Berriak Segurtasuna

AVEQ-KIMIKAk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, larrialdi kimikoetarako sirenen sarea aktibatzeko saio batzuk egingo ditu

2021-06-11
  • Saio horiek Hernanin, Muskizen, Abanton-Zierbenan, Zierbenan, Santurtzin, Luzero puntan, Getxon, Portugaleten eta Lantaronen egingo dituzte
  • Saio horien bidez inguruko biztanleak alarma-sistema horretara ohitzea nahi dute, ihes toxikoak eragiten dituzten istripuak gertatzen direnerako

Aveq-Kimikak, Euskadiko Enpresa Kimikoen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin lankidetzan, larrialdi kimikoetarako sirenen sarea aktibatzeko lau saio egingo ditu ekainaren 14an, 15ean eta 16an. Saio horiek Hernanin, Muskizen, Abanto-Zierbenan, Zierbenan, Santurtzin, Luzero puntan, Getxon, Portugaleten eta Lantaronen egingo dituzte, SEVESO araudiaren menpeko industria kimikoetan gerta litezkeen eta ihes toxikoak eragin ditzaketen istripuei begira inguruko herritarrak alarma-sistema horretara ohitzeko.

SEVESO araudiak substantzia arriskutsuak tartean dituzten istripu larrien prebentzioa arautzen du. Testuinguru horretan, sirenen eginkizun nagusia abisu-sistema indartzea eta berehalako alerta lortzea da, eraginpeko herritarrek istripu-kasuetarako oinarrizko autobabes-aholkuak abian jar ditzaten.

SIMULAZIOEN EGUNAK ETA ORDUTEGIAK / FECHAS Y HORARIOS DE LOS SIMULACROS

 

Sirenek argi eta entzuteko moduan bi seinale-mota igorriko dituzte arriskuko gune osoan: bata ihes toxikoagatiko alerta adierazteko eta bestea alertaren amaiera jakinarazteko. Alertari hasiera emateak berarekin ekarriko du, biztanleentzako lehentasunezko babes-neurri gisa, toki itxian konfinatuta geratzea.

Segurtasun Sailak Kanpoko Larrialdi Plan bat dauka, eta horretan ezartzen dira larrialdietan giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatzeko mekanismoak eta antolamendua, betiere larrialdiak fabrikaren kanpoaldean eraginik badu. Halaber, plan horrek biztanleak ohartarazteko modua ere barne hartzen du megafonia bidezko abisuak eginez, prentsan komunikatuak argitaratuz eta sare sozialen bidez.

AVEQ-KIMIKA, Euskadiko Enpresa Kimikoen Elkartea, Euskal Industriak sortutako elkartea da. Horren helburua da, araudia zorrotz betetzeaz gain, ingurumenaren gaineko eraginaren kudeaketa zein jardueren eta instalazioen segurtasuna etengabe hobetzen joatea. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidego osoko 130 enpresa dira elkarte horretako bazkide eta enpresa horiek 6.000 langiletik gora dituzte.

 

2 iruzkin
  • 2021-06-12

    Ez itxarotea prestatu gabeko biztanleria duten fenomeno kaltegarriek eta istripuek eragindako hondamendirik. Ondo entrenatzea eta behar den guztia egitea, garai txarretan baliabideak urritu gabe.

  • 2021-06-12

    No esperar desastres procedentes de fenómenos adversos y accidentes con población no preparada. Entrenar bien y cuanto haga falta sin escatimar recursos ahora en malos tiempos.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan