Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak lan ordutegiak malgutzeko gida bat eskainiko die enpresei

2011.eko uztailak 19

 

  • Proiektu berritzaile horren helburua langileek lana eta familia hobeto bateratu ditzaten lortzea da
  • Euskadiko lau enpresatan gauzatu da esperientzia pilotua, zeina gida garatzeko baliatu baita

  

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gida bat egin du, hala nahi duten enpresek ordutegiak malgutzeko eredu berria aplikatu ahal izan dezaten, langileei lana eta familia bateragarriago egiten laguntzeko. Gida hori Euskal Autonomia Erkidegoko lau konpainiatan (Euskaltel, Lazpiur. S.L., Vadillo Asesores eta Bellota Herramientas) egindako esperientzia pilotuaren emaitza da, eta helburua Euskadiko enpresa guztietara hedatzea da. Horrela, esperientzia pilotu horren emaitzak bihar aurkeztuko dira, enpresetako -batez ere enpresa txiki eta ertainetako- kudeatzaile eta zuzendariei zuzendutako jardunaldi baten bitartez.

Plan berritzaile horren sorreraren atzean, lana eta familia bateragarri egiteko neurrien bitartez langileen bizitza hobetzeko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak duen estrategia dago.  Eta hori lortzeko lehentasunezko helburuetako bat lan-ordutegia arrazionalizatzea da.

Enpresak gizarte konplexuak dira, zeinetan, besteak beste, sail, zuzendaritza, bezero, hornitzaile, eta arazo logistiko ugarik esku hartzen duten, modu koordinatuan. Enpresetan eragiten dute, baita ere, sektore-akordioek, negoziazio kolektiboek, langileen gogobetetzeak, eta abarrek. Finean, alderdi horietako bakoitzean izaten diren aldaketek modu erabakigarrian eragiten dute gainerakoetan. Enpresetan ordutegi-eredu berriak ezartzeko gida edo metodo honen helburua prozesu horretan eman beharreko urratsak modu antolatuan eta zehatzean gidatuko dituen tresna ematea da, aldaketaren arrakasta arriskuan jarri lezakeen alderdi bakar bat ere ahaztu ez dadin.

Horrela, estrategiak oinarrizko lau puntu jasotzen ditu:

1- Tresnak informazioa ematen du enpresaren abiapuntuari buruz, eta sail, arlo edo unitate bakoitzean dauden koordinazio beharrak argi eta garbi identifikatzen laguntzen du.

2- Barne-erradiografia hori eginda eta zerbitzuari erantzuteko dauden ordutegi‑beharrizanak aurkituta, hurrengo urratsa enpresaren jomugan dagoen ordutegi-eredua zein den zehaztea da. Eredu berri hori zehazteko, eskaintzen den metodologiak hainbat fitxa edo lan‑txantiloi jasotzen ditu, ondoko alderdiak finkatzeko: zein talde  edo jarduera‑lerrotan eragiten duen, eragingo dituen langileen ehunekoa, ordutegia, aplikazio-epea, nahitaezko orduen kopurua, etab.

3- Hurrengo urratsa proiektu-mota desberdinak ezartzeko beharra dagoen ala ez erabakitzea da; izan ere, proiektu-mota horiek, nahiz eta orokorrak izan, erabakigarriak baitira ordutegi-eredu berria aplikatzerakoan. Adibidez, ondokoak zehaztu behar dira: guztiek batera lanean jardun beharreko gutxieneko lanaldia, ordutegi-tarte desberdinak estaltzeko sistema, ordutegi-aldaketarik onartzen ez duten zerbitzuak edo beharrizanak, arlo edo sail batzuen autonomoa gradua.

4- Azterketa zehatz horren ondoren, kontuan izan behar da prozesua nork gidatuko duen, nola transmitituko den, zein komunikazio-bideren bitartez, ordutegi-eredu berri horren aplikaziotik kanpo nor geratuko den, enpresan ordutegi aldaketa nola jarriko den abian, eta aldaketa horrek izan dituen ondorioen jarraipena eta ebaluazioa nola egingo diren.

Metodologia hori Sailaren web-orrian eskegitzeaz gain, uda amaitutakoan programa guztia Euskadiko 12.000 enpresa ingurura bidaliko da posta arruntaren bidez.

Biharko jardunaldian, proiektu pilotuan parte hartu duten enpresen ordezkariek beren esperientzia eta ondorioak aurkeztuko dituzte, eta langileen artean ordutegi-malgutasuna aplikatzeko modua azalduko dute.

Horrez gain, ordutegi-malgutasunari buruz merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan egindako azterlan baten emaitzak aurkeztuko dituzte. Txosten hori gehitu egin zaio joan den urtean Euskadiko enpresetako ordutegi-aldaketaren eraginari buruz aurkeztu zenari. Azken hori abiapuntu gisa erabili da Euskadiko lau enpresatan ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotua ezartzeko.

 

3 iruzkin
  • @latejo
    2011.eko uztailak 20

    Comentario de Twitter:
    Empleo y Asuntos Sociales ofrece a las empresas una guia para flexibilizar horarios laborales http://t.co/zcvaoA4

  • @Lan_Ekintza
    2011.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak lan ordutegiak malgutzeko gida bat eskainiko die enpresei . http://bit.ly/qNWld4

  • @Lan_Ekintza
    2011.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Empleo y Asuntos Sociales ofrece a las empresas una guía para flexibilizar los horarios laborales . http://bit.ly/pkV6W0

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko