Sagardui sailburuak Alcor enpresa-taldearen instalazio berriak inauguratu ditu

2021-06-07

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ALCOR enpresa-taldearen instalazio berriak inauguratu ditu gaur goizean. Estibaliz Hernaez Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea ere bertan izan da.

Milioi bat euro inguruko inbertsioa egin da instalazio berri hauetan. Jundizko industrialdean daude, eta Alcor taldeko teknologia berriak eta osasuna lantzen dituzten enpresak daude bertan. Hain zuzen ere, Mizar Additive Manufacturing, Mizar Health, FM Control, eMedica eta Karten Space. Gainerako taldea, Atik, automozioa lantzen duena, beste pabilioi batean dago, Jundizen.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak nabarmendu duenez, sektore desberdinen arteko sinergiari eta ezagutza-trukeari esker, Alcor taldea gai da konponbide integral eta pertsonalizatuak proposatu eta aplikatzeko, osasun-arloak eskatzen duen bezala; horrek Euskadik Europako osasun publikoko zerbitzu aurreratuenetako bat izaten jarraitzea laguntzen du. "Zuen lanaren emaitzak osasun-sistemari mesede egingo dio, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak zuen bidelagun izan nahi dugu", adierazi du.

Bestalde, Estibaliz Hernaez Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak txalotu egin du inbertsio berrien aurrean enpresak erakusten ari diren jarrera, egoera zail honetan. Hala, nabarmendu du EAEko sektoreen % 80k fakturazioari, eskaerei, enpleguari eta I+Gri eustea edo hobetzea espero dutele datorren seihilekoan. Era berean, industriak eta teknologiak ekonomiaren susperraldian duten papera azpimarratu du Hernaezek.

Bere hitzaldian, sailburuordeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak enpresei laguntzeko plan berezi bat duela, 430 milioi euro eta 68 programarekin, eta horietatik kopuru handiena Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza sendotzeko erabiliko dela. "Euskadi Herri berritzailea da, baina ezin gara erlaxatu", adierazi du.

ALCOR TALDEA

Alcor taldeko industria-, osasun-, hegazkin- eta automozio-sektoreetan aritzen diren enpresek 180 pertsonari ematen diete lana, eta 36 milioi euro fakturatu zituzten 2020ko ekitaldian.

Instalazio berrietara bideratutako milioi bat euroko inbertsioa pandemia betean egin zen, eta teknologia berrietan fokalizatutako Alcor enpresetan aurrez inbertitutako 8 milioi euroei gehitzen zaie.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak