Berriak Segurtasuna

Josu Erkorekak eta Iñaki Subijanak lehenengo lan-bilera egin dute

2021-06-23

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakariak gaur goizean egin dute lehenengo lan-bilera, Subijana EAEJANren buru izendatu zutenetik.

Giro lasai eta atseginean egin den bileran elkarren intereseko eta laneko gaiak izan dituzte aztergai, eta, bereziki, Ertzaintzarekin zerikusia dutenak, hala nola Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako probintzia-auzitegiei atxikita dauden Polizia Judizialeko Unitate Organikoak. Alde horretatik, Erkorekak eta Subijanak adierazi dute Ertzaintzak delitu-egintzak ikertzen egiten duen lana funtsezkoa dela Euskadiko justizia-sistemak behar bezala funtzionatzeko. Horregatik, biek hitzeman dute jarraitu egingo dutela Ertzaintzaren lana sustatzen honako gaietan: agintaritza judizialari laguntzeko lanetan, agindu eta erabaki judizialak betetzea bermatzean eta benetako babes judizialerako eskubidea bermatzeko epaileek Ertzaintzaren laguntza eskatzen duten beste edozein egoeratan.

Bestalde, Josu Erkorekak eta Iñaki Subijanak gorroto-gertaerak izenekoen fenomenoaz ere hitz egin dute, gero eta gehiago salatzen baitira halako delituak. Iaz Ertzaintzak 241 gorroto-delitu erregistratu zituen Euskadin, eta hazkunde esponentziala, beraz, % 129,5ekoa izan zen, eta, orain arte egindako ikerketa enpirikoen arabera, batez ere delituak hautematean nahiz erregistratzean poliziak izandako eraginkortasun handiagoaren ondorio da hori. Ertzaintza kolektibo zaurgarriak deitzen direnen aurkako era honetako delituen inguruko formakuntza eta ezagutza lantzen ari da, eta, horrek erraztu egiten du identifikazioa, tratamendua eta datuen zenbaketa. Alde horretatik, biek adierazi dute koordinazioa eta formakuntza poliziala eta judiziala hobetzeko lanean jarraitu behar dela datuen trazabilitatea lortu arte eta, era horretara, gero eta hobeto ezagutu ahala gora egiten jarraituko duela uste den delitu-mota horri ikuspegi polizialetik eta judizialetik erantzun eraginkor eta globalagoa eman ahal izateko.

GORROTO DELITUAK 2020an

Ertzaintzak landutako datuen arabera, iaz erregistratutako 241 gorroto-delitu horietatik % 48,5 (117 kasu) arrazistak edo xenofoboak izan ziren, % 21 (50 kasu) sexu-orientazioarekin eta -identitatearekin lotuta zeuden, % 12 (29 kasu) dibertsitate funtzionalarekin, % 10etan (24 kasu) oinarria ideologia eta orientazio politikoa zen, % 7k (16 kasu) biktimaren sexuarekin zuten zerikusia eta gainerako % 2k: aporofobiarekin (2 kasu), adinarekin (kasu 1), antisemitismoarekin (kasu 1) eta sinesmen eta praktika erlijiosoekin (kasu 1).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Subijana (Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidentea)