Eusko Jaurlaritzak 14 milioi euro bideratu ditu covid-19aren ondorioen eraginpean dauden enpresentzako Bilakatu eta Bateratu programetara

2021-06-11
  • Bilakatu programak 11.000.000 euroko finantzaketa du, dibertsifikazio- eta/edo birlokalizazio-jarduketetarako
  • Bateratuk, 3.000.000 euroren bidez, finkapen-jarduketak sustatzen ditu, fusio- eta/edo xurgapen-planak abian jarri ondoren
  • EHAAk, gaur, bi deialdi horiek argitaratu ditu. Eskabideak aurkezteko epea bihar hasiko da eta urriaren 15ean amaitu

 

COVID-19aren pandemiaren ondorioen eraginpean dauden enpresentzako bi laguntza-programen deialdiak argitaratu dira, gaur, EHAAn, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak sustatuta. Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurrien artean, Bilakatu covid-19 eta Bateratu covid-19 laguntzak diseinatu ditu, enpresei osasun-arloko larrialdi-egoerak eragindako krisialdia gainditzeko ahaleginean laguntzeko.

Bi programa horiek egokitu egiten dira Europako Batzordeak covid-19aren krisialdiaren aurrean ekonomia bultzatzeko laguntzen inguruan adostutako EBren Aldi Baterako Esparrura. EBko estatuko laguntzei buruzko arauek aukera ematen diete estatu kideei neurri azkar eta eraginkorrak hartzeko, covid-19aren agerraldiak eragindako zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei eta enpresei laguntzeko, nagusiki ETEei.

Laguntza horietara enpresa handiek eta txiki eta ertainek (ETE) jo ahalko dute, baldin eta industria-enpresak, erauzketakoak, ekoizpenekoak, eraldatzaileak eta produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuetakoak badira eta haien inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan badaude.

Hamaika milioi Bilakatu covid-19rako

Krisia gainditzeko eta Euskadiko industria-egitura sendotzeko, Eusko Jaurlaritzak laguntza eman nahi die Euskadin bere garaian beste eskualde edo herrialde batzuetara kanporatutako gaitasunak dibertsifikatzearen eta/edo birkokatzearen alde egiten duten enpresei. Eta hamaika milioi euroko partida bat bideratu du horretara.

Bilakatu covid -19 programak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak eskaintzen dizkie jarduera negozio-ildo, produktu, zerbitzu eta merkatu berrietarantz dibertsifikatzeko ekoizpen-inbertsioak eta reshoringeko edo gaitasunak berriro Euskadin kokatzeko prozesuarekin zerikusia duten ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten enpresa edo enpresa-taldeei.

Programa horren bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak industria-arloko gaitasun berriak dibertsifikatzeko eta birkokatzeko inbertsioak gauzatzea sustatzen du, hazkuntza jasangarria lortzeko eta horrek balio erantsia izan eta enpresek merkatuetan duten lehiakortasuna hobetzeko.

Bilakatu covid-19 programan emandako dirulaguntzetan, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren gainean, enpresa handientzat % 10 izango da eta ETEentzat % 15. Enpresa handiek gutxienez onartutako 1.500.000 euroko inbertsioa egin beharko dute, eta enpleguari eutsi, eta ETEek gutxienez onartutako 200.000 euroko inbertsioa, eta horiek ere enpleguari eutsi beharko diote. Halaber, onartutako gutxieneko inbertsioetara iritsi ez, baina, enpresa handien kasuan, gutxienez 25 enplegu sortzen dituzten enpresen eta, ETEen kasuan, gutxienez 5 enplegu garbi sortzen dituzten enpresen inbertsioak ere kontuan izango dira.

Hiru milioi euro Bateratu covid-19 programarako

Bateratu covid-19 programa fusio- eta/edo xurgapen-planak abian jarri ondorengo finkapen-jarduketetara bideratzen da; plan horiek ondoriozko enpresen hazkuntza bizkortu eta produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzen dute.

Globalizazioak eta informazioaren teknologietan izan den iraultzak eta, ondorioz, merkatuak areagotu izanak eta merkataritzako kostuak murriztu izanak sektore ekonomiko askoren berregituraketa ekarri dute. Fusioak eta eskuratzeak enpresek behar duten egitura-aldaketa egiteko eta haien tamaina azkar areagotzeko erabilitako tresna nagusietako bat gisa har daitezke. Eragiketa mota horrek aukera bat dakar eskalako ekonomiak lortzeko eta enpresaren gaitasun berritzailea areagotzeko.

Laguntza-lerro horren bidez, Eusko Jaurlaritzak honako alderdi hauen alde egiten duten enpresei eman nahi die laguntza: haien hazkuntza sustatzen duten, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzen duten eta enpleguari eustea bermatzen duten jarduketak egitea eta, hala, merkatuetan duten lekua finkatzea.

Bateratu covid-19 programaren dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak izango dira, eta honela ezarriko dira: aholkularitzako eta/edo notariotzako gastu justifikatuak direla eta, enpresa handi eta ETEentzat, gastu horien % 25, eta laguntza jaso dezaketen inbertsioetarako, enpresa handien kasuan % 10 eta ETEen kasuan % 15.

EHAAk, gaur, bi deialdi horiek argitaratu ditu. Eskabideak aurkezteko epea bihar hasiko da eta urriaren 15ean amaitu. Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira www.euskadi.eus orrian.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak