Euskadiko Artxibo Historikoak “Irudia eta Historia 1839-1980” argazki erakusketa irekiko du bihar

2021-06-08

Euskadiko Artxibo Historikoak “Irudia eta historia 1939-1980” argazki erakusketa irekiko du bihar, ekainaren 9a, Artxiboen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Erakutsiko diran argazkiek Euskal Herriko iragana eta historia hobeto ulertzen lagunduko die bisitariei. Euskadiko Artxibo Historikoak bere funts eta bildumen argazkiekin prestatu du erakusketa, historiako une desberdinetara ibilbidea proposatuz.

Argazkiak hainbat jatorritakoak dira. Alde batetik, XX. mendearen bigarren erdialdeko argazkilarien lanak, profil eta ibilbide desberdinetakoak. Erakusketa honek German Elorzaren, Manu Leguinecheren edo Juantxu Rodríguezen lanak biltzen ditu. Bestetik, badaude Eusko Jaurlaritzako artxibo historikoko espedienteetan gordetako argazkiak ere, 1936 eta 1945. urteen artekoak. Artxiboko bilduma orokorraren parte diren XIX. mende amaierako argazkiak ere ikus daitezke. 

Bihar, ekainaren 9an inauguratuko den erakusketa iraunkorrean ia mila argazki erakutsiko dira, eta horietatik 70 inguru formatu handikoak izango dira. Erakusketa Euskadiko Artxibo Historikoko hallaren eta lehen solairuaren artean banatuta dago. 

Euskadiko Artxibo Historikoa

Euskadiko Artxibo Historikoak euskaldunen Historia osotzen eta ezagutzen laguntzen duten dokumentuak biltzen ditu. Gaur egun bi zeregin garrantzitsu ditu. Batetik, lehen aldiz 1936an eratu zen Eusko Jaurlaritzak eta horren inguruko erakundeek sortutako agirien bilgunea izatea eta bestetik, herritarrek, banaka edota era kolektiboan, denboran zehar ekoitzi dituzten mota guztietako dokumentuak jasotzen ditu.

Euskadiko Artxibo Historikoaren ardura da agiri horiek guztiak hartzea, sailkatzea, gordetzea eta hiritarren eta ikerlarien eskura jartzea.

Gaur egun, Euskadiko Artxibo Historikoak 80 artxibo-funts baino gehiago gordetzen eta babesten ditu. Zati handi bat bere webgunean kontsulta daiteke https://dokuklik.euskadi.eus/.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak