Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik lehen aldiz gainditu du milioi bat turisten muga urteko lehen seihilekoan

2011.eko uztailak 20

Gaur argitaraturiko Eustaten datuen arabera, Euskadik 23 hilabeteko hazkunde jarraitua izan du turisten sarrerari dagokionez, eta historiako ekainik onena izan da. 

Lehen seihilekoa osorik hartuta, hoteletako sarrerak % +6,4 egin du gora eta ostatu-gauak iaz baino % +7,5 gehiago izan dira, iazkoan tope historikoa ezarri zela kontuan hartuta betiere. 

Atzerritarren turismoak indarrez jarraitzen du gorantz: % +6,1 hoteletako sarreretan eta % +9,6 ostatu-gauetan lehen seihilekoari dagokionez. 

Estatuko bisitariak ere gehitu egin dira lehenengo sei hilabeteetan, % +6,6arekin sarreretan eta % +6,5arekin ostatu-gauetan. 

Eusko Jaurlaritzak abiarazitako ekimen berriarekin uztartzen dira datu horiek, bisitarien eskari berrietara egokitzeko garaturiko hogeiren bat esperientzia aztergaitzat hartzen dituenarekin.  

2011ko ekainak tope historikoa ezarri du berriz ere euskal turismoarentzat. EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak gaur eman ditu aditzera Euskadiko hotel-establezimenduetan joan den hilean sartutako turistei buruzko datuak, eta tope berri bat ezarri du, historiako ekainik onena izan dela baieztatuta. 

Azken hilabeteko hazkundearekin, 24 hilabete jarraituko hazkundea metatu da Euskadiko turismo-sektoreari dagokionez. Etengabeko igoeren bi urte oso, 2009ko uztailetik hasita. 

Iazko ekainak maximo historikoa ezarri bazuen ere, 2011n ere gora egin du Euskadik jasotako bisitarien kopuruak, % 8, alegia (eta % 6ko gorakada ostatu-gauei dagokienez). Gainera, ostatu-gauei gagozkiela, aurten lehen aldiz gainditu da 400.000ko hesia ekainari dagokionez. 

Aurtengo lehen seihilekoaren balantze osoa eginez gero, turismo-sektorearen hazkunde harrigarria berresten duten zenbait datu ikus daitezke. Horrela, Euskadik lehen aldiz gainditu du milioi bat turisten muga lehen sei hilabeteetan. Zehazki, 1.062.371 erregistratu dira. Aurreko marka, iaz lortutakoa, % +6,4 hobetu da. 

Ostatu-gauei dagokienez, lehen seihilekoan ia 2 milioi izan dira, 1.940.466 zehazki. Iaz baino % 7,5 gehiago da hori. 

Antzeko parametroetan mugitzen dira bisitarien jatorriarekin loturiko zifrak. Espainiako turisten kopuruak % 6 baino gehiago egin du gora lehenengo sei hilabete hauetan (sarrerei zein ostatu-gauei gagozkiela), eta atzerritarrenak ere gora egin du: % +6,1 sarreretan eta % +9,6 aipagarria 2010. urtearekin alderatuta. 

Lehen seihilekoan zertxobait egin du gora Euskadiko hotel-establezimenduetako batez besteko egonaldiak, iazko 1,80 gaueko erreferentziatik 1,82 gaueko erreferentziara igarota. Hotel-plazen araberako okupazio-maila ere hazi egin da. 2011ko aldi honetan % 41,02ra iritsi da, iazko lehen seihilekoaren % 38,05aren gainetik. 

Esperientzia berriak 

Eusko Jaurlaritzak ekimen berriak abiarazi izanarekin uztartzen dira datu bikain horiek. Berriki izandako Euskal Turismoaren 2010-2013 aldiko Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren aurkezpenaren ondoren, Euskadira iristen diren turistei eskaintzeko hogei esperientzia baino gehiago garatu dira. Horrela, bisitarien eskari berrietara egokituko da eskaintza, paisaiak ikuste eta ibilbideak egite hutsa baino zerbait gehiago bilatzen baitute bisitariek, Euskadiko hainbat leku eta bizimodu hurbiletik ezagutzeko asmoarekin. Gauzak horrela, bisitatzen gaituenaren leialtzea gehitu nahi dugu. 

Tokiko agenteen lankidetzarekin, honako hauek izan dira martxan jarritako esperientziak: 'Euskadiren erroak: Gernika', 'Katedral baten sekretuak: Santa Maria Katedrala', 'Gastronomia arte bihurturik: ikasi Daniel Garcíarekin', 'Euskadi jatorrizko bertsioan: baserriko bizimodua. Bizi zaitez euskal familia batean', 'Bestelako begirada. Uki ezazu zerua Gasteizen', 'Barruan daramazun chefa', 'Flyscharen ibilbidea: bidaia zirraragarria denboran zehar', 'Ardoaren kultura, upategiz upategi', 'Kantauri Itsasoko perla' eta 'Gora bihotzak: Aitzgorri, tontorrik garaiena'. 

Horiei guztiei beste honako esperientzia hauek gehitu zaizkie berriki: 'Bilbo zure oinetan', 'Euskadiko benetako pintxoak', 'Ordiziako azoka', 'Hiru izarreko dastaketa', 'Balmaseda, egin ezazu zeure eltzekoa', 'Aiaraldea, txakolinaren ahogozoa', 'Gastronomia tailerra: berrikuntza', 'Pintxoak egiten hasteko ikastaroa', 'Txangoak itsaso zabalean', 'Txakolina Bakion', 'Burdinaren ibilbidea' eta 'Lekeitio arrantzalea'. 

Euskal turismoak azken hilabeteetan planteaturiko beste ekintza batzuei gehitzen zaizkie ekintza horiek. 2010. urtean marka turistiko berria diseinatu zen, baita 'Euskadi goza ezazu' 'claim' (lelo) berria ere. Era berean, Jaurlaritzak Marketin Plan bat du abian, sustapen-politika berriekin eta Euskadiko turismo-produktuen definizio berri batekin, gure potentziala sendotzeko aukera ematen duena. Horrekin batera, Euskadi atzerrian sustatzeko Turespañarekin izandako lankidetzaren emaitza positiboak nabarmentzen dira; hain zuzen, martxoan berritu da lankidetza hori eta 2011. urterako zenbatekoa bikoiztu egin da. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 20a 

 

Iruzkin bat
  • @Jastorquiza
    2011.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    Euskadi supera por primera vez el millon de turistas en el primer semestre del ano http://t.co/4lE5aRM y todos bajo el agua, qué valientes !

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan