Bingen Zupiriak eman dio hasiera “Euskararen familia bidezko transmisioa: ezaugarriak, egoera eta bilakaera” udako ikastaroari

2021-06-21
  •  Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak sustatutako ikastaroak bi egunez hizkuntzaren familia bidezko transmisioaren garrantzia aztertu nahi du
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak azpimarratu duenez, familia bidezko transmisioa euskararen biziberritze prozesuko lehen urrats garrantzitsuenetako bat da

 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eman dio hasiera gaur, EHUren Udako Ikastaroen barruan, “Euskararen familia bidezko transmisioa: ezaugarriak, egoera eta bilakaera” ikastaroari Donostiako Miramar Jauregian. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuko ikastaroak honako galdera hauei erantzun egokia ematea du helburu:

  • Zein dira hizkuntza-hautua egiteko arrazoiak?
  • Zein dira euskararen alde hizkuntza-ohiturak aldatzeko zailtasunak?
  • Zein eragin du familiak, lagunarteak, testuinguru soziolinguistikoak edota lan-giroak hizkuntza-ohituren aldaketan?
  • Nola aldatzen dira hizkuntza-ohiturak denboran zehar? (Bikotekideen arteko hizkuntza-aldaketa, bikotekideen eta seme-alaben artekoa, seme-alaben artekoa)
  • Zein dira gakoak euskararen familia bidezko transmisioa indartzeko? 

Ikastaroak hizkuntzaren familia bidezko, belaunez belauneko transmisioaren garrantzia azpimarratu nahi du. Euskara biziberritzeko, familia bidezko transmisioak duen garrantziaz jabetuta, ezinbestekoa da familia-mota bakoitzaren jokabideak ezagutzea, baita jokabide horien atzean egon daitezkeen zailtasunak, aukerak eta aldagaiak (gune soziolinguistikoa, adina, jatorria...) identifikatzea ere. Eta horixe da ikastaroan aztertuko dena. 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere hasierako hitzaldian nabarmendu duenez, “familian euskararen transmisioa egiteak esan nahi du bizitza garaikide honetan, gizartean balioa eman diogula aitortzea; esan nahi du haur eta gazte horren hizkuntza gaitasunean, erabileran eta jarreretan positiboki eragiteko hautua hartu dugula; eta beraz, euskararen biziberritze prozesu honetako lehen urrats garrantzitsuaren aurrean gaudela. Hezkuntza formalean jaso eta barneratuko duen hizkuntzaren abiapuntua ingurune intimoagoa duen familian hasiko dela. Eta horrek lagunduko duela gainerako ekosisteman ere euskararen aldekotasunean nahiz erabileran”. 

Zupiriak gaineratu duenez, “ikerketa eta praktika askotarikoek erakusten digute euskararen erabileran eragiten duten faktore nagusiak direla ingurune soziolinguistikoa eta hiztunaren gaitasun erlatiboa. Hiztun gaituak euskara erabiltzeko aukera gehiago izango ditu saretua dagoen ingurune euskaldunean, eta horrek lagunduko dio bere gaitasunean aurrera egiten. Elkar elikatzen duten bi ardatz dira. Eta bi ardatz hauek zuzenean eragiten dute familia transmisioan ere. Hori erakutsi digute ikerketek. Familia transmisioan eragiten duten aldagai nagusiak direla ingurunea eta gaitasun erlatiboa”.

Ikastaroa

Gaur eta bihar egingo da “Euskararen familia bidezko transmisioa: ezaugarriak, egoera eta bilakaera” ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian. Bi egunez, arlo desberdinetako adituek familian hizkuntzaren transmisioak duen garrantzia aztertuko dute. Bertako egoera aztertzeaz gain nazioarteko adibideak ere ezagutuko dira eta bihar, besteak beste, Galestar hizkuntzaren transmisioa eta erabilera familietan aztertuko da Galesko gobernuko ordezkari batekin.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak