495 gaztek prestakuntza jasoko dute atzerrian Eusko Jaurlaritzaren Global Training bekei esker

2021-06-20
  • Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ireki du 6,2 milioi euroko aurrekontua duen ekimen honetarako epea

Eusko Jaurlaritzak ireki du  Global Training 2021 programako 495 bekak eskatzeko deialdia. Programa horrek 6,2 milioi euroko aurrekontua du Euskadiko gazteen nazioarteko prestakuntza eta mugikortasuna ahalbidetzeko; gazteek euren profil akademikoarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egingo dituzte, esperientzia profesionala eskuratzeko atzerrian. Epea uztailaren 16an amaituko da, eta pertsona bakoitzak 1.500 euro jasoko ditu hilean.

Programa honetan parte hartu dezakete unibertsitateko goi-mailako titulu bat edo lanbide heziketako goi-mailako gradu bat dutenek, baldin eta 31 urte baino gutxiago badituzte, Euskadin bizi badira eta ingelesa menperatzen badute.

Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, prestakuntza-programa bat diseinatu du berriro. Programa horrek hasierako fase bat izango du, eta ondoren, 6-12 hilabeteko praktiketako egonaldi bat eskainiko da atzerriko enpresa eta organismoetan, bekadunek aukera izan dezaten esperientzia profesional handia eskuratzeko nazioarteko inguruneetan.

GLOBAL TRAINING nazioarteko beken programa Euskadiko hainbat erakunderen lankidetzaren bidez antolatzen da. Erakunde horien ardura da deialdi-prozesua bideratzea eta hautagaiak aukeratzea. Beren ardura da orobat euskal gazteei aukera ematea prestakuntza praktikoa jasotzeko atzerriko enpresa eta organismoetan eta euren jarraipena egitea.

Aurten eskaintzen diren beken zerrendan hauek dira laguntzak kudeatuko dituzten erakunde kolaboratzaileak (batzuk lankidetzan arituko dira):

  • Ikaslan-AFM
  • Novia Salcedo Fundazioa
  • UPV-EHU
  • Garapen-Donostiako Sustapena
  • Eusko Ganberak
  • Confebask-Adegi-Txorierri-Hetel
  • Mondragon Unibertsitatea-Deustuko Unibertsitatea

 

Global Training bekek eskaintzen dutena

Gazteentzat:

  • Aukera paregabea nazioarteko lan-esperientzia baliotsua eskuratzeko, profesional gisa nabarmendu zaitezen zure sektorean.
  • 500 eurorainoko finantzaketa pertsonako joan-etorri eta mantenimendu gastuak ordaintzeko.
  • Nazioartekotze arloko 40-60 orduko doako ikastaroa.
  • Aukera bikaina beste erakunde batzuen kulturak ezagutzeko eta networking-sare bat sortzeko nazioarteko profesionalekin.

 

Erakunde kolaboratzaileentzat:

  • Programaren kudeaketatik eratorritako kostuetarako laguntza.
  • Erakunde kolaboratzailearen konpromiso sozialari ikusgarritasuna ematea nazioarteko talentuaren sustapen arloan.

Bestalde, COVID-19aren pandemiak eragin duen mundu mailako egoera honetan, eta ikusirik honelako krisiek sortzen dituzten zailtasunak mugikortasunerako eta atzerrian bizitzeko, 3. artikuluan azaldutako aurrekontuan kontingentzietarako partida berezi bat sortu da, alegia, 1.000 euro bekadun bakoitzeko.

Funtsean, Global Training bekek laguntza ematen dute:

  • Enpresa nazioartekotuetan praktikak egiteko.
  • Prestakuntza osatzeko, profil akademiko bakoitzari lotutako jarduera eta proiektuak garatuz.
  • Nazioarteko lan-esperientzia eskuratzeko.
  • Beste erakunde batzuen kultura eta errealitateak ezagutzeko.
  • Atzerriko praktikaldiaren gastuak ordaintzeko.
  • Nazioarteko networking-sare bat sortzeko, zeina lagungarri izango baita norbere karrera profesionala indartzeko.
  • Erakunde kolaboratzaileari ikusgarritasuna emateko nazioartekotze arloko profesionalen talentua bultzatzeko arloan.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak