Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Energiaren Euskal Erakundearen (EEE/EVE) eta Iberdrolaren artean sozietate bat sortzeko baimena eman da, sare adimendunak kudeatzeko (2011-07-19(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko uztailak 19

Dekretua, Euskal Energia Erakundeari baimena emateko dena. Helburua: interes ekonomikoa duen talde batean parte hartzea, sare elektriko adimentsuak ezartzeko.

Energiaren Batzorde Nazionalak bi enpresen artean interes ekonomikoko talde bat eratzea onartu du.

Proiektuak Bilbon eta Portugaleten garatuko den proiektu batean 60 milioiko inbertsioa dakar, eta 1.100 transformazio-zentro egokituko eta 410.000 biztanleri zerbitzua ematen dieten 230.000 kontagailu baino gehiago berrituko dira.

Jaurlaritzaren Kontseiluak EEE Energiaren Euskal Erakundeari baimena eman dio gaur Iberdrolarekin batera sozietate bat sor dezan, sare elektriko adimendunen proiektu berritzaile bat garatzeko. Ekimenaren guztizko inbertsioa 60 milioi euro izango da. Gainera, 1.100 transformazio-zentro baino gehiago egokituko dira, abangoardiako ekipo elektronikoak txertatuz, eta 410.000 biztanleri zerbitzua ematen dieten 230.000 kontagailu baino gehiago berrituko dira.

Proiektua Patxi López Lehendakariak eta Iberdrolako presidente Ignacio Sánchez Galán jaunak otsailean aurkeztu zuten jendaurrean. Hori abian jartzeko Jaurlaritzaren Kontseiluak ontzat eman behar du, eta horixe egin da gaur. Horrez gain, beharrezkoa izan da Energiaren Batzorde Nazionalak aldez aurretik interes ekonomikoko talde bat onartzea, sozietate publiko-pribatu berriak figura hori izango baitu.

Iberdrola Distribución sozietateak sozietate berriaren kapitalaren % 54 edukiko du, eta EEEk gainerako % 46. Guztira, interes ekonomikoko talde berriaren kapital soziala ia 52 milioi eurokoa izango da, baina ez du langilerik izango.

Eusko Jaurlaritzak sare elektriko adimendunen ezarpenaren aldeko apustua egin du, batez ere bi funtsezko arrazoirengatik. Lehena, Euskal Autonomia Erkidegoko banaketa-sareei eta kontsumo elektrikoko puntuei prestazio digitalak hornitzeko, zerbitzua hobetu dezaten eta kontsumo elektrikoak murriztu daitezen. Eta bigarrena, banaketa-sareetarako ekipoak eta sistemak fabrikatzen dituzten euskal enpresen lehiakortasunean jauzi kualitatibo bat egiteko.

Proiektu horrekin lankidetza publiko/pribatua gauzatzen da eta Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoak betetzen ditu, Lidera Estrategian txertatu baitu proiektua.

Ekimena Iberdrolarekin bi ingurunetan garatuko da: batetik, Bilbo eta Portugaleteko zona handi batean, non hiri-sare adimendun bat sortuko den 1.100 transformazio-zentro baino gehiago egokitzeko, horiei abangoardiako ekipo elektronikoak txertatuz, eta 410.000 biztanleri zerbitzua ematen dieten 230.000 kontagailu baino gehiago berritzeko.

Bestetik, Lea-Artibai eskualdean landako automatizazio aurreratuko plan bat jarriko da abian, azpiestazio adimendun berri bat sortuz.

Azpiegitura mota horrek aukera emango du urruneko zerbitzuak eskaintzeko, adibidez neurketa-ekipoak irakurtzea, kontratuen altak eta bajak egitea, edo kontratatutako potentzia aldatzea.

Zehazki, hainbat onura lortuko dituzte erabiltzaileek: hornidura elektrikoaren kalitatea hobetzea, kontratuko gorabehera eta aldaketei arreta hobea eskaintzea, bezeroei beren kontsumoak eta fakturazioa hobeto kudeatzeko informazioa ematea, eta irakurketa errealen araberako fakturazioa egitea.

Izan ere, bezeroek elektrizitatearen merkatuan parte har dezaten bultzatuko da, beren kontsumoaren datuak denbora errealean eskuratu ahal izango dituztelako, eta horrela, etorkizunean, dagokion erregulazioa onartzen bada, tarifa malguak lortu ahal izango dituztelako, horren bitartez energia-eraginkortasuna handituz.

Gainera, gizartearentzat eta ingurune sozio-ekonomikoarentzat ere onurak ekarriko ditu, hala nola: instalazio eta eragiketetan segurtasuna hobetzea, CO2 emisioen murrizketa energia-eraginkortasuna hobetzen delako, energia berriztagarrien, sorkuntza banatuko planta txikien eta ibilgailu elektrikoaren integraziorako aurrerapausoa ematea, gure teknologien proiektu berritzaile bati bultzada ematea, erabilitako teknologiak eta horien etekin ekonomikoak baliozkotzea ahalbidetuko duena, eta Euskal Autonomia Erkidegoan energia-azpiegituretan inbertsioa eta horri lotutako ekonomia-jarduera sortzea.

Azkenik, proiektuak hainbat onura ekarriko dizkio banaketa elektrikorako sistemari, adibidez zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta sare-galerak murriztea.


Lidera Estrategia

Sare adimendunei lotutako proiektu hori Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen Lidera Estrategiaren barnean hartuta dago; estrategia horrek, bestalde, hainbat proiektu ditu: ibilgailu elektrikoa, merkataritza elektronikoa, Interneterako sarbide bizkorra, gas natural ez-konbentzionala, eta zientziaren industria.

Sare adimendunen proiektua, gainera, Eusko jaurlaritzak euskal ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeko hartu zuen konpromisoen betetzean beste mugarri bat da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan