Zallako alkatea eta URAko zuzendaria Aranguren auzoa Kadaguako ur-goraldietatik defendatuko duen eraikuntza-proiektuaren jarraipena egiteko bildu dira

2021-06-18

Juanra Urkijo Zallako alkateak eta Antonio Aiz URAko zuzendariak bilera egin dute,  gaur, Aranguren auzoa Cadagua ibaiaren ur-goraldietatik defendatuko duen eraikuntza-proiektuaren definizioaren jarraipena egiteko.

URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikiak, otsailean lizitatu zuen Zallako Aranguren auzoaren parean Cadagua ibaiaren uholdeei aurre egiteko proiektua idazteko kontratua: 129.040 €tan, gehi BEZa, eta esleitu eta gero, 8 hilabeteko iraupenarekin.

Kontratu hori esleitu berri denez, bileraren helburu nagusia izan da proiektuko lanen idazketaren jarraipena egitea eta Udalak horri buruz Ingeniaritzari bidali behar dion informazioa aztertzea.

Jakina denez, jarduketa horrek, gainera, Estatuko administrazio zentralaren esku-hartzea eskatzen du, ADIFen bitartez, Bizkaiko Zalla udalerria zeharkatzen duen bide-sarearen zubietako batean.

Arangurenen egin beharreko lanen helburua da ibilguari zabalera handiagoa ematea, ibaiertzak etxebizitza-, industria- eta azpiegitura-eraikinek okupatzearen ondorioz sortutako estugunea saihesteko, eta ur-goraldiek pertsonei eta ingurune hurbileko erabilerei eragiten dieten kalteak murrizteko.

Horretarako, obrak osorik eraikitzeko proiektua idazteko lanak hasiko dira orain, azterketa hidrauliko batean oinarrituta. Horri esker, fluxu-sekzioa handitu ahal izango da, egungo estugunea saihestu, ezohiko uraldietarako ibilgu osagarriak sortu, eta eremuan dagoen presa txiki bat murriztu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak