Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Onda Vascan

2021-06-22

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Onda Vascako "El primer café" saioan. Bertan, hezkuntzari, amaitu berri den ikasturteari eta zuzentzen duen Sailari buruzko hainbat gai jorratu ditu.


2020-2021 ikasturtea amaituta, Bildarratzek berretsi egin du hezkuntza-komunitateak urte zail honetan lortu duen nota altua: bikain 9,9. Sailburuak azpimarratu du euskal hezkuntza-komunitateak, hezkuntzako profesionaletatik eta ikasleetatik hasi eta familien ganaino, erresilientziarako eta erronkei aurre egiteko gaitasun handia erakutsi dutela. “Guztiek eman dute daukaten onena", esan du. Baina administrazioen lana ere goraipatu nahi izan du; udalena, ikastetxeekin erabat inplikatu baitira, edo Eusko Jaurlaritzarena ere bai, beharrezko baliabideak eman baititu. Baliabide horien inguruan, Bildarratzek azpimarratu du euskal gizarte osoak jarri dituela baliabide gehigarri horiek, baina  hezkuntza sistematik gizarteari ere itzuli diola onura, ikasgeletako presentzialtasuna eta ikastetxeekiko konfiantza bermatuz, horrela familia kontziliazioa erraztu baita.

Ildo horretan, Hezkuntza sailburuak adierazi du zuzentzen duen Saila ebaluatu eta aztertzen ari dela 2020ko martxotik Covid-19k ikasleen emaitza akademikoetan izan duen eragina, azken hilabeteetan, urtebete baino gehiagoan, kezka protokoloetan eta osasunean egon baita, hezkuntza-gaietan baino gehiago. Sailburuak aurreratu du pandemiak eraginen bat izan dezakeela, baina neurri egokiak aplikatuta ikasleen eskola-ibilbidean garrantzi handiegirik ez izatea espero duela adierazi du.


Datorren ikasturterako Covid-19ren aurkako protokoloei dagokienez, Bildarratzek Hezkuntza eta Osasun Sailak mantentzen ari diren zuhurtasun-irizpidea berretsi du, eta azaldu du ikasturte berriaren hasierarako orain amaitu den ikasturtean izan diren neurri ia berberei eusten zaiela direla, malgutasun txikiekin. Zehaztu du, bilakaera epidemiologikoaren edo ikasleen txertaketaren arabera, neurri horiek are arinagoak izan daitezkeela. Hala ere, baieztatu du ikasturte honetarako ikastetxeetara bideratu diren aparteko baliabideei eutsi egingo zaiela 2021-2022 ikasturtean ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak