Elkarlan Sariak
Berriak Lana eta Enplegua
qrcode

Lehendakariordeak Inspiring Girls-eko parte-hartzaileei aipatu die "nahi duzuen hori izan zaitezketela, ezin baita emakumeentzako oztoporik egon"

2021-06-04

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak neska gazteak nahi dutena izatera animatu ditu, emakume izateagatik "inolako mugarik gabe". Mujer Siglo XXI Elkarteak antolatzen duen Inspiring Girls ekitaldian bideo bidez parte hartu du, eta gogorarazi du euren esperientzia ikasleekin partekatu duten profesionalek erakutsi dutela "ez dagoela oztoporik nahi duzuen horretan aritzeko".

Mendiak adierazi du lanbide batzuetan emakumeek presentzia txikiagoa dutela eta okerrago ordainduta egoten direla, eta soldata-arrakala horrek desberdintasun handia eragiten duela. "Nire sailean modu askotan ari gara lanean hori eragozteko, eta horietako bat da neskek orain gutxiengoa diren lanetan aritzeko aukera izatea", azaldu du, sektore maskulinizatuetan emakumeak prestatzeko eta kontratatzeko programa berriari erreferentzia eginez," oztopo hori apurtzen joateko beste urrats bat baita".

Inspiring Girls ekitaldiko gai nagusia aipatu ondoren, esploratzeko dauden eremu handiak aipatu ditu, espazioa edota zientzia, "eta onena da lurralde hori zuek esploratu dezakezuela, zuek izan zaitezketela balentria eta aurkikuntza berrien protagonista".

"Ez diozue inori ezer erakutsi behar. Zuen buruari bakarrik. Asmatu eta hanka sartzeko eskubidea duzue, amaieraraino norabide bera jarraitzeko edo bide erdian aldatzeko", eskatu die, baina uko egin gabe "ikasteari eta saiatzeari, ezin baita jakin noraino eraman zaitzakeen ahalegin horrek".

Lehendakariordeak, amaitzeko, bere esperientzia pertsonala aipatu du, "ahulenak defendatzea" izan baitzen politikara eraman zuena. Gaineratu duenez, esparru horretan ere emakume gutxi zeuden, "eta gaur egun gehiengoa gara Legebiltzarrean, batzuek bidea ireki zigutelako. Ibilbide hori mugarik gabe egitea besterik ez da falta orain".

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)