Startup-ek eta enpresa handiek bosgarren BIND 4.0ren 30 proiektu teknologiko disruptiboak aurkeztuko dituzte

2021-06-14
  • “Open Innovation Showcase: The Best of BIND 4.0” ekitaldia streaming bidez egingo da, uztailaren 6an eta 7an. 
  • Ekitaldi horretan seigarren deialdia zabalduko da, eta hainbat nobedade egongo da.
  • 2016an sortu zenetik, BIND 4.0 plataformak mundu guztiko 130 startup-en 200dik gora proiektu garatu ditu eta 6,5 milioitik gora euro fakturatu.

BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformak “Open Innovation Showcase - The Best of BIND 4.0” ekitaldia egingo du –urtero antolatu ohi duena–, aurten, uztailaren 6an eta 7an. Ekitaldi horretan, hautatutako 30 startup-ek eta partner diren enpresa handiek bosgarren edizioaren esparruan elkarrekin garatu dituzten 4.0 industriako proiektu teknologiko disruptibo berriak ezagutaraziko dituzte. BIND 4.0 industria adimenduneko ekimen publiko eta pribatua da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, SPRI taldearen bidez sortu duena.

“Open Innovation Showcase” modu telematikoan egingo da; hots, proposamen teknologikoak streaming konexio bidez aurkeztuko dira eta networking-a interesa duten parte-hartzaileen arteko harreman eta elkarreragineko aplikazio baten bidez sustatuko da.

Topaketa birtual horretan, Gauzen Internetean (Internet of Things, IoT), Big Datan, Errealitate Birtualean edo Errealitate Areagotuan teknologia disruptiboak ezarri diren kasu arrakastatsuak erakutsiko dira, industria, energia, osasuna eta elikadura sektoreei aplikatu zaizkienak. Startup parte-hartzaileen eta partner diren enpresen –hala nola, Mercedes-Benz, Ferrovial Servicios, Siemens Gamesa, Iberdrola, Eroski edo Unilever, besteak beste– zuzeneko esku-hartzen bidez aurkeztuko dira proiektuak.

 

Ekitaldia uztailaren 6ko goizeko 10.00etan hasiko da. Lehenengo eta behin, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik ongietorria egingo die parte-hartzaile guztiei. Ondoren, kasu arrakastatsuak aurkeztuko dituzte startup-ek eta partner diren enpresek, 12.00ak arte. Aldi berean, arratsaldeko seiak arte, networking-a izango da, ekitaldian bilduko direnek eta horretan izena ematen dutenek startup-en zuzeneko atzipena izan dezaten, haien enpresen lehiakortasuna nola areagotu eta eraldaketa digitalari nola ekin jakin dezaten.

 

Bigarren jaurdunaldian, uztailaren 7an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumenaren sailburu Arantxa Tapiak emango dio amaiera ekitaldiari, Euskadiko ekintzailetza politikaren ildo estrategikoak markatuz eta Europan aitzindaria den programa honen funtsezko rola nabarmenduz. Aurretik, Estíbaliz Hernáez Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, hurrengo BIND 4.0 seigarren edizioko, ezaugarri eta berrien berri emango du.

 

Hala nahi duten guztientzat, BIND 4.0en erakusketa birtuala ere izango da, non konponbide teknologiko guztiak ikusgai egongo diren eta kasu arrakastatsuez gehiago jakiteko aukera egongo den. Konponbide horiek, azken teknologiez baliatuta, prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko garatu dira. Halaber, erakustaldi horiek kategoria teknologikoen arabera sailkatuta egongo dira, errazago atzitu daitezen.

 

Seigarren BIND 4.0, abian

 

Uztailaren 7an, ekitaldiari amaiera emateko, BIND 4.0 seigarren deialdiaren nobedadeak aurkeztuko dira. Izan ere, beste urtebetez, startup-en bidez industrian berrikuntza bultzatu eta sustatzeko lanean jarraituko du, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntzarekin, SPRI Taldearen, hots, Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapeneko Euskal Agentziaren bidez, eta Euskadiko ekintzailetzaren ekosistema zuzentzen duen UpEuskadi plataformaren bitartez. Une horretan zabalduko da startup interesdunek beren hautagaitza bidaltzen hasteko epea.

 

BIND 4.0 plataformak hiru helburu nagusi hauek ditu:

 

  • Startup-en garapena azeleratzea euskal ekosistema industrialean,
  • enpresen eraldaketa digitala sustatzea eta
  • Euskadiko ekosistema ekintzailetza industrial aurreratu hub gisa kokatzea.

 

Berrikuntza, teknologia eta ekintzailetzaren aldeko apustuan erreferentziazko programetako bat bihurtzeko balio izan zaizkio hiru helburu haiek.

 

Enpresa Sustapenaren Europako XIV. Sarien irabazlea izan da BIND 4.0, enpresa-ingurunearen hobekuntza kategorian. Sari horiek Europako Batzordearen Barne Merkataritza, Industria, Ekintzailetza eta ETEen Zuzendaritza Nagusiak antolatzen ditu.

 

Programa 2016an sortu zenetik, 130 startup baino gehiago azeleratu eta 200dik gora proiektu garatu dira, eta 6,5 milioitik gora euro fakturatu. Azpimarratu beharra dago, egungo egoeran ere, mundu guztiko startup-entzat nahiz industria sektoreko enpresa nagusientzat nazioarteko berrikuntza irekiko plataforma garrantzitsuenetako bat dela BIND 4.0.

 

ONLINE EKITALDIA

 

BIND 4.0: Open Innovation Showcase

Uztailaren 6an eta 7an,10.00etan

 

Atzitu erregistroa eta programa

 

 

 

BIND 4.0 plataformaz

BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataforma publiko eta pribatua da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sortu duena, SPRI taldearen bidez eta bere Euskadiko ekintzailetzaren ekosistemaren UpEuskadi plataformaren bidez. Gaur egun, egoitza Euskadin duten eta munduko erreferentziazko 57 enpresa lider nagusiren lankidetza du, eta hartan nazioarteko laguntzaile teknologikoek parte hartzen dute –Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services. Ekimen hori bi helburu hauek lortzeko sortu da: industriaren eraldaketa digitala sustatzea  eta, aldi berean, ekimen berritzaileak sendo daitezen azeleratzea, enpresa handien eta startup-en arteko lankidetza-eredu baten bitartez. 2016. urteaz geroztik, BIND 4.0 plataformak, bost edizioetan, 130 startup-ek baino gehiagok garatu dituzten 200 proiektu azeleratu ditu guztira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak