Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortu eta bistaratu dute

2021-06-04
  • Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak jada hautatu ditu aurten euren lanagatik aitorpena jasoko duten hiru ikertzaileak
  • Miren Cajaraville, Malu Martínez-Chantar eta Paola Ferrario ikertzaileak dira
  • Ekimenaren helburua Euskadiko emakume ikertzaileak bistaratzea da, ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen

Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak hautatzen ditu aitorpena jasoko duten emakume ikertzaileak, eta aurten erabaki ditu dagoeneko, aho batez, 2021ean hiru kategorietan aitortuko diren ikertzaileak. Hauek dira:

  • Advanced, ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena: Miren Cajaraville, Biologia Zelularrean katedraduna, UPV/EHU
  • Consolidator, bere ikerketa-arloko lidergoaren aitorpena: Malu Martínez-Chantar, CIC bioGUNEko ikertzaile nagusia
  • Starting, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aitorpena: Paola Ferrario, Ikerbasque Research Associate ikertzailea, DIPCen

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek urtero egiten duten aitorpen hau berez ez da sari bat, Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana bistaratzeko modu bat baizik, ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Horretarako, euren karrera zientifikoaren hiru etapa ezberdinetan dauden emakume ikertzaileak nabarmentzen dituzte: Advanced, Consolidator eta Starting.

Aitorpenen bigarren edizio honetan Ikerbasquek Euskadiko 330 emakume ikertzaileren azkenaldiko ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuen analisi bibliometrikoa egin du. Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak horietatik hautatutako 18 ikertzaileen artean egin du lehen aipatutako hiru kategoria horietako azken aukeraketa. Batzordeak hiru kategorietako ikertzaileen maila zientifiko altua azpimarratu du, eta horrek agerian uzten du, batzordearen esanetan, Euskadin emakume ikertzaileek egiten duten zientziaren ahalmen handia.

Bestalde, batzordeak adierazi du edizio guztietan saiatu direla aitortutako ikertzaileen profilen artean nolabaiteko oreka bilatzen, bai euren ikerketa-karreraren etapari dagokionez, bai jakintza-arloari eta euren azpisistema zientifikoari dagokienez. Ebaluazio Batzorde hori Ikerbasqueko Patronatuko ospe handiko hiru ikertzailek, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak osatzen dute.

Urteko aitorpenak

Ekimena Ikerbasqueren Plan Estrategikoaren esparruan gauzatzen da, plan horren 12 erronketako bat baita Ikerbasqueren ikertzaileen komunitatean sartzen diren ikertzaileen genero-berdintasunean aurrera egitea. Alde horretatik, Zientziarako Euskal Fundazioak gauzatutako Berdintasun Planean jasota dago emakume ikertzaileei urtero aitorpena egiteko ekimen hau.

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek 2021eko udazkenean egingo dute aitorpen-ekitaldia, eta bertan izango dira, aitorpena jasoko duten ikertzaileekin batera, Euskadiko ikerketa-zentroen, unibertsitateen eta zentro teknologikoen ordezkaritza zabala.

 

Advanced: Miren Cajaraville (Donostia, 1964)

  • Biologia Zelularrean katedraduna, UPV/EHU.
  • Biologian doktorea UPV/EHUn.
  • Kutsaduraren biomarkatzaile molekularrak eta zelularrak, zelula-kultiboak eta in vitro toxikotasun mekanismoak, transkriptomika eta proteomika ikertzen ditu.
  • PIE-Plentziako  Itsas Estazioko ikertzailea eta Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian ikertalde finkatuaren zuzendaria da.
  • Ebaluazio Batzordeak nabarmendu du itsas ekosistemetako zelulen biologian eta ingurumen toxikologian egin duen ibilbide zientifiko bikaina, bai eta ikertzaile berriak prestatzeko eta euskal zientzia proiektu eta sare zientifikoen bidez nazioarteratzeko egin duen lan emankorra ere.

 

Consolidator: Malu Martínez - Chantar (Madril, 1968)

  • CIC bioGUNEko ikertzaile nagusia.
  • Biokimikan eta biologia molekularrean doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.
  • Gibeleko gaixotasunak ikertzen ditu, besteak bete, minbizia, horiek agertzean eta garatzean inplikatuta dauden alterazio metabolikoak ulertzeko.
  • Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak azpimarratu du ikerketa biomedikoaren arloko bere lidergo zientifikoa nazioartean proiekzioa duen ikertzaile-programa arrakastatsuaren baitan, ardatza gibeleko gaixotasunetan, adibidez minbizi mota ezberdinetan eta gibel koipetsuan, inplikatuta dauden alterazio metabolikoen azterketa izanik.

 

Starting: Paola Ferrario (Milan-Italia, 1980)

  • Ikerbasque Research Associate ikertzailea DIPCen (Donostia International Physics Center)
  • Fisikan doktorea Valentziako Unibertsitatean.
  • Neutrinoen fisika eta irudi medikorako dituen aplikazio instrumentalak ikertzen ditu. Neutrinoaren izaera ikertzen duen NEXT esperimentuan laguntzen du.
  • European Research Council erakundearen ERC Starting Grant laguntza lortu du.
  • Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak azpimarratu ditu partikulen fisikan ikertzaile gazte gisa berriki egin dituen lorpenak, eta, esate baterako, ERC Starting Grant beka ospetsua lortu izana positroi emisio bidezko tomografiaren bitartez instrumentazio medikoa hobetzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa