Tolerantziaren eta kulturartekotasunaren ospakizuna, Bilbon, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean

2021-06-20
  • Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzaren Babes Komunitario programari atxikitako Siriako bost familiek parte hartu dute; programa aitzindaria da Europan
  • Dantzak, kalejirak, euskal-arabiar musikak, herri-kirolen tailerrek txikienekin eta agurrak –oso berezia– Bilboko Funikularreko plaza kulturartekotasunaren adibide bilakatu dute
  • Beatriz Artolazabal sailburuak Babes Komunitario programa beste bi urtez luzatuko dela iragarri du, eta herritarrak animatu ditu “beldurrak eta aurreiritziak alde batera uztera”

Bilbo, 2021/06/20

2019ko martxoaren 26an, Siriako bost familiak lehen aldiz zapaldu zituzten Euskadiko lurrak. Jordaniako birkokatze batetik zetozen, nekatuta, ziurgabetasunez beteriko ibilbidea egin ondoren. 29 helduk eta 16 adingabek bizileku berria aurkitu zuten Bilbon, Arrigorriagan, Portugaleten, Andoainen eta Vitoria-Gasteizen. Gaur, berriro batu dira Bilboko Funikularreko plazan, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna ospatzeko; ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu du.

Majed Arar eta Khatoun Alsalloum; Minwer Albashan eta Wafaa Alazarah; Yousef Almasri eta Azezah Alnabelsi; Ali Mohammad eta Adibeh Mfaddi, eta Sarwa Abdulrazzaq beren seme-alabekin izan dira, eta jai-giroa partekatu dute Euskadiko harrera-familiekin.

Dantza eta herri-kirolen tailerrak egon dira, txikienekin. Gainera, Salbatzaile Dantza Taldeak, Castaños auzoko taldeak, eta Musta Cuartet-en euskal-arabiar fusioko musikak tolerantzia eta kulturartekotasuna nagusi izan diren giroa sortzen lagundu dute.

Unerik hunkigarrienetako bat izan da Salbatzaileko bi dantzariak, agurra egiten ari zirela, geratu eta dantzaren azken zatian Siriako familia parte-hartzaileetako kide batzuk sartu dituztenean.

Baina, zalantzarik gabe, txalorik beroenak José Luis Etxebarriak jaso ditu, 91 urteko gerrako ume batek; bere esperientzia kontatu du, errefuxiatu izan zenean Frantzian eta Belgikan. Barakaldar horren iritziz, “esker onekoak izan behar dugu”, eta, gu hartu gintuzten modu berean, “geuk ere hartu behar ditugu”.

 Babes Komunitarioa

Bost familia siriar 2019ko martxoan iritsi ziren Euskadira, Babes Komunitarioa programari esker; programa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dago.

Haiek programa pilotu batean parte hartu zuten; programa Kanadako ereduan oinarrituta sortu zen. Babes Komunitarioa programa aitzindaria da Europan, eta Bruselaren interesa piztu du; izan ere, eskatu du, dagoeneko, Euskadiko programaren garapenari buruzko informazioa. Halaber, interesa piztu du beste autonomia-erkidego batzuetan, besteak beste Valentzian eta Nafarroan; in situ aztertu dute nola garatu.

Babes Komunitarioa pertsonen elkartasunean oinarritzen da; pertsonak errefuxiatuentzako funtsezko euskarri bilakatzen dira. Laguntza soziala, materiala eta finantzarioa dela eta, egokitzapena eta integrazioa askoz ere errazagoa da, kultura eta ohitura desberdinak gorabehera, baina, nagusiki, hizkuntza erabat ezezaguna izanik ere.

ACNURek proposatu zien Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari esperientzia pilotu bat martxan jartzea, haren garapenak, ebaluazioak eta dokumentazioak beste autonomia-erkidego batzuentzat eta beste herrialde batzuentzat ere eredu izateko.

Duela bi urte, Siriako bost familiak iritsi zirenean, bost boluntario-talde ere aktibatu ziren, Babes Komunitarioko tokiko-talde izenekoak, eta haiek arduratu ziren familia horien harreraz eta udalerrietan finkatzeaz.

Jakina, Caritaseko eta Ellacuria Fundazioko kideek, programaren kudeatzaileek eta familia boluntarioen koordinatzaileek ere parte hartu dute ekitaldian.

Programa bi urtez berritzea

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren ospakizunean izan da, ACNURren Espainiako Gobernuan duen arduradun gorenarekin batera. Funikularreko plazako ekitaldietan parte hartu aurretik, biek egin dute topaketa pribatu bat, eta, hartan, migratzaileek Europan bizi duten egoerari buruzko iritziak partekatu dituzte elkarrekin.

Agertokian izan denean, sailburuak esan du Siriako familia horiek “euskal herritar berriak” direla, eta euskal herritarrei eskatu die “beldurrak eta aurreiritziak alde batera uzteko eta burua irekitzeko”, “beste kultura batzuk ezagutzea eta bizitzari aurre egiteko beste modu batzuk ezagutzea zer aberasgarria den konturatzeko”.

Artolazabalek bere esperientziaz hitz egin du, izan ere, bere alabetako batek txikitatik du jatorriz magrebtarra den lagun bat: “Adiskidetasuna nolako naturaltasunez daramaten ikusteak pentsarazten dit helburua, partekatzea, posible eta errazagoa dela, baldin eta batzen gaituena bilatzen badugu”.

Hori horrela, sailburuak Babes Komunitarioa programaren luzapena iragarri du, beste bi urtez. “Gaur, inoiz baino gehiago, beharrezkotzat jotzen da nazioarteko babesa behar duten pertsonentzat Europar Batasunera sartzeko legezko bideak babesteko, areagotzeko eta dibertsifikatzeko erantzukizuna partekatzea”, esan du, eta, aldi berean, beren herrialdeko gatazken edo jazarpenaren ondorioz lekualdatutako 90 milioi pertsona daudela gogorarazi du.

Bestalde, Sophie Mullerrek aitortu du Babes Komunitarioa inspirazio eta eredu izan dela beste autonomia erkidego batzuetan antzeko programak martxan jartzeko". ACNUReko ordezkari nagusiak esan duenez, "horrelako programek konponbide iraunkorra lortzen laguntzen dituzte, gizarte zibilaren laguntzaren eta inplikazioaren bidez gizarteratzea eta kohesio soziala indartzen baituzte".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak