Turismo industriala protagonista Reyes Maroto Ministroak Euskadira egindako bisitan

2021-06-21
  • Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministro Reyes Maroto Euskadira etorri da eta bertan turismo industrialaren hainbat baliabide industrial bisitatu ahal izan ditu Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadorekin batera

Reyes Maroto Ministroak Euskadira egindako bisita dela eta, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bisitak antolatu ditu turismo industrialaren hainbat baliabidetara. Bisita horietan lagun izan ditu Gobernuko ordezkari Denis Itxaso, Gobernuko ordezkari Bilbon Vicente Reyes eta Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Goyo Zurro.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan eta Concha II Meatzean hasi da bisitaldia; Bizkaiko Abanto-Zierbanako udalerrian kokatuak. Concha II meatzea Intereseko Kulturaleko Ondasun deklaratua dago, eta lehen Gallarta herria zegoen lekuan dago kokatua. Ondare industrialaren aktibo garrantzitsuenetako bat da, eta Euskadiko Turismo Industrialaren sarean barne bildutako turismo-baliabide bat.

Ondoren, Muskizeko El Pobal Burdinolara joan dira; XVI. mendeko burdinola, non olagizon maisuak erakustaldi bat egiten duen hainbat erreminta, besteak beste, iltzeak eta ezpatak, antzina nola lantzen ziren ezagutzera emateko.

Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministro Reyes Marotok adierazi duenez, turismo industriala alderdi garrantzitsua da "Espainiako aberastasun turistikoan, ondare-baliabide industrialen multzo nabarmen bat hartzen duelako barruan". Horregatik, ondare hori ikuspegi turistikotik balioan jartzearen alde agertu da, lagundu egiten baitu “dibertsitate turistikoan eta bere lehiakortasunean”.

Sailburuak eskertu egin ditu ministroaren bisita eta Ministerioaren lankidetza Euskadirekin, zeren eta “instituzioen arteko koordinazioarekin bakarrik egin ahal izango baitiogu aurre pandemiak ekarri diguna bezalako krisi bati, eta horrek bideratuko gaitu erreaktibazioko fase batera, non funtsezkoa izaten jarraituko duen kooperazio horrek”.

Turismo industriala Euskadin

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2018an ekin zion turismo industrialaren produktua bultzatzeko lanari, helburu hartuta balioan jartzea ondare-baliabideak eta euskal memoria industriala, bere historiaren funtsezko osagaitzat hartuta, eta baita tradizio industriala errebindikatzea ere, elementu egituratzaile eta interesgarri gisa turismoaren eremuan.

Hartara, Euskadiko Turismo Industrialaren Nazioarteko Astea jarri zuen martxan, Reyes Maroto ministroak berak inauguratua, eta berekin ekarri zuena Euskadiko Baliabide Industrialen Sarea sortzea, baliabide garrantzitsuenak bildu eta koordinatzea, eta baterako ibilbideak eta proiektuak sortu ahal izatea helburutzat hartuta.

Gainera, Euskadi Ondare Industrialaren Europako Ibilbidean ERIH (European Route of Industrial Heritage) sartu zen eta anchor point gehien dituen Autonomia Erkidego bihurtzea lortu du, hiruren ziurtagiria eskuratu baitu orain arte: Enkarterri (Balmaseda), Trenbidearen Museoa (Azpeitia) eta Gesaltza Añana. Anchor Point-ak aparteko garrantzia duten lekutzat hartzen dira historia industrialari dagokionez, non esperientzia berritzaile eta kalitate handiko bat eskaintzen zaion bisitariari.

Turismo industriala garrantzizkoa da helburu hauek lortze aldera: turismo-fluxuak Euskaditik banatzea, bereziki turismoaren inpaktu gutxien duten lekuetan; Euskadin turisten batez besteko egonaldia luzatzea, eskaintzaren dibertsifikazio handiagoarekin; eta desestazionalizatzea, ez baita udaldietara lotutako eskaintza bat, eta modu horretan turismo jasangarriago eta eutsigarriago bat lortzen laguntzen da.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak