Eusko Jaurlaritzak Euskadin erlijio-aniztasuna babesteko eta bermatzeko eta kultu-zentro berriak irekitzeko lege-proiektua onartuko du

2021-06-08
  • Erakundeen, erlijioen eta gizartearen ordezkariek osatutako Euskadiko Erlijioen arteko Kontseiluak zainduko du lege-esparru berriaren kudeaketa positiboa
  • Udalek erlijio-ekipamenduetarako lurzoru-erreserbak aurreikusi beharko dituzte hiri-antolamenduko planetan
  • Ikuspegik mapa batean jaso du Euskadiko lurraldeetako erlijio-aniztasuna, bai biztanleriaren atxikipen erlijiosoari dagokionez bai kultu-lekuen kopuruari eta kokapenari dagokienez
  • Gehiengoa katolikoa da, ia milioi eta erdi sinestun, eta ondoren musulmanak eta ebanjelikoak
  • Meskita asko eta tenplu budista batzuk daude erregistratuta, eta sinagogarik eta tenplu hinduistarik ez

 Vitoria-Gasteiz, 2021/06/08

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko lekuen, kultu-aretoen eta erlijio-aniztasunaren lege-proiektua aurkeztuko du datorren astean Gobernu Kontseiluan, onar dezan.
Lege proiektu honen helburua da euskal gizartean elkarbizitza eta erlijio-askatasunerako eskubidea babestea.

Erlijio-aniztasuna behin betikoa eta atzeraezina den fenomeno bat da, eta legeriak baino azkarrago egin duenez aurrera, erakundeek ez zuten errealitate berri hori kudeatzeko lege-tresnarik.

Lege hau, beraz, sortu da aniztasun horri estaldura juridikoa emateko, helburu gisa ezarrita Euskadin errotuta dauden konfesio guztien elkarbizitza eta elkarrizketa egoera berean bermatzea eta babestea, bai eta kultu-zentroak edo lekuak irekitzeko eta erabiltzeko oinarrizko eskubidea ere.  

Hori betetzeko, udalek hiri-antolamenduko planak eguneratu beharko dituzte; izan ere, bertako “lurzoru-erabilgarritasunaren arabera”, udalerriak behar dituen erlijio-erabileretarako ekipamenduetara bideratutako lurzoru-erreserbak aurreikusi beharko dituzte. Era berean, dokumentuan berariaz eskatzen zaie udalei “zuzeneko edo zeharkako bereizkeria edo murrizketa arbitrario bat eragin dezaketen alderdiak saihestea”.

Horrez gainera, hirigintza-lizentziei, kultu-zentroak irekitzeko komunikazioei buruzko arauak eta bestelako jarduera-baimenak ere arautzen dira. Ekipamendu eta gune publikoak noizean behin erlijio-ekitaldiren bat antolatzeko erabiltzea ere arautzen da, eta udalek konfesio batek baino gehiagok erabiltzeko leku, lokal edo eraikinak izateko aukera ere jasotzen da. 

Alde horretatik, lege berriak udalen esku uzten du arauak betetzen diren zaintzeko erantzukizuna, bereziki baldintza teknikoak, pertsonen segurtasuna eta osasuna eta ingurumenaren babesa kontrolatzeari dagokionez. Hala eta guztiz ere, udalek ez dute zehatzeko ahalmenik izango; izan ere, murrizketa-neurriak hartzea, beharrezkoa izango balitz, erakunde judizialen eskumena izango da.

EAEko Erlijioen arteko Kontseilua

Elkarrizketa oinarrizko tresna izango da Euskadin erlijio-aniztasunaren kudeaketa positiboa egiteko. Horretarako, ezinbestekoa da EAEko Erlijioen arteko Kontseilua sortzea. Kontseilua batez ere aholku emateko izango bada ere, lagungarria izango da erlijio- eta kultu-askatasuna gauzatzean eragina izan dezaketen ekimenetan eta erabakietan. Kontseilua kudeaketa dinamizatzeko eragilea izango da, bai eta gizartearen aniztasuna babesteko eta sustatzeko koherenteak diren jarduketak proposatzeko eta diagnostikoak partekatzeko foroa ere.

Erlijio arteko Kontseilua osatuko dute Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru-aldundien, udalen, elizen, konfesioen eta erlijio-komunitateen ordezkariek, legearen ezarpenean “interes kualifikatua” duten herritar-elkarteek eta gaitasuna aitortzen zaien pertsonek.

Azken osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-arauak Eusko Jaurlaritzak ezarriko ditu dekretu bidez. Eta, dokumentuan jaso denez, “osaera horretan sustatuko da emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua, guztiek ere trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia dutela”.

Gobernu Kontseiluak lege-proiektua onartzen duenean, dokumentua Eusko Legebiltzarrera bidaliko da izapidetu eta behin betiko onartzeko.

Erlijio-aniztasunaren mapa

Euskal Autonomia Erkidegoak lehenbiziko aldiz du Giza Eskubideen Zuzendaritzak, Ikuspegiren eta Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Institutuaren bitartez, egindako mapa bat. Bertan Euskadiko erlijio-aniztasuna jaso da, bai konfesioen eta sinestunen kopuruari dagokionez bai kultu-lekuen eta tenpluen kopuruari dagokionez.  

Horrela, katolizismoa da konfesio nagusia, eta 1.489.864 sinestun ditu; ondoren, tarte handira, daude musulmanak (89.487), ebanjelikoak (29.326) eta ortodoxoak (18.964).

Hiru lurraldeetan gehiengoa katolikoa dela asumituta, datu sektorial batzuk nabarmentzen dira: erlijio islamikoa dutenak gehiago dira Gasteizen (14.114), eta hamar bat meskita dituzte; Bilbon, berriz, 13.131 dira eta sei meskita dituzte; eta Donostian 5.540 dira eta ez dute meskitarik.

Ebanjelikoei dagokienez, horien erreferentziako lurraldea, zalantzarik gabe, Bizkaia da.  Bilbon 4.095 ebanjeliko bizi dira; Gasteizen 2.969 eta Donostian 2.885. Tenpluei dagokienez, konfesio honek ditu, eliza katolikoen atzetik, kultu-leku gehien: 120 ditu Euskadi osoan, horietatik 35 Bilbon eta 19 Gasteizen. Donostian 7 zentro bakarrik daude, Bermeon baino bat gutxiago edo Santurtzin, Getxon edo Barakaldon baino bi gutxiago, esate baterako.

Ez dago sinagoga bakar bat ere, ez eta tenplu hinduistarik ere. Aipatzekoak dira Donostiako bost tenplu budistak, eta Bilbon 4 eta Gasteizen 1 daude.

Erlijio-aniztasuna errealitate ukaezina da Euskal Autonomia Erkidegoan.  Mapak agerian uzten du Euskadin sinesmenari lotutako bigarren aukera –berriz ere katolikoen atzetik–, hain zuzen ere, erlijiorik ez izatea dela. Berez, 515.771 pertsonek sinesgabetzat dute euren burua.

 Erlijio-aniztasunaren mapa: https://labur.eus/ui2IX

2 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2021-06-09

    Lo mismo pregunto: ¿Por qué un estado aconfesional debe reservar recursos públicos (suelo) para el desarrollo y/o la promoción de actividades confesionales?

  • 2021-06-08

    ¿Por qué un estado aconfesional debe reservar recursos públicos (suelo) para el desarrollo y/o la promoción de actividades confesionales?

Ekitaldiko kargudunak