Bilbon trena lurperatzeko erakundeek hartutako konpromisoak protokolo batean jasotzea proposatu du Arriolak

2021-06-18

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak Bilbon abiadura handiko trena lurperatzeari buruz hitz egin du Herri Irratian gaur goizean. Berak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak trena lurpean sartzea zalantzan jarri ez dutela ziurtatu du, Eusko Jaurlaritzak irtenbide horrekin iraganetik daukan konpromisoa azpimarratu du eta administrazio autonomikoak %25a finantzatuko duela gogorarazi du.

Arriolaren esanetan, Euskal Y-aren trazaduraren amaierak eta Bilboko integrazio lanek denboran bat egiten badute, ez litzateke beharrezkoa izango plan iragankorrak planteatzea. Baina hori horrela ez bada, eta denborak bat ez badatoz, lurperatze-lanak bateragarriak izan daitezkela behin-behineko irtenbideak bilatzearekin esan du, lur azpiko lanak egiten diren bitartean.

Nolanahi ere, sailburuak azaldu du Bilbon trena sartzeko gai askotan aurrera egin behar dela, Gasteizen dagoeneko eman diren pausoekin, lurperatzearen aldeko konpromiso instituzionala gauzatzeko. Horren harira, Arriolak aurreratu du Garraio Ministerioari protokolo bat sinatzea proposatuko diola, parte hartzen duten erakunde guztiek konpromiso horiek islatzeko, baita finantza-konpromisoak ere. "Ona litzateke konpromiso hori berrestea", gaineratu du.

Gasteizen bada elkarte bat eratuta, eta bertan daude lanean Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta hiriko Udala. "Bilbon ere jarraitu beharreko eredua da hau", adierazi du sailburuak. Protokoloa lurperatzean parte hartu nahi duten erakunde guztien artean dagoen konpromiso hori formalizatzeko modua izango litzateke. Trena Bizkaiko hiriburuan integratzeko sozietatea eratu aurreko urratsa dela azaldu du.

Etxebizitza hutsei buruzko dekretua

Sailburuak azaldu duenez, gaur bertan argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak etxebizitza hutsen dekretua. Arau berri honek etxebizitza hutsen parke pribatua mobilizatzeko tresnak abian jartzen ditu, hala nola kanon bat. "Kanonak ez du diru-bilketarako asmorik, haren helburua da bere egitekoa, familia bat bertan bizitzea, betetzen ez duen etxe bat merkaturatzea baizik; Jaurlaritzan jada jabe partikularren etxebizitzak kudeatzen ditugu: etxebizitza eskaintzen digute, errenta ordaintzea bermatzen diegu, akatsen bat baldin badago, konpondu egiten dugu Bizigune programaren bidez: bermeekin eta segurtasunarekin alokatzeko aukera bat da".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak