Berriak Segurtasuna

Erkoreka eta Grande-Marlaska buru direla elkartuko da Segurtasun Batzordea Madrilen

2021-06-18
  • Aurten VioGén eta EBA programak lotuko dituzte, emakume biktimei buruzko datuak partekatzeko eta haiei seguru mugitzen laguntzeko
  • Ministerioak eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erabaki dute polizia-kidegoen arteko lankidetza zabaltzea nazioarteko esparruan eta ziberkriminalitatearen eta ingurumenaren arloan

Euskadiko eta Espainiako gobernuek aurten lotu egingo dituzte emakumeen aurkako indarkeriaren arloan dituzten VioGén eta EBA (Emakumeen eta Etxekoen Babesa) programak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen babesa indartzeko eta Espainia barruan seguru mugitzen laguntzeko. Bi sistemek ahalbidetzen dute emakumeen aurkako indarkeriari buruzko espedienteak modu integralean kudeatzea, arriskuen ebaluazioak homologatzea, babes egokia ezartzea eta babeseko agindu judizialak kudeatzea.

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa buru direla ostiralean Madrilen egin den Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordean hartu da adierazitako erabakia. Bileran izan dira, beste agintari batzuen artean, Rafael Pérez Segurtasuneko estatu-idazkaria, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Rodrigo Gartzia Ertzaintzaren zuzendaria ere.

SEGURTASUN BATZORDEA

Koordinazio-erakunde hau 2017an elkartu zen azkeneko aldiz, eta lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Barne ministroa gustura agertu dira orduan hartutako akordioen betetze-mailari dagokionez.  

Bestalde, Segurtasun Batzordeak erabaki du lantalde bat eratzea hiru hilabeteko epean azter dezan Ertzaintza UNE/Europol-Siena, Sirene eta Interpoleko datu-baseetako informaziora eta espedienteetara sartzeko modua. Horrez gainera, bi administrazioek hitzeman dute Koordinazio Batzorde Iraunkor eta Teknikoa suspertuko dutela eta lantalde bat eratuko dutela interes orokorreko portuetan koordinazioa antolatzeko.

Bileran Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentro Nazionaleko (CITCO) Koordinazio Prozeduren Eskuliburua aldatzea ere erabaki da, Segurtasun Batzordean bertan ezarritako akordioak errespetatuko dituen xedapen bat jaso dezan.

LANKIDETZA NAZIOARTEAN, ZIBERKRIMINALITATEAN ETA INGURUMENEAN

Bestalde, bi gobernuek adierazi dute nazioarteko gaietan eta ziberkriminalitatearen, droneen eta ingurumenaren arloan polizia-kidegoen lankidetza indartzeko premia.

Nazioarteko esparruan, Espainiako Gobernuak Europar Batasuneko Justizia eta Barne Arazoetarako Kontseiluan (JAI) aztertzen diren gaien berri emango dio Jaurlaritzari. Horrez gainera, Barne Ministerioak sustatuko du Ertzaintzak, EBko estatu kide bateko polizia gisa, mugaz gaindiko zaintza-lanak egiteko aukera izatea ikerketa judizialen esparruan, bai eta Europako esparruan garatzen diren lankidetza-proiektuetan parte hartzea ere.

Kriminalitatearen arloan, Segurtasun Batzordeak Ziberkriminalitatearen aurkako Plan Estrategikoan eta horren jarraipen-batzordean sartu du Ertzaintza.  

Era berean, Segurtasun Batzordeak erabaki du Ertzaintza eta Jaurlaritzako Segurtasun Saila gizarte zibilaren tripulatu gabeko aireontzien (droneen) operazioen administrazio-kontrolaren eta aurretiazko jakinarazpenak jasotzearen arloko arau eta prozeduretan sartzea.

Azkenik, Segurtasun Batzordeak adostu du Ertzaintzaren eskumenak indartzea ingurumenarekin zerikusia duten eta Euskadin gertatzen diren delituen eta ez-zilegi administratiboen ikerketan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Grande-Marlaska (Barne Ministroa)