Berriak Hezkuntza

Euskadiko zenbait udalerrirekin lankidetza-hitzarmenak, bigarren hezkuntzak eragindako gastuak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2021-6-15)

2021-06-15

Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Hezkuntza Sailaren eta Euskadiko zenbait udalerriren artean lankidetza-hitzarmenak sinatzeko, udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasteak eragin diezaieken gastuak finantzatzeko: ikastetxeen kontserbazio, mantentze eta zaintza-gastuak. 

Zehazki, honako udal hauekin sinatuko edo berrituko dira hitzarmenak: Oion eta Gasteiz Araban; Abadiño, Basauri, Bilbo, Elorrio, Erandio, Lemoa, Markina-Xemein eta Muskiz Bizkaian; eta Gipuzkoan Alegia, Donostia, Oiartzun, Orio, Pasaia, Villabona eta Zumaia. 

Kontserbazioa, mantentzea eta zaintza

Haur eta lehen hezkuntza bakarrik ematen den ikastetxe publikoetan, kontserbazio, mantentze eta zaintza-gastuak dagokion Udalaren kontura izan ohi dira. Bigarren Hezkuntza soilik ematen den ikastetxeetan, berriz, gastu horiek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartzen ditu bere gain. 

Eskola-eraikin berean Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak batera ematen badira, lankidetza-hitzarmen bat sinatu behar da, udalari eta Eusko Jaurlaritzari dagozkien kontserbazio, mantentze eta zaintza-gastuak zehazteko. Horixe da, hain zuzen ere, lankidetza-hitzarmen hauen xedea. Hitzarmen hauen indarraldia lau urtekoa izango da, luzatu egin ahal izango da. 

Kontserbazioa, mantentzea eta zaintza gastuetarako 2021ean gorago aipaturiko udalerri horietan kalkulatutako kostua 1.416.000 eurokoa da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko