‘Archivo Histórico de la Policía Nacional de Guatemala 2005-2017’ liburuaren argitalpena

2021-06-09

 “Archivo Histórico de la Policía Nacional de Guatemala 2005-2017” liburuaren gaztelaniazko bertsio digitala argitaratu da, gaur, ekainak 9, Artxiboen Nazioarteko Egunean. PDF-a formatu irekian kontsulta daiteke honako esteka honetan. Testuak Guatemalan egia eta justizia prozesuetan giltzarri izan den erakunde horren garrantziaren berri ematen du. 

Argitalpena honako hauen lan sakon eta sendoaren ondorioa da: Kataluniako Lankidetzaren Agentzia (ACCD), Kataluniako Artxibo Nazionala (ANC), Bakerako Suitza Fundazioa (swisspeace), Suitzako Kanpo Gaietarako Departamentu Federala (DEAF) eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia. Ikerketa egiteko, Josep Fernandez, ANCko Funts Historikoen arloko arduraduna, eta Corsin Blumenthal, swisspeace erakundekoa, Guatemalara joan ziren 2017an, eta hilabetea batez artxibo- prozesuak dokumentatu eta askotariko eragile garrantzitsuei elkarrizketak  egin zizkieten. Emaitza 220 orrialdeko bi ataleko liburua da: “artxibo-esperientzia” eta “Erronkak, lorpenak eta iraganari heltzeko ekarpenak”.

Guatemalako Polizia Nazionalaren Artxibo Historiakoa balio historiko sozial, zientifiko eta judizial izugarria duen dokumentu-funtsa da. 2005ean aurkitu zuten Guatemalako Polizia Nazional Zibilaren instalazio batzuetan, eta Erdialdeko Amerikako herrialdeko barne-gatazka armatuko (1960-1996) gertakari asko argitzeko funtsezko tresna bihurtu da. Nazioartean erreferente bat da, eta ikasitako ikasgaiak baliagarriak izan daitezke gizarteek gatazkak eta giza eskubideen urraketa-egoerak kudeatzeari aurre egin behar dioten beste testuinguru batzuetan. Ildo horretan, Polizia nazionalaren Artxibo Historikoaren sistematizazioa bi ikuspegitik egin da: artxiboen ikuspegitik eta artxiboek bakeari egin dioten ekarpenetik.

Euskadik eta Kataluniak bake, justizia eta memoria historikoko prozesuak lagundu dituzte Guatemalan duela hogei urte baino gehiagotik. Nabarmentzekoa da, Polizia Nazionalaren Artxibo Historikoari emandako babesa. Gutxi gorabehera 80 milioi orrialde bildu eta berreskurapen prozesuan daude, eta herrialdearen eta polizia erakundearen ia 116 urteko historiaren berri ematen dute. Nazioarteko lankidetzaren laguntzarekin, hogei milioi dokumentu baino gehiago berreskuratu, aztertu eta digitalizatu dira. Ekimen hori funtsezkoa izan da egia argitzeko, justizia aplikatzeko eta zigorgabetasunaren aurka borrokatzeko prozesuetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak