Arriolak berretsi egin du VTCen garraioa arautzen duen dekretuaren zenbait artikulu baliogabetzen dituen epaiari helegitea jartzeko borondatea
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak asteazken honetan Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak helegitea jarriko du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka, 2019an Jaurlaritzak EAEn VTC zerbitzua emateko baldintzak arautzeko onartu zuen dekretuan aurreikusitako 30 minutuko aurreabisuaren eta geolokalizazioaren debekuaren aurka jo duena. Arriolak azaldu duenez, Gobernuko zerbitzu juridikoak epaia aztertzen ari dira, eta Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko epea zabalik dago. Sailburuak azpimarratu duenez, 2019an onartutako dekretua "neurrizkoa" da, eta "oreka sortzen du taxiaren eta VTCen artean; hori berez ona da guretzat". Epaiak gaur egungo egunerokotasunean duen eragina "hutsaren hurrengoa" da, berretsi du, izan ere, dekretua indarrean sartu zenetik bertan behera geratu zen eta horrela mantendu da orain arte.
Etxebizitza Hutsen Dekretua martxan jartzeari buruz galdetuta, sailburuak azaldu du dekretua indarrean dagoela joan den ostiralean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zenetik, eta azpimarratu du udalek jada has ditzaketela hutsik dauden etxebizitzak deklaratzeko espedienteak, baldin eta bi urte baino gehiagoz etxe horiek hutsik daudela adierazten duten datuak badituzte.
Arriolak azpimarratu duenez, prozedura hori, dekretuan jasotakoa, "oso bermatzailea" da, eta udalen zeregina "funtsezkoa" dela defendatu du: "Ona da erakunde publikoek etxebizitzen funtzio soziala betetzen laguntzea, hau da, bertan pertsonak bizitzea".
Sailburuak etxebizitza hutsen jabeei azpimarratu die: "ez dugu soilik hutsik dauden etxebizitzei buruzko dekretu bat ezartzen, ordaindu beharreko kanon batekin, baizik eta etxebizitza horiek Bizigune programan egoteko aukera ematen diegu, udaren ondoren etxebizitza horiengatik ordainduko genukeen gehieneko prezioa (650 euro hilean) igoko baita. Bizigune esponentzialki hazi da azken urteotan, 6.600 pisu baino gehiago kudeatzen ditugu dagoeneko eta 33 milioi euro bideratzen ditugu aurten programa honetara ".
Espainiako Gobernuak 'Proces'eko politikariei egindako indultuen inguruan ere galdetu diote sailburuari. Gai horren inguruan, sailburua horien alde agertu da, eta adierazi du neurri ausarta eta beharrezkoa dela, baldin eta katalanen eta Kataluniaren arteko bizikidetza berreraikitzearen alde egin nahi badugu. Eta neurri honek konfidantza eta elkarrizketa berriz ere martxan jartzea bilatzen duela adierazi du. "Politikak esku hartzeko unea iritsi da", esan du.
Garraio arloari dagokionez, sailburuak azaldu du Euskadin abiadura handiko trenaren adar nagusiko lanak 2026. urtearen amaieran edo 2027. urtearen hasieran amaitzea aurreikusten dela, eta azpimarratu du soilik ordurako Gasteizen eta Bilbon trenaren integrazio lanak amaituta ez badaude, irtenbide iragankorrak planteatu beharko liratekeela. "Ez dago Eusko Jaurlaritzaren eta nire jarrerari buruzko eztabaidarik, lurperatzearen aldeko apustua mantendu egiten da", gogorarazi du, eta aldi berean esan du "zentzuzkoa" dela euskal herritarrek zerbitzu hori lehenbailehen eskura dezaten proposamenak egitea.
Ildo horretan, Bilboren integrazioan aurrera egiteko proposamena azpimarratu du, Gasteizko ereduari jarraituz; izan ere, erakunde arteko protokolo bat eta lurperatzea gauzatzeko sozietate bat osatu da dagoeneko. "Bilbon bide luzeagoa dago egiteko, konpromiso politikoetatik erakunde artekoetara igaro behar dugu, lehendabizi erakunde guztiek, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta, hala badagokio, Bizkaiko Aldundiak, aurretiazko konpromezua hartu behar dugu gasteiztarren tankerako integrazio-sozietatea eratzeko aurretiazko urrats gisa".
Donostialdeko metroaren trenbide-pasabideari dagokionez, Arriolak esan du aldi baterako enpresa-elkartearekin egindako kontratua sinatu dutela dagoeneko, eta datorren hilabetean lanak hasteko makinak eta logistika prestatzen ari direla azaldu du. Horrela, obra horren 2. zatiko lanei berrekingo die, tunela induskatzean sortutako gorabeheren ondorioz gelditu ondoren.