Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak gogorarazi du, neurriak lasaitzearen aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa dela oinarrizko prebentzio-arauak betetzea

2021-06-18
  • Lehendakariak iragarri duenez, kutsatzeen intzidentzian eta ospitaleko presioan beheranzko joera berresten bada, "beste urrats bat aplikatuko da neurrien modulazioan, edo osasun larrialdia bertan behera uztea aztertuko da”

Gaurko bileranLABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta LABIren Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta Biziberri III Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak aintzat hartuta, indarrean dagoen Dekretua berritzea erabaki du, neurriak malgutzeko, egoera epidemiologikoak hobera egin baitu.

Lehendakariak bere agerraldian adierazi du egoerak hobera egiten duen heinean, neurri murriztaileak pixkanaka modulatu behar direla, gizarte-jarduera berreskuratzea errazteko. Hala ere, nabarmendu du, neurriak zenbat eta malguagoak izan, orduan eta beharrezkoagoa dela oinarrizko prebentzio neurriak betetzea. Zentzu horretan, itxaropenaren eta zuhurtziaren uda izango dela azpimarratu du. "Azken txanpan gaude. Borroka gogor hau irabazi behar dugu, atzerapausorik gabe. Konfiantza osoa dut euskal gizartearen konpromisoan ", gaineratu du.

Lehendakariak argitu du neurrien modulazioa LABIk aurreko bileran ezarritako bi irizpideak betetzearen ondorio dela: intzidentzia tasa 150 azpitik egotea eta ZIU-ak 2garren agertokian egotea. "Prebentzio neurriak eta txertaketa emaitza positiboak ematen ari dira. Joera hori sendotzen jarraitzeko unea da, transmisioa jaitsiz eta txertaketan aurrera eginez", adierazi du.

NEURRI BERRIAK

Egoera berriaren baitan, LABIren Aholku Batzordeak Dekretua aldatu du, eta bihar, ekainak 19, jarriko da indarrean. Hauek dira hartutako erabaki garrantzitsuenak:

  1. Jarduerak ixteko ordutegia gaueko ordu biak arte luzatuko da. Oro har, edukieraren muga % 60-koa izango da.
  2. Edozein gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako, gehienez 600 pertsona egongo dira barruan eta 800 kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, maximoa 800 pertsonara zabaltzen da barnealdean eta 1.200 pertsonara kanpoan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten instalazioetan, gehieneko edukiera % 30ekoa izango da.
  3. Ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei lagun elkartzea ahalbidetzen da, bai kanpoan eta baita barruan ere. Barneko edukiera % 50-ean mantenduko da.
  4. Txokoak eta elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira, ostarlaritzaren irizpide berdinekin. Edukieraren muga % 50-ekoa izango da, eta goizeko bederatzietatik gaueko ordu biak arte irekiko dira.
  5. Aire librean egiten diren kultura, turismo edo natura bisitetan taldeek 20 pertsona elkartu ahal izango dute. Barnealdean 10 pertsona elkartu ahal izango dira.
  6. Barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsonako taldetan egituratu ahal izango da. Aldageletako edukiera % 50-era arte handituko da. Eskola-kirolaren lehiaketak udako txapelketetarako baimenduko dira.

Irizpide horien jarraipena eta ebaluazioa etengabea izango da, eta 15-20 eguneko epean berrikusiko da, aldez aurretik edozein berregokitze egitea beharrezkoa ez bada. Lehendakariak adierazi duenez, joera positiboa mantentzen bada Bizi Berri III planak proposatzen dituen neurri berriak hartuko dira, edota osasun larrialdia bertan behera uztea aztertuko da.

PANDEMIAREN BILAKAERA

Lehendakariak azpimarratu du Bizi Berri III Planak ezarritako esparrua kontuan hartuta, joan den asteartetik 5 mailatik 2garren mailan gaudela, eta nabarmendu du ZIU-en betetze maila ere 5 mailatik 2garrenean dagoela. Gainera, adierazi du heriotzen datuak baxuenak direla joan den udatik.

Txertaketari dagokionez, azaldu du 1.115.000 pertsonari eman zaiela txerto bat eta guztira 750.000 pertsonek jaso dutela jarraibide osoa. “50 urtetik gorako biztanleen % 93-k baino gehiagok txertoaren dosi bat jaso du gutxienez”, gaineratu du.

Hala eta guztiz ere, lehendakaria kezkatuta agertu da aldaera berriak agertzeak ekar ditzakeen arriskuengatik, orain "Delta" aldaerarekin eta Erresuma Batuan edo Portugalen duen eragin bereziarekin gertatzen den bezala. "Itxaropen eta zuhurtzia garaian gaude", gaineratu du.

2 iruzkin
  • @DemiurgoTuiter
    2021-06-19

    Comentario de Twitter:
    RT @ordizi79: @mianrey Datos acumulados variantes:

    Sacados de la RP de ayer de Urkullu/Sagardui:
    https://t.co/Dof2RszVJb https://t.co/AIY8

  • @ordizi79
    2021-06-19

    Comentario de Twitter:
    @mianrey Datos acumulados variantes:

    Sacados de la RP de ayer de Urkullu/Sagardui:
    https://t.co/Dof2RszVJb https://t.co/AIY8uEtEwL

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak