Euskarri Erakundearteko Adierazpena Zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeak eta gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko estrategia partekatua (Gobernu Bilera 2021-6-15)
Zioen azalpena
Tutoretzapeko adingabeen eta tutoretzapean egondako gazteen zaurgarritasunarekin lotutako arazoak herri-erronka dira, eta, gutxienez, lehentasunezko arreta eskatzen duten bi alderdi dituzte.
Lehenik eta behin, erronka etikoa dira orainari lotutakoa. Adinagatik helduaroko berezko autonomia-baliabideak ez dituzten pertsonei eragiten dien errealitatea da. Gainera, hainbat inguruabar pertsonalek, familiarrek edo lurraldekoek eragin dute bizitzako etapa horretan beren gizarte-, familia- eta hezkuntza-ingurunearen berezko laguntzarik gabe jardutea. Babesgabetasunak eta sufrimenduak deskribatzen dute errealitate hori. Bere bizitzako egun bakoitzean bizi izandako sufrimendu bat. Errealitate horri erantzutea interpelazio etiko eta berehalakoa da.
Bigarrenik, herri-erronka hori berdintasunaren eta etorkizunaren erronka ere bada. Zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeek eta gazteek pairatzen duten oraingo sufrimendu hori ziurgabetasun eta bazterketa-arrisku gisa proiektatzen da etorkizunera ere. Politika publikoen agindu demokratiko eta saihestezina da etengabe jardutea berdintasun-baldintza sozialak sortzeko. Pertsona horien kasuan, gizarteratzeko eta laneratzeko baldintzak sortzearen parekoa da. Erronka hori ekitatezkoa eta etorkizunekoa da, eta adingabe eta gazte horiei nahiz gizarte osoari eta haien aurrerabideari eragiten die.
COVID-19k zailtasunak areagotu ditu eta egoera ahulenean daudenentzako desberdintasun-arrailak handitu ditu. Hamabost hilabete baino gehiagoko pandemiak erakusten du eragin handiagoa duela pertsona, familia eta talde ahulenetan. Seguru asko, zaurgarritasun handieneko testuinguruetako bat familiarik gabeko haurrei eta bakarrik dauden gazte migratzaileei eragiten diena da.
Azken batean, giza duintasuna eta bizikidetza bezalako gizarte demokratiko baterako hain estrategikoak diren balioak defendatu eta sustatu nahian gabiltza, ahulezia-egoeran dauden adingabeen eta gazteen egungo errealitatean islatuta eta pertsonalizatuta.
Azken urteotan, euskal erakundeok modu koordinatuan lan egin dugu arlo horretan. Une honetan, erakundearteko lan-dokumentu bat partekatu eta aurkeztuko dugu, zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeak eta gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko estrategia eta lehentasunen agenda zehazten dituena. Dokumentu honen izenburua "Euskarri estrategia. Bizi-proiektu autonomo baterako sostengu-puntua, betebeharren eta eskubideen kontratu baten bidez".
Tresna hau elkarlanerako topagunea da. Euskal erakundeok garatu nahi dugun ibilbide-orria da. Ezaugarri nagusiak honako puntu hauetan laburbiltzen dira:
- Adingabeen eta 21 urtera arteko gazteen problematikari heltzen dio, baldin eta egoera ahulean badaude continuum gisa eta osotasunean eta etenik gabe heltzen badiote. Era berean, bertakoentzat eta atzerritarrentzat proiektatzen da.
- Eskubide eta betebeharren filosofia bat pertsonalizatzean oinarritzen da. Erantzukizun-kontratuaren figura erabiltzen du; aurrekontratu bat adingabeen kasuan eta kontratu bat gazteen kasuan. Hitzarmen bat, azken batean, alde bakoitzak bere gain hartzen dituen helburuak eta konpromisoak ezarriko dituena. Adingabeek eta gazteek bizitza aurrera ateratzeko arduraz borrokatzeko konpromisoa hartzen dute; erakundeek hori posible egiteko sostengu-puntuak eskaintzeko konpromisoa hartzen dute.
- Tutoretzapeko adingabeen kasuan, sostengu-puntu estrategiko horiek hiru kontzeptutan definitzen dira: Etxea, Orientazioa eta Prestakuntza. Tutoretzapean egondako gazteen kasuan, hauek dira sostengu-puntu estrategikoak: Gizarteratzea eta Laneratzea, Etxebizitza eta Bizi-laguntza. Helburu nuklearra bizitza-autonomo proiektu baten alde egitea da.
- Estrategia hori begirada paternalistatik zein edozein espiritu biktimistatik urruntzen da. Mezu hezitzaile nagusia hau da: bizitzan aurrera ateratzeko, gogor lan egin behar dela. Hori egin ahal izateko, beharrezkoa da sostengu-puntuak izatea. Oinarrizko tresnak eta sostengu-puntuak eskaintzearen eta erresilientzia bultzatzearen alde egiten du, hau da, pertsona bakoitzak egoera traumatikoak gainditzeko duen gaitasuna. Arkimedes parafraseatuz eta egokituz: "Emazkidazu sostengu-puntuak, eta aurrera aterako dut nire bizitza".
- Hiru binomiok definitzen dituzte estrategia horren premisak:
-erantzukizuna eta konpromisoa, betebeharrei eta eskubideei dagokienez.
-autonomiarako sostengu-puntuak, lehentasunez, enplegurako prestakuntza.
-laguntza pertsonalizatua eta erantzukizun gero eta handiagoa.
Kontzeptuzko esparru horretan, Euskarri Estrategiak 12 lehentasuneko programa bat definitzen du. Jarraian laburbiltzen dira eta Eranskinean xehetasun handiagoz deskribatzen dira.
Zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeen arloko lehentasunak
Sostengu-puntu estrategikoa |
Lehentasuna |
·I. Etxerako Sostengu-puntua. |
·Share Proposamena sustatzea, erantzukidetasun-printzipioaren aplikazioa sustatzeko. |
|
·Etxe-ereduak dibertsifikatzeko pilotajeen bultzada progresiboa. |
·II. Orientaziorako Sostengu-puntua. |
·Erakunde-tutoretza optimizatzeko lantaldea sortzea. |
|
·Mentoria motako ereduen hedapen sozialerako erakunde bat sortzea. |
·III. Prestakuntzarako Sostengu-puntua. |
·Tokiko hizkuntzak ikasteko ibilbide espezifiko eta trinkoa antolatzea. |
|
·Laneratzea dakarten lanbideei lotutako lanbide-orientazioa eta ziurtagiri profesional aitortuarekin amaitzen diren prestakuntza-prozesuak antolatzea. |
|
·Enpresekin hitzarmenak bultzatzea, prestakuntza-eredu dualak garatzeko. |
Tutoretzapean egondako gazteen eremuko lehentasunak
Sostengu-puntu estrategikoa |
Lehentasuna |
·Gizarteratzeko eta laneratzeko Sostengu-puntua. |
·Gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko zerbitzu pertsonalizatua sortzea. |
·Etxebizitzarako Sostengu-puntua. |
·Etxebizitza partekatuetan alokatzeko edo etxeetan harrera egiteko laguntza, Betebeharren eta Eskubideen Kontratuarekin konprometituta dauden gazteentzat. |
·Bizi-sostengurako Sostengu-puntua. |
·Enplegurako prestakuntzari laguntzeko beka, betebeharren eta eskubideen kontratuarekin konprometituta dauden gazteentzat eta harrera-egoeran dauden gazteentzat. |
III. Beste lehentasun osagarri batzuk
Helburua |
Lehentasuna |
·Hezkuntza-egiturak eta lanbide-heziketakoak indartzea adingabe eta gazte migratzaileen jatorrizko eskualdeetan. |
·Hezkuntza-prestakuntzako eta lanbide-gaikuntzako proiektuak bultzatzea adingabe eta gazte migratzaileen jatorrizko eskualdeetan. |
·Jatorrizko herrialdeetan aukerak sortzea, haien giza kapitala indartuz. |
·Adingabeko migratzaileen jatorrizko eskualdeetan ezarritako euskal enpresekin hitzarmenak bultzatzea, prestakuntza eta enplegua emateko jatorrian. |
Hori guztia kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EUDELek eranskin gisa jasotzen den Euskarri Estrategia modu koordinatuan bultzatzeko asmoa dugu, bai eta egoera ahulean dauden adingabeak eta gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko lehentasunen arloko aurreikuspenen garapenean aurrera egiteko ere. Horretarako, honako hau onartzen dugu:
Adierazpena
- Euskarri Estrategia garatzeko eta haren 12 lehentasunetan aurrera egiteko erabaki partekatua adierazten dugu.
- Erakundearteko lantalde bat sortuko dugu, eta haren egitekoa izango da 12 lehentasunetako bakoitzari lotutako ekimenak garatzeko proposamena definitzea.
- Proposatutako ekimen bakoitza abian jartzeko, erakunde bakoitzeko organo eskudunen baimenak eta onespena beharko dira, gaiaren arabera eta kasuan kasuko izapideak egiteko, kasu bakoitzean bidezkoak diren tresna juridikoen bidez.