Tapia: AEB-ren eta Bruselaren arteko muga-zergen akordioaren balorazioa

2021-06-16

Donald Trumpen Gobernuak ezarritako muga-zergak bost urtez bertan behera uzteko AEBk eta Europak arantzel-politikaren inguruan atzo lortutako akordioari buruzko albistearen aurrean, Eusko Jaurlaritzak, xehetasun berriak ezagutu arte, positibotzat jo du akordio hori

  1. Gure ustez, albiste ona da AEBrekin merkataritza-harremanak dituzten euskal enpresentzat. Eta pozten gara Bidenen politikaren aro berriak Trumpen Gobernuaren politikak eraman gintuen dinamika arriskutsua lurperatzen duelako.

    Nolanahi ere, eta orain arte eskura dugun informazioarekin, akordio hau hiru sektoreri erreparatuta aztertzen dugu berariaz: hegazkingintza, mahastizaintza eta ardogintza, eta altzairugintza.

    1.2 Hegazkingintzari dagokionez, albiste hau "bi aldiz ona" dela esan dezakegu. Lehenik eta behin, gure industria osagarriko produktuei muga-zergak kentzeagatik, baina bigarrenik, eta, batez ere, muga-zergak kentzeak eszenatoki atseginagoa edo ez hain oldarkorra ahalbidetzen duelako, covid-19ak hainbeste zigortutako aeronautika-industriaren berreskurapena eta etorkizuna lantzeko.

    1.3 Hitzarmen hau ospatzeko modukoa da mahastizaintza- eta ardogintza-sektorean; izan ere, arantzel-kostua desagertzeak gure ardoak prezio lehiakorragoak izaten lagunduko du, eta irabazi-marjina handiagoa izango dute euskal upategiek. Gogora dezagun AEB gero eta merkatu handiagoa dela Arabako Errioxako ardoen esportazioetan

    1.4 Hirugarrena, altzairuaren sektorea. Arlo horretan errezeloa dugu oraindik, atzoko akordioak lan-talde bat sortzea proposatzen baitu, muga-zergen etorkizuna aztertzeko. Altzairuaren esportazioak asko kezkatu gaitu urte hauetan. Duela aste batzuk, oraindik ere, Europako Batzordeko presidenteordetzari eta hainbat komisariori gure jarrera azaldu genien gai honetaz. Nolanahi ere, AEBen eta Europaren arteko merkataritza-harremanen aro berri honi konfiantzazko botoa ematea gustatuko litzaiguke, atzoko akordioak altzairuaren produktuan ere eragin positiboa izan dezan, nahiz eta oraindik ez dugun inolako bermerik. Europar Batasunaren aurrean adi, zorrotz eta proaktibo jarraitzeko eskatuko digu akordioak.


Azken alderdi hori gorabehera, atzoko akordioa albiste ona izan da euskal industriarentzat, eta Euskadiren eta Europa osoaren susperraldi ekonomikorako hain beharrezkoa den merkataritza-harremanen estilo berri horrek pozten gaitu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak