Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratzi elkarrizketa Radio Euskadin, Getxoko Zubilleta ikastetxe publikotik

2021-06-17

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dute gaur goizean, irrati horrek Getxoko Zubilleta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxetik egin duen programazio berezian.

Bildarratzek "hezkuntza-komunitatea osatzen duten milioi bat pertsonak baino gehiagok" ikasturte honetan egin duten ahalegin handia nabarmendu eta gogorarazi du, ikasleek eta irakasleek batez ere. Horri esker, 2020-2021 ikasturtean, presentzialtasuna errealitate bihurtu da, gelen % 99 baino gehiago zabalik izan baitira, batez beste, irailetik ekainera bitartean. Zentzu horretan, atzo Gasteizen egindako eskertza ekitaldian gogoratu zenez, euskal hezkuntza komunitateak nota bikainarekin gainditu du aurtengo ikasturtea, "bikain batekin (9,9)".

Hezkuntzako profesionalen ahaleginaz eta inplikazioaz gain, administrazioak presentzialtasuna bermatzeko bideratu dituen baliabide gehigarriak ere azpimarratu ditu sailburuak: 1.064 irakasle gehiago kontratatzea; 1.157 kontratazio berri sukaldeko, jantokiko eta garbiketako langilen artean; 90.000 ordenagailu berri erostea bi ikasturtetan; edo irakasleen 23.000 ordezkapen baino gehiago, ikasturte honetan. Bildarratzek azpimarratu duenez, euskal gizarteak bere zergen bidez jartzen dituen baliabideak dira, eta aurreratu du,  kontratatutako gainetiko errefortzuek 2021-2022 ikasturtean ere jarraituko dutela.

Elkarrizketan zehar, aste honetan ikastetxe publikoetako zuzendaritza guztiekin izandako bilerak ere izan ditu hizpide –hirugarren aldiz ikasturte honetan-, eta azpimarratu du zuzendaritza horiekiko harremana eta bilerak etengabeak izan direla urtean zehar. Izan ere, 2021-2022 ikasturterako prestatu den protokoloa ere ikastetxeen ordezkaritza honen parte-hartzearekin egin da.

Protokolo berri horri dagokionez, Bildarratzek hitz bat azpimarratu du: zuhurtzia. Dokumentu berriak egungoak aurkezten duen egoerari eusten dio, baina zenbait kontu arinduko ditu. Gogorarazi duenez, ikastetxeekin koordinatuta eta Osasun Sailak gainbegiratuta egiten den protokolo horrek neurriak malgutu ahal izango ditu egoera epidemiologikoak hobera egiten badu.

Azkenik, Hezkuntza Sailaren Lan Eskaintza Publikoaz ere aritu da, asteburu honetan hasiko baita Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako 1.148 plaza eskaintzen dituen LEPa. Bildarratzek ziurtatu du berak zuzentzen duen Sailak legeak baimentzen duen plaza kopuru handiena aterako duela beti, hezkuntza-sistemari ahalik eta egonkortasun handiena emateko xedez. Egonkortasuna baita, ziurtatu duenez, hezkuntzaren kalitaterako gakoetako bat.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak