Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitza Sailak 892 eskaera jaso ditu orain arte azalera-eskubideko etxebizitzen lurzorua eskuratzeko

2011.eko uztailak 19

Etxebizitza Sailak 892 eskaera jaso ditu 75 urterako azalera-eskubideko etxebizitzen lurzorua eskuratzeko, eta beraz, etxebizitzen jabetza osoa eskuratu ahal izango dute. Horrela, 75 urte igarota, Jaurlaritzari itzuli beharrik ez da izango.

Hona hemen Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzean gaur arte aurkeztutako eskaerak: Araban 185 eskaera aurkeztu dira. Bizkaian,  412 eta Gipuzkoan, 295. Lurzorua erosteko epea ekainaren 1ean hasi zen eta uztailaren 31an amaituko da.

Prozedura hori 6.541 etxebizitza, merkataritzako lokal eta eranskinei dago irekia. 1.826 Araban, 2.670 Bizkaian, eta 2.045 Gipuzkoan. Gobernuak alokairua bultzatzeko erabiliko ditu horrela lortutako diru-sarrerak.

Lurzoruaren balioa zehazteko, eraikinaren balio osoa kalkulatuko da, eta gero zenbateko horri %10 gehituko zaio, lurzoruaren eragin-balioa dela-eta. Ordaindu beharreko azken prezioa jabetza horizontalaren partaidetza-kuoten arabera esleituko da, eta kuotari BEZa gehituko zaio. Edonola ere, azken prezioa 10.000 eta 22.000 euro bitartean da etxebizitzako.

Eusko Jaurlaritzak ordaintzeko erraztasunak eskaintzen dizkie lurzorua erosi nahi duten guztiei: epe luzeko finantzazioa, interes-tasa txikia, eta eragiketaren eta izapidetzeko gastuen %100 eskatzeko aukera.

Prozesu horri ekiteko aukera Etxebizitzaren aldeko Itunean adostu ziren ekintzetako bat izan zen, eta Itun hori 79 erakunde sozialek eta ekonomikok sinatu dute dagoeneko. Kontuan hartu behar da, prezioen gaineko agindua 2010eko irailean onartu zenetik aurrera, etxebizitzen azalera-eskubidearen balioa murrizten joango dela denbora pasa ahala, eta etxebizitzak 75 urte betetzetik gertuago dauden heinean.

Betekizunak

Jabetza osoa eskuratzeko, zenbait betekizun bete beharko dituzte babes ofizialeko etxebizitzaren titular-kide guztiek diru-sarrera haztatuen gehiengoari dagokionean.  

Diru-sarreren mugak 2009ko zerga-ekitaldiari egokituko zaizkio, eta honako hauek izango dira:

a) Araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak edo etxebizitza sozialak badira: 25.000 euro.

b) Araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak badira: 39.000 euro.

Prozedura

Lurzorua erosteko interesa dutenek Etxebizitzako lurralde ordezkariari zuzendu beharko diote eskabidea, dagokion dokumentazioarekin batera. Eskabidea horretarako egokitu diren erregistro publiko guztietan erregistratu ahal izango dute.

Babes ofizialeko etxebizitzen jabeek lurzorua erosteko finantzazio kualifikatua lortu nahi badute, eskabide-orrian horretarako dagoen atalean adierazi beharko dute.

Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak honako hauek jakinaraziko dizkio eskatzaileari: eragiketaren azken prezioa, dagokion BEZa barne, bai eta ordaintzeko modua eta epea ere. Ordaintzeko epea hilabetekoa da, gehienez ere.

Interesdunak finantza-neurriak eskatu baditu, azken prezioarekin batera jakinaraziko diote neurri horiek emateko edo ukatzeko ebazpena.

Izapide guztiak amaitutakoan, Etxebizitzako lurralde ordezkariak erosteko eskabidearen ebazpen baieslea emango du. Ebazpenean, eskualdatzea formalizatu eta erregistratu ahal izateko datu guztiak jasoko dira, eta interesdunei eskritura publikoa egiteko deituko zaie.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan