Mendia: “Lanbide ez da sukurtsal bat; diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko politiken bizkarrezurra da, eta bertan integratu behar da bizitzeko gutxieneko errenta”

2021-06-11
  • Idoia Mendia lehendakariordeak berretsi duenez, "Horrela egiten ez bada, hobe da administrazio bakoitzak berea egitea"

Idoia Mendia Lehendakariak eta Lan eta Enpleguko sailburuak gaur esan du Lanbide Euskadiko Enplegu Sistema ez dela “diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko politiken sukurtsal bat, politika horien bizkarrezurra baino”, eta azpimarratu du bizitzeko gutxieneko errentaren eskualdatzearen inguruko “akordioa”n oinarrituta lan egiten duela.

Kontroleko osoko bilkuran emandako erantzunean, Mendiak honako hau nabarmendu du: “babes-sistema handia dugu, eta hura eredugarri da beste erkidego batzuentzat, baita Espainiako Gobernuarentzat ere”. “Bizitzeko gutxieneko errentak DSBEa du erreferentzia gisa”; beraz, “logikoena da integratzea, eta horretarako ari gara lanean”.

Lehendakariordeak honako ideia honi eutsi dio: “ministerioak bere abiapuntu den proposamena aurkeztu du, eta ni helmugako proposamenari ari natzaio begira, eta horrek gure ereduan oinarritzen den prestazioaren erabateko transferentzia baino ezin du izan. Horrekin erabat konprometituta gaude Gobernu honetan”.

Idoia Mendiak gogorarazi du abenduan, ordurako, José Luis Escrivá Inklusioko ministroari jakinarazi ziola nola egin beharko litzatekeen bizitzeko gutxieneko errentaren transferentzia; elkarrizketa horren berri eman zion lehendakariari.

“Lanbide ez da diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko politiken sukurtsal bat, politika horien bizkarrezurra baino”, esan du, “eta DSBEaren espiritu bera duen prestazio berria sortzen bada, gure sisteman integratu behar da”.

Mendiak esan duenez, helburua da “autogobernua batez ere erabilgarria izatea herritarrentzat, eta prestazio baten beharra eta hartarako eskubidea duenak leihatilatik leihatilara ibili behar ez izatea gauza bera ebazteko”. Eta, “hala egin ezean, hobe da administrazio bakoitza bereaz arduratzea”, esan du, amaitzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak