Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak iragarri du LABIren gaurko bileran hainbat neurri berrikusi eta, agian, malgutuko direla

2021-06-18

Euskadi Irratian elkarrizketatu dute Iñigo Urkullu Lehendakaria eta gaurkotasuneko zenbait gairi heldu die bertan

Iñigo Urkullu Lehendakariak iragarri du gaur arratsaldean ospatuko den LABIren Aholku Batzordearen bileran hainbat neurri berrikusiko direla, eta, agian, malgutuko direla; betiere atzo Batzorde Teknikoak emandako irizpena aztertu ondoren. Hala ziurtatu du gaur goizean Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean. Bertan, gaurkotasuneko hainbat gairi buruzko galderak egin dizkiote Lehendakariari.

Maskararen inguruan galdetuta, Lehendakariak onartu du maskara erabiltzea deserosoa dela berarentzat ere, baina aitortu beharra dagoela eraginkorra dela. "Berandu baino lehen izan liteke maskararen erabilera arintzeko erabakia. Agian maskarak kanpoaldean arintzea izan liteke baina barrualdean beharrezkoa izango da erabiltzen jarraitzea", esan du.

Udari begira, tentuz jokatzeko deia egin du lehendakariak, nahiz eta egora baikorra den. “Neurriak diren heinean zorrotz bete behar ditugu”, gaineratu du.

Lehendakariak adierazi du, azken hilabeteetan neurri batzuk hartu behar izan direla, eta hainbat sektoreri kalte egin diela, baina gogorarazi du baliabideak, diru-laguntzak, jarri direla. “Guztira EAEn, 5.000 milioi eurotan finkatu genezake diru laguntzak. Espainiako beste erkidegoetan, Euskadiko pareko laguntzarik izan ote da?”, zehaztu du.  

Pandemiaren aurkako Legearen inguruan, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Covid-19aren pandemia oraindik ez dela amaitu eta berme juridikoak eskaintzen dituzten tresnak beharrezkoak direla, “orain arte izan dugun eskarmentua kontuan izanik”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak