Justizia Administrazioko Zuzendaritzak harrera-plana prestatu du, espetxeetako pertsonala Euskadiko Administraziora igarotzeko bide emateko

2021-06-09
  • Urriaren 1etik aurrera, Euskadiko espetxeetako funtzionarioak eta lan-kontratudunak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mende egongo dira
  • Harrera-planaren bidez, “elkarren arteko ezagutza eta konfiantza” sortu nahi da, “sor daitezkeen zalantzak eta ziurgabetasunak" argitzeko, esan du Beatriz Artolazabal sailburuak
  • Ibilbide bat finkatuko da, lan-baldintzak eta administrazioa aldatzeak plantillan eragingo dituen kontuak negoziatzeko
  • Artolazabal sailburuak Legebiltzarreko batzarrean berak eskatuta eman ditu Euskadiko espetxe-ereduari buruzko azalpenak

 Vitoria-Gasteiz, 2021/06/09

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, berak eskatuta, Legebiltzarreko batzarrean agerraldia egin du, Euskadiko espetxe-ereduaren ildo nagusiak azaltzeko. Sailburuak espetxeen kudeaketa Eusko Jaurlaritzari eskualdatzearekin zerikusia duten alderdi guztiak ekarri ditu gogora; izan ere, urriaren 1etik aurrera, espetxe-instituzio eta -establezimenduen antolamendua, erregimena eta funtzionamendua hartuko ditu bere gain, bai eta gizarteratzea eta espetxe-legearen betearazpena ere.

Data horretan bertan, 700 funtzionario inguru eta kontratatutako pertsonala Euskadiko administrazioaren mende egoten hasiko dira. Gai horren inguruan, sailburuak aitortu du prozesu konplexua izango dela eta “trantsizio-zubiak” beharko direla, “aldaketak ahalik eta trauma gutxien eragiteko".

Ildo horretan, Artolazabalek esan du Justizia Administrazioko Zuzendaritza harrera-plana prestatzen ari dela, “banan-banan espetxeen transferentziarekin lotura duten pertsona guztiei heltzeko”. Asmoa, esan duenez, “elkarren arteko ezagutza eta konfiantza” sortzea da, egon daitezkeen “zalantzak eta ziurgabetasunak” argitzeko.

“Transferentzia-akordioaren edukiaz eta haiengan izan ditzakeen ondorioz hitz egingo dugu. Eta ibilbide bat finkatuko dugu, lan-baldintzak eta administrazioa aldatzeak plantillan eragingo dituen kontuak elkarrekin negoziatzeko”, esan du.

Era berean, dagoeneko alde biko bilerak deitu dira, ordezkaritza gehien duten erakunde sindikalekin: ELA, LAB, CCOO eta UGT, eta CSIF ere gonbidatuko da.

Sailburuak errespetu-hitzak izan ditu kolektibo guztiarentzat, ETAren mehatxuak jasatearren, eta, aldi berean, haren indargune nagusia egiaztatzen duten “prestakuntza eta profesionaltasuna” direla aitortu du.

Artolazabalek Euskadiko espetxe-ereduaren jardun-ildo nagusiak ekarri ditu gogora. Hala, berriz ere gogoratu du biktimak beti egongo direla jarduketen erdigunean, eta eskatu du “biktimentzako bidegabekeria”tzat ez hartzeko eredu honek denfendatzen duen presoen birsozializazioa. “Ez da inolaz ere hori defendatu nahi”, esan du; “Euskadiko espetxe-ereduak arreta berezia eskainiko die dela ekintza terrorista baten ondorioz dela beste edozein delituren ondorioz edozein indarkeria mota jasan duten pertsonei”.

ETAren biktimei berariaz erreparatuz, Artolazabalek gogorazi du AVTko eta Coviteko ordezkariekin izan dituen bilerak: “Nire errespetu osoa, hurbiltasuna eta maitasuna dute. Jaurlaritza honen asmoa ez da haien zaurietan sakontzea. Komunikazio arina izateko dudan asmoaren eta haien elkarteekin harreman estua ezartzeko dudan konpromisoaren berri eman diet”.

JUSTIZIA ERRESTAURATIBOA

Euskadiko espetxe-ereduaren oinarria justizia errestauratiboa da. Hori horrela, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi du “justizia-eredu alternatibo” horrek Europako beste herrialde batzuetan nolako “emaitza bikainak” izan dituen, eta bere sailak honako hiru ekintza hauen alde egiten duen apustua nabarmendu du: birsozializatzea, berreztea eta gizarteratzea”.

“Zigorra bera bakarrik, elementu berbideratzaile gisa, ez da irtenbidea”, esan du, eta, aldi berean, erdi-askatasuneko erregimena defendatu du berriro, Euskadiko ereduaren arrakastarako funtsezkotzat jo duena.

ETAko presoak direla eta, eta Vox edo PP-Ciudadanos alderdiek eginiko kritikak direla eta, sailburuak esan duenez, “urteetan zehar, ETAko presoek espetxe-baldintza oso espezifikoak izan dituzte”. Hala ere, Ganberako alderdiei planteatu die, halaber, “ETAren delitu-jarduera desagertu dela kontuan hartuta, salbuespen-tratuari eustea ez datorrela bat zigorra betearazteko printzipioekin”.

Horrekin batera, sailburuak “5 eta 10 urte bitarterako” premiak jasoko dituen azpiegitura-plana egiteko beharra azaldu du, eta Justizia Zuzendaritzaren berrantolamendua azaldu du. Hala, Ana Agirre sailburuordea izango da buru, bere hiru zuzendariekin, Eugenio Artetxe, Javier Landeta eta Jon Uriarterekin, eta espetxe-gaien aholkulariarekin, Jaime Tapiarekin. Taldean 36 funtzionario ere izango dira; haietako seik proiektuko zuzendaritza-lanak beteko dituzte.

Azkenik, Artolazabalek espetxe-eredua garatzeko sailen arteko erakundea eratuko dela jakinarazi du; izan ere, ereduaren arrakasta ez da soilik Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren araberakoa izango. Erakunde berri horrek Eusko Jaurlaritzako zenbait sailen ordezkaritza izango du, besteak beste, Gobernu Publiko eta Autogobernuarena, Osasunarena, Hezkuntzarena eta Segurtasunarena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak