qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2021/06/25)

2021-06-25

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Luis Javier Tellería Orriols Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurrien legeak pandemiaren kudeaketari egiten dion ekarpenari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Lege berriak itxaropena indartzen duela, zuhurtzia gogorarazten duela eta orainaldian eta etorkizunean lagunduko duela. "Itxaropen eta zuhurtzia une bat bizi dugu. Onena espero dugu, baina erne egon behar dugu, prebentzio arduratsuari eutsiz ", gaineratu du.

Urkulluk gogorarazi duenez, duela bi hilabete, intzidentzia-tasa 546ra iritsi zen, eta gaur egun 100 da; eta UCIko oheen okupazioa 195ekoa izan zen, eta gaur egun 35ekoa da; gainera, sei hilabetean 1.200.000 pertsonak txertoaren dosi bat jaso dutela eta horietatik 800.000 lagunek jarraibide osoa dutela azpimarratu du. "Talde immunitatera hurbiltzen ari gara. Uda honetan lortuko dugu ", adierazi du.

Lehendakariak eskerrak eman dizkie Elkarrekin Podemosi, Alderdi Sozialistari eta Euzko Alderdi Jeltzaleari, lege hau onartzean erakutsi duten espiritu ireki, eraikitzaile eta lankidetza praktikoagatik, bai eta EHBilduri eta Alderdi Popular-Ciudadanosi ere, beren jarrerak gorabehera, beharrezkotzat jo baitute lege hau.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, urte politikoaren balantzeari buruz.

Urkullu lehendakariak adierazi du Legealdiaren orain arteko balantzea positiboa dela; izan ere, besteak beste, birusaren transmisioari eustea lortu da, eta hazkundea eta enplegua suspertzen ari dira. Gainera, euskal gizarteak hori berresten duela azpimarratu du, eta horrek "egunez egun hobetzen jarraitzera bultzatzen gaitu".

Hala, euskal herritarrek emandako iritziak partekatu ditu; alde batetik, eta Eustatek 2020an egindako "Gizarte-ongizateari buruzko azterlanean" jasotakoaren arabera: "Euskal biztanleriak bere bizitzarekiko duen gogobetetasuna 10etik 7,6koa da. Pandemiaren urtea izan arren, hobetu egin da 2014ko 7,1etik ". Bestalde, 2021eko ekaineko "pandemiaren kudeaketari buruzko azterlanak" honako hau adierazten du: "Euskal herritarren % 77k Osakidetza oso ondo edo bikain gisa kalifikatzen du, % 12k gainditutako batekin eta % 5ek soilik ematen dio suspentso bat", "Herritarren % 96k osasun-profesionalen jarduera ontzat ematen du" eta "herritarren % 82k onesten du Eusko Jaurlaritzak pandemia horretan egindako kudeaketa".

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, lortu nahi den estatus politiko berriari buruz.

Iñigo Urkulluk azpimarratu du, lehendakari gisa, bere erantzukizuna autogobernu aitortua babestea dela, eta, adierazi duenez, "bete ez ezik, gure autogobernua eguneratu ere egin behar da". Lehandakariak adierazi du onuragarria dela Euskadiren etorkizuneko estatus politikoaren inguruko eztabaida Legebiltzar honetan abian jartzea, eta berretsi du, bere aldetik, ahal duen guztia egingo duela akordio berri hau ahalik eta gehien zabaltzeko. "Penatuko nintzateke prozesu honetatik kanpo geratuko bazinate, iraganean ainguratuta", adierazi du.

"Autogobernu gehiago eta hobea egonkortasunaren eta bizikidetzaren sinonimo da, gure gizartearen ongizatea eta bizi-baldintzak hobetzen lagunduko du. Horretarako balio behar du gure autogobernua eguneratzeari buruzko eztabaidak", adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Bilboko merkataritzaren eta turismoaren sektoreari Eurokopa ez ospatzeagatik eman beharreko kalte-ordainari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du zorroztasunez eta gardentasunez jokatu dela, osasun publikoa lehenetsiz. Hala, Eurokopako partiduak Bilbon hartzeko baldintzak osasun agintariek zehaztu eta UEFAri apirilaren 18an jakinarazi zizkiotela argitu du.

Iñigo Urkulluk adierazi duenez, lortutako azken akordioa ona da alde guztientzat, UEFAtik eta euskal erakunde sustatzaileetatik hasita, eta onuragarria da zentzu guztietan: alde batetik, UEFAk 1.300.000 euro ordaintzen dizkie euskal erakundeei, eta horrekin konpentsatu egiten ditu hautagaitza aurkezteak eta prestatzeak eragindako gastuak. Gainera, UEFAk Europako bi final jokatuko ditu Bilbon: Europa Leagueko finala eta emakumezkoen Champions txapelketa 2024an eta 2025ean. Era berean, UEFAk publikoki aitortu du euskal erakundeek urte hauetan guztietan egindako kudeaketaren seriotasuna eta koherentzia, 2014tik aurrera, pandemiaren azken urte eta erdi hau barne.

"Lortutako akordioa jasotako bermerik onena da", gaineratu du.

Iruzkin bat
  • 2021-06-28

    Así, compartió las opiniones del pueblo vasco; por un lado, y según el Estudio de Bienestar Social 2020 de Eustat: "La satisfacción de la población vasca con su vida es de 7,6 sobre 10. A pesar del año de la pandemia, ha mejorado desde el 7,1 de 2014". Por otro lado, el "estudio de gestión de la pandemia" de junio de 2021 afirma: "El 77% de los vascos califica a Osakidetza como muy buena o excelente, con un 12% la aprueba y solo un 5% la suspende", "el 96% de los ciudadanos califica la salud profesionales "El 82% de la población aprueba la gestión del Gobierno Vasco de esta pandemia".De dónde han sacado está encuesta? Y que diga la consejera que preferimos las consultas telefónicas, tiene bemoles. Y cerrando ambulatorios. Debe ser una broma

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak