Berriak Hezkuntza

Euskadiko Ikasleen Orkestra: Udarako “botikarik onena”

2021-06-22
  • EIO-Euskadiko Ikasleen Orkestra udako kontzertuak prestatzen hasi da buru-belarri
  • Euskadiko Musika Eskola eta Kontserbatorioetako ikasleek osatzen duten orkestra da EIO; bi proiektu hartzen ditu: EIO eta EIO Txikia
  • EIO Txikia Eibarko egonaldian ari da entseguak egiten Raffaela Acellaren zuzendaritzapean; ikasle nagusienen orkestrak horixe bera egingo du datorren astean
  • Pandemiak behartuta iaz geldialdia egin ondoren EIOren soinua udan entzungo da berriro

EIO, botikarik onena”. Horrelaxe aurkezten du bere burua Euskadiko Ikasleen Orkestrak, berehalakoan bete beharko duen udako kontzertu-programaren aurrean. Euskadiko Kontserbatorio eta Musika Eskoletako ikasleek osaturiko orkestra da EIO.

Eta ez dute denbora galtzen ibiltzeko astirik. Orkestrako anaia gazteenak, EIO Txikiak, hasi ditu dagoeneko kontzertuak prestatzeko entseguak eta egonaldia, eskolan udako oporrak hartu bezain laster. Igandetik, ekainaren 20tik, Eibarko Hezkuntza-esparruko Egoitzan daude egonaldia egiten EIO Txikiko 72 neska-mutilak (9 urtetik 14ra bitartekoak). Bertan entseguak egin ondoren, asteburuan eszenatokietarako jauzia egingo dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Tchaikovski, Vivaldi, Beethoven eta Sibelius-en lanak joko dituzte, Raffaela Acellaren zuzendaritzapean.

Astebete beranduago, gauza bera egingo dute EIO-ko nagusienek. 15 eta 19 urte bitarteko beste 72 musikari gazte hauek ere Eibarren egingo dute egonaldia ekainaren 27tik uztailaren 2ra bitartean, eta hurrengo asteburuan eskainiko dituzte kontzertuak (uztailaren 2, 3 eta 4an). Jon Malaxetxebarria zuzendari dutela, gazte hauen kontzertu egitarauan Tchaikovskiren Biolin Op 35 kontzertua eta Antonin L. Dvoraken 8. Sinfonia ageri dira.

Pandemiak behartuta 2020an etenaldia egin ondoren, aurten bai, posible izango da. Martxoan zehar entzunaldiak egin ondoren, EIOren bi orkestretan parte hartuko duten ikasleak hautatuak daude, eta kontzertuek badute datarik. EIOk bere bi proiektuen bidez egiten duen lan ona auditorioetan entzungo da berriro.

  

Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikia

Zuzendaria: Raffaela Acella

 

Egonaldia eta entseguak

Ekainak 20-25

Eibarko Hezkuntza-esparruko Egoitza

 

 

 

Kontzertua

Ekainak 26, larunbata

Kontserbatorioa-Gasteiz

19:00etan

 

Kontzertua

Ekainak 25, ostirala

Kontserbatorioa–Bilbao

20:00etan

 

Kontzertua

Ekainak 27, igandea

Musikene - Donostia

12:00etan

 

Euskadiko Ikasleen Orkestra

Zuzendaria: Jon Malaxetxebarria

 

Egonaldia eta entseguak

Ekainak 27-uztailak 2

Eibarko Hezkuntza-esparruko Egoitza

 

 

 

Kontzertua

Uztailak 3, larunbata

Kontserbatorioa-Gasteiz

19:00etan

 

 

Kontzertua

Uztailak 2, ostirala

Kontserbatorioa–Bilbao

19:00etan

 

 

Kontzertua

Uztailak 4, igandea

Musikene - Donostia

12:00etan


EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra

Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da. Hainbat espezialitatetan musika ikasketak burutzen ari diren ikasleen topagune bihurtzen da EIO, elkarrekin orkestra bat osatuz. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duen ekimen honek, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskaintzen die ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Alde batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera eman.

Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, eta adinaren arabera, proiektuak bi orkestra desberdin ditu:  

  • EIO: 15 urtetik 19ra bitarteko ikasleek osatzen dute.
  • EIO Txikia: 9 urtetik 14ra bitarteko ikaslez osatua.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak