Berriak Hezkuntza

Hezkuntza sailak 930.000 euro bideratu ditu bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak burutzeko (Gobernu Bilera 2021-6-15)

2021-06-15

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak burutzeko dirulaguntzatarako deialdia egiten duen Agindua. Deialdi honek 930.000 euroko diru-kopurua du. 

Deialdi honek bizialdi osoko ikaskuntzako hiru jarduera mota laguntzen ditu diruz. Jarduera horiek ezagutzaren edozein arlotakoak izan daitezke, betiere helduen ezagutza, konpetentzia eta gaitasun-maila zabaltzeko eta herritar aktiboak sustatzea helburu hartuta:

  • Prestakuntza-jarduera espezifikoak, pertsona talde jakin baten prestakuntza-beharrei erantzuteko diseinatu eta planifikatutakoak (235.000 €).
  • Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak (595.000 €).
  • Prestakuntzako edo hezkuntzako metodologia berrien esperimentazioari buruzko proiektuak; ezagutzaren belaunaldi arteko transferentziari buruzkoak, prestakuntza hurbiltzeko eta ikastea sustatzeko trabak baztertzeari buruzkoak, edota bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako beste edozein (100.000 €). 

Onartuak gertatzen diren proiektuek, eta ondorioz deialdi honen bidezko finantzazioa eskuratzen dutenek, 2021ean zehar hasi beharko dute, eta datorren urteko uztailaren amaiera bitartean garatu ahal izango dira. Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke: Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuak; udalak; tokiko edo eskualdeko garapen agentziak; euren helburu sozialen artean formazioa duten udal-elkargoak; Euskadin egoitza duten unibertsitateak; bizialdi osoko ikaskuntzaren arloan jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak; eta euren helburuen artean formazioa duten merkataritza-elkarteak edo ekonomia sozialeko elkarteak. 

Bizialdi osoko ikaskuntzaren esparruko jardueren eskaintza zabal eta eguneratua izateak aukera ematen die herritarrei ezagutzak lantzeko eta zabaltzeko. Baina horrez gain, baita ezagutzak eguneratzeko eta gaitasun profesionalak hobetzeko ere. Era horretan, enplegagarritasuna hobetzeko eta ongizate sozial zein ekonomikoan aurrera egiteko bideak ere zabaltzen zaizkio gizarteari.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko