aurre, itsas maila igo egingo delako; hori da klima-aldaketaren arrisku nagusia Euskadiko puntu honetan –badaude beste ondorio batzuk ere, besteak beste tenperaturaren igoera 3,1 graduan, 2100. urterako, edo euriaren intentsitatearen igoera % 10-15 bitartean–; halaber, urak herriguneak edo gune urbanizagarriak hartzeko aukeren igoerari egin beharko dio aurre.

Hiru egoera

Aurrerapenak bi urte hartzen ditu erreferentzia gisa: 2045. eta 2100. urteak. Lehenengoaren kasuan, hipotesia da itsas maila 17 zentrimetro handituko dela, eta, bigarrenaren kasuan, bi aukera jasotzen ditu. 2100. urterako bi egoera planteatzen dira: batetik, berotegi-efektuko gasen emisioena, non Parisko Akordioetan jasotako neurriak hartuko bailirateke, klima-aldaketa arintzeko; horrek itsas maila 53 zentrimetro igotzea ekarriko luke. Bestetik, egungo joera aldaezin mantentzea, neurri aringarririk gabe; horrek itsas maila 80 zentimetro igotzea ekarriko luke. 2100. urteko azken egoera hori da Itsasertzeko LPSa prestatzeko erreferentzia gisa hartzen dena.

Gaur aurkeztu den dokumentuak jasotzen du marea bizi astronomikoak –egunean bi itsasgora, lurraren, ilargiaren eta eguzkiaren arteko harremanaren ondorioz, baldintza meteorologikoak alde batera utzita– 2,69 metrokoak direla gaur egun Euskadin, 18-19 urtean behin lortzen den maximoa. 2100. urtean, muturreneko egoera kontuan hartuta, horiek 3,49 metrokoak izango dira, eta gehieneko maila horretara orain baino sarriago iritsiko da. Itsasgora meteorologikoak –marea astronomikoez gainera eta haizearen eta denboraleen eragina dutenak– 2,91 metrokoak dira, gaur egun, eta, 2100. urtean, 3,71 metrora iritsiko dira.

LPSaren aurrerapenak motibo horregatik ezartzen du egoitza- edo industria-garapen berriak uholde-eremuetan ez kokatzea, 2100. urteko egoera txarrena erreferentzia gisa hartuta. Halaber dakar hiri finkatuan hiria berroneratzeko jarduketak gehieneko marearen ondoriozko uholde-kotaren gainetik egiteko. Era berean, zenbait irtenbide jasotzen ditu, besteak beste: drainatze jasangarriak sustatzea –estalki berdeak, ur-lorategiak, zoladura porotsuak etab.– eta uholde-egoeretarako ponpaketa-sistemak eta babes-sistemak, esaterako, itsas mailak gora egin ahala, haien garaiera areagotuko duten konportak edo hormak. Bizitegi-lurzoruko 10.504 hektareatatik, 118,7k uholde-arriskua dute gaur egun, eta 290k izango dute, 2100. urtean, baldin eta klima-aldaketa arintzeko neurririk hartzen ez bada; gaur egun baino % 144,3 gehiagok. Era berean, dokumentuak litoralaren mantentze naturala nabarmentzen du, eta, horretarako, eremu batzuetan hiri-garapena galaraztea eta beste batzuetan ingurumena leheneratzeko aukera ematea.

Planak hirigune ugariren egungo egoera jasotzen du, non itsas mailaren igoerak dagoeneko uholdeak eragiten baititu; uholde horiek fenomenoa arintzen duten xukatzeko ponpen bidez arintzen dira. Planeko mapek zenbait lekutan klima-aldaketaren ondorioz izango den larriagotzea jasotzen dute, besteak beste honako udalerri hauetakoa: Bilbo metropolitarretik Getxo, Erandio, Trapagaran, Bakio eta Bilbotik Zumaia, Zarautz, Irun, Hondarribia eta beste hainbatetara doazen lekuetan. 

Olatuak direla eta –bi marea mota horiez gainera fenomeno hau ere badugu–, gaur egun uholde-arriskuko kota gainditzeko dagoen aukera % 4koa da, urtean 15 egunetan, eta 33 egun izango dira 2045. urtean eta 197 egun (% 54) 2100. urteko egoerarik txarrenean. Gaur egun olatuagatiko inpaktuaren eraginpean daude kostaldeko 19,5 kilometro, eta, 2100. urteko egoera larrienean, 23,18 kilometro izango dira; alegia, % 18,7ko igoera egongo da, eta hori bereziki nabarmena izango da Donostialdean (Ondarreta eta Zurriola) eta Urola Kostan (Zarautz eta Zumaia).

Etorkizuneko egoera horiek aintzat hartuta, Itsasertzeko LPSaren aurretiko azterlanak dakar hondartzen 143 hektareatatik, gaur egun 64,8k uholde-arriskua dutela mareengatik, eta, 2045. urtean, 69,6 hartuko dituela urak eta, 2100. urtean, egoera txarrenean, 91,4 hektarea, gaur egun baino % 40 gehiago, eta eragin handiagoa izango duela besteak beste Hondarribiko eta Ondarretako hondartzetan, eta Euskadiko kostaldean dauden batzuk desagertuko direla. Hondartza lehorraren azalera –sekula urak hartzen ez duena– 78 hektareakoa izatetik 51,6koa izatera igaroko da, alegia, % 34ko galera egongo da, eta Kontxaren, Zumaiaren edo Aiaren kasuan, % 70etik gorakoa. Urola Kosta izango da eskualde kaltetuenetako bat, batik bat Orio eta Zumaia udalerrien kasuan, bizitegi-eremuetako eta jarduera ekonomikoetako uholde-arriskuaren arazoa dela eta.

Era berean, Itsasertzeko LPSa klima-aldaketaren aurrean bereziki sentikorrak diren duna eta paduretan ezartzen da. Paduren 315 hektareatatik, egun daudenen % 25 baino ez dira geratuko 2100. urtean, egoera txarrena kontuan hartuta. Urdaibai, Butroe, Orio eta Txingudikoak nabarmentzen dira.

Parte-hartze bidezko prozesua

Aste honetako topaketen bidez, jendaurrean jartzeko prozesua irekitzen da, zeina urte-amaieraraino luzatuko baita, eta non Lurralde Plangintzak erakundeen alegazioak bilduko baititu, baina baita lurralde-elkarte, GKE, eta abarrenak ere. 2022ko udarako hasierako onarpena izatea aurreikusten da, eta 2023. urteko udarako, behin betikoa.

Orain egiten den lanak 2007. urtetik indarrean dagoen Itsasertzeko LPSa eguneratzea dakar, arau berrietara egokitzeko, besteak beste 2019an onartutako lurralde-antolamenduko jarraibideetara. Azken helburua, klima-aldaketaren aldagaia lehenengoz sartzean, arriskuei aurre egitea eta Bultzatu 2050 Hiri Agenda –bizitzeko hiri egokien aldeko apustua egiten du– eta Nazio Batuen 2030 Agenda  betetzea da, hiri inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak lortzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak