Euskadin turismoa sustatzeko kanpainetan lurraldeko eskaintza aberatsa eta kalitatezko gastronomia azpimarratuko dira

2021-06-14

 

  • Javier Hurtado sailburuak Euskadiko turismoa sustatzeko kanpainak aurkeztu ditu gaur, udari begira.

Udako kanpainak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren dinamizazio- eta sustapen-estrategiaren barruan txertatzen dira; sektorearen susperraldia bultzatu eta Euskadi seguru, anitz eta jasangarri baten irudia erakustea dute helburu, mundu osoan ezaguna den gastronomia batekin. Estrategia horrek honako hauek biltzen ditu: nazio mailako eta nazioarteko sustapen-ekintzak, fam eta press trips delakoak, turoperadoreen eta kazetarien edo influencer espezializatuen artean helmuga ezagutarazteko; azoka, biltzar eta foroetan presentzia edukitzea; marketin-ekintzak eta gaur aurkezten ari garen helmugarekin edo produktuarekin lotutako kanpainak.

Udako bi kanpainak, alde batetik, turismo jasangarriaren eta naturako turismoaren segmentuan ardaztu dira; izan ere, aurreikusten da horixe izango dela bidaiatzeko arrazoi nagusietako bat. Horrez gainera, Euskadiko gastronomia bikainaren trakzioa ere erabiliko da.

Lehenengo kanpaina uztailaren 30era arte luzatuko da eta “Euskadi, zure momentua, lekua da” goiburua izango du. Hurtado sailburuak azaldu duenez, gure lurraldeak turismoaren arloan dituen indarguneak azaldu nahi ditu kanpaina honek: “plan eta aukera sorta zabala, eta garrantzi handia izango dute naturako turismoak eta gastronomiak”. Hurtadok adierazi duenez, “gure lurraldearen ertz batetik bestera bi orduan irits gaitezke, baina plan ugari egin daitezke bertan”.

Horrez gainera, “bisitariengana iritsi nahi dugu merezi duten omenaldia eginez”. Pandemiaren prozesuan une pertsonal latzei egin behar izan diegu aurre. Horregatik, orain, 2021eko uda hau, indarrak eta konfiantza berreskuratzen hasteko unea da. Era berean, kanpaina honetan gastronomia izango da azaldutako edozein planetako bidelagun aparta.

Horregatik, sustapen-estrategia orokor gisa, gastronomia ardatz duen kanpaina monotematiko bat ere prestatu da “Euskal erara” goiburuarekin, eremu nazionalera eta bertakoengana zuzenduta. Helburua da mundu osoan ezaguna den gastronomiaren irudia sustatzea eta Euskadi Gastronomika, konpromiso- eta exijentzia-irizpide batzuk betetzen dituzten jatetxeek, tabernek, dendek eta gastronomiarekin zerikusia duten bestelako establezimenduek osatzen duten sarea, ikusarazten laguntzea. Kalitatezko gastronomia erakusteko planteamendu bisualari pintura kutsu bat eman nahi izan zaio, beste era bateko identitate grafiko, artistiko, esperientzial eta berritzaile batekin.

Hurtado sailburuak adierazi du kanpaina honen goiburua “Euskal erara” dela, “nortasun handiko gastronomiaren esperientzia” esaldiarekin osatuta. “Izan ere, horixe transmititu nahi dugu: tradizio hori eta abangoardia bateratzen dituen, sukaldaritza sortzailerako bidea egin duen eta gure zentzumen guztiak esnatzen dituzten produktuak eskaintzen dituen nortasun handiko sukaldaritzaren sentsazioak”, esan du.

Hurtadok adierazi du gastronomiari buruzko kanpaina batez ere bisitari nazionalei eta Euskadiko herritarrei zuzenduta dagoela. Helmugari buruzko kanpaina, berriz, nazioarteko gertuko merkatuetara ere hedatzen da: Horietako bat Frantzia da, Europako merkatu igorle nagusietako bat baita, eta bestea Benelux, hazkunde- eta konexio-ahalmen handia duena eta pandemiaren aurretik Euskadin oso joera positiboa izan zuena. Segmentazio hori azkenaldiko datuetan oinarritzen da; izan ere, datu horien arabera, Espainiako herritarren % 86k lurralde barruan bidaiatzea pentsatzen dute, eta pandemiaren aurretik zifra hori % 69 zen.

Kanpainak hedatzeko baliabideen plana teknologian oinarritzen da, eta prentsa digitala, publizitate programatikoa, online telebistak eta gailu mugikorrak erabiliko dira. Frantziako telebistekin eta prentsarekin ere izenpetu dira akordioak. Gainera, sare sozialetan indartu egingo da sustapena.

Esku-hartzeari amaiera emateko, sailburuak gogorarazi du jada indarrean dagoela Euskadi Turismo Bonua, mugikortasun-mugak zirela eta bere garaian atzeratu egin behar izan zena. Guztira 450.000 bonu egongo dira zirkulazioan, “eta espero dugu 14 milioi eurotik gorako inpaktua izatea turismoaren sektoreari eta ostalaritzari laguntzeko”, adierazi du. Abenduaren 31ra arte atxikitako edozein establezimendutan erabili ahal izango dira, eta izan litezke turismo-enpresak, gidariak, ostatuak edo ostalaritzako establezimenduak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak