Elkarlan Sariak
Berriak
qrcode

Eraso sexistarik gabeko uda aldarrikatuko dute euskal erakundeek Beldur Barik programaren bidez

2021-06-18
  • Emakundek, foru-aldundien eta EUDELen laguntzarekin, bultzatzen duen programak uda garaian errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jarrerak bultzatzeko kanpaina abiatu du
  • Kartel bat eta eraso sexistak prebenitzeko gida jarri da udalen eskuetan
  • Neskei zuzendutako autodefentsa ziber-feministari buruzko tailer bat eta mutilei zuzendutako ligoteo sanoari buruzko beste bat jarri dira martxan

 

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan, gazteen arteko indarkeria sexista prebenitzeko sustatutako Beldur Barik erakunde arteko programaren barruan, udalen artean "Eraso sexistarik gabeko uda" izeneko materialak zabaldu dira, udan errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak bultzatzeko.

Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, “eraso sexistak prebenitzea guztion kezka da: herritarrena eta erakundeena, bereziki tokiko eremuko erakundeentzat, hiritarrengandik gertuen daudelako. Helburua da jarrera aktiboa sustatzea gazteen artean emakumeak errespetatzen ez dituen edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra eta errespetua, berdintasuna eta autonomian oinarritutako jarreren alde. Hiritar guztiei ere egiten zaie deia euren inplikazio eta jarrera aktiboarekin, udan jarrera sexistarik gabeko espazioak sortarazten laguntzeko”.

Materialen artean, kartel bat, “Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak” izeneko gida eta udako kanpaina honen barruan antolatu diren bi tailerren inguruko informazioa eta kartelak bidali zaizkie: mutilei zuzendutako ligoteo sanoari buruzko tailerra, Peio Saez de Lafuentesek eta Javi Molinak eskainiko dutena ekainaren 30ean 12:00etatik 13:30ak bitartean (Izen-ematea doakoa da eta honako esteka honetan egin ahal izango da ekainaren 25era arte: bit.ly/LigoteoTailerra), eta neskei zuzendutako ‘Autodefentsa Ziberfeminista’ tailerra, Emoki elkarteak eskainiko duena uztailaren 1ean 12:00etatik 13:30ak bitartean zoom plataformaren bidez (Izen-ematea doakoa da eta honako esteka honetan egin ahal izango da ekainaren 25era arte bit.ly/AutodefentsaZiberFeminista). Honekin batera, Beldur Bariken irudiarekin musukoak, txapak eta telazko poltsak egiteko proposamenak ere bidali zaizkie eta baita spotifyko kantuen zerrenda bat.

Udalei bidalitako material hauekin, indarkeriaren kontrako irudi bateratu bat bilatzeaz gain,  lortu nahi  da herrietan lan-prozesu ezberdinak sortzen joatea,  gazteekin,  aisialdi-giroetan eman daitekeen indarkeria sexuala antzemateko, prebenitzeko eta hari aurre egiteko banakako zein taldeko erantzunak garatzeko.    

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)