Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak eskerrak eman dizkio eta babes irmoa adierazi dio Ertzaintzari, zorionak emateko, kondekorazioak banatzeko eta zerbitzuan hildako ertzainak omentzeko ekitaldian

2021-06-06
  • Zeremonian 36 agenteren lana zoriondu dute eta 24 kondekorazio banatu dituzte segurtasun publikoaren arloko merezimenduzko jarduketengatik
  • Gainera, Urumea ibaian gertatutako istripuan hil zen Iñigo Etxarri agentearen familiak polizia-lana aitortzeko bereizgarri gorriko hil osteko domina jaso du 

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela egin da gaur eguerdian polizia-lanagatik ertzainak zoriontzeko eta dominak banatzeko, eta zerbitzuan hildako ertzainak omentzeko eta gogora ekartzeko urtero egiten den ekitaldia. Lehendakariak eskerrak eman dizkio Ertzaintzari “pandemia garaian osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko egindako ezinbesteko polizia-lanagatik”, eta “babes irmoa” adierazi dio Ertzaintza jasaten ari den eta “beste garai batzuk gogorarazten dizkiguten gertaera puntual baina, aldi berean, onartezinengatik”. 

Ekitaldi solemnea Arkauten, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren instalazioetan, egin da, eta bertan izan dira Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Miren Goitia Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria, Rodrigo Gartzia Ertzaintzaren zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua. Agintariez, buruzagiez eta omendu diren agenteez gainera, ekitaldian Ertzaintzako lankideak, familiartekoak, adiskideak eta lagun maiteak ere izan dira. 

Iaz pandemia-egoeraren ondorioz bertan behera utzi zen baina berez urtero egiten den ekitaldi honen helburua izan da: 

  • Azken bi urteotan egin duten lan onarengatik aitorpena jaso duten 36 agenteak zoriontzea.
  • Segurtasunaren arloan merezimenduzko jarduketak egin izanagatik edo Ertzaintzaren erakundearen alde egin duten lanagatik polizia-aitorpena adierazteko 24 kondekorazio ematea. Aitorpen-motaren arabera ematen diren plakak edo dominak dira, eta bereizgarri gorria, berdea, zuria edo urdina izaten dute.
  • Polizia-lana aitortzeko bereizgarri gorriko hil osteko domina ematea Iñigo Etxarri Álvarez

 DOMINAK ETA KONDEKORAZIOAK

 Lau domina banatu zaizkie, horietako hiru bereizgarri gorrikoak, ETAren atentatuetan zauritutako edo joan den mendearen amaieran talde terroristaren aurka merezimenduzko jarduketak egindako hiru ertzaini. Laugarren dominak, bereizgarri berdekoak, agente baten 2001eko jarduketa bat ekarri du gogora, funtsezkoa izan baitzen bonba-autoekin hainbat atentatu egin zituen ETAko kide bat atxilotzeko.

 Bereizgarri gorriko beste domina bat 2010eko jarduera eredugarri bat aitortzeko izan da; izan ere, ertzain batek lankide bati bizia salbatu zion laguntza eske egindako dei bati erantzuten ari ziren agenteei arma bat zuen erasotzaileak tiro egin zienean.

Bestalde, trafiko-istripuetan biziak salbatu dituzten jarduketekin zerikusia duten hainbat kondekorazio banatu dira. Esate baterako, bereizgarri berdeko domina eman diote konorterik gabe zegoen eta istripua izan ondoren su hartu zuen ibilgailu batean harrapatuta geratu zen gidari bat erreskatatu zuen ertzainari, eta bereizgarri gorriko domina bat A-8an, bihurgune batean, gertatutako zoritxarreko istripu baten lekukoa izan zen eta, seinaleztatzeko eta beste istripurik ez gertatzeko, bere bizia arriskuan jarri zuen beste ertzain bati.  

Beste jarduketa eredugarri batzuk arriskuan zeuden pertsonen erreskateekin eta horiei laguntzearekin lotutakoak dira. Esparru horretan, bereizgarri zuriko bi domina eman dituzte. Dominetako bat 2019ko azaroan Ondarroan pertsona batek bere buruaz beste egitea eragotzi zuen ertzain bati eman diote. Agentea, zalantzarik egin gabe, argi-dorre batean 30 bat metroan gora igo zen pertsona lasaitzeko eta onik ateratzea lortzeko. Eta bereizgarri zuriko beste domina bat 2020ko martxoan Hernanin auto-istripua izan ondoren errekara jausi zen pertsona bat erreskatatu zuen ertzainari eman diote. Biktima uretan erdi murgilduta geratu zen adar batzuei helduta, eta agenteak gerrian soka bat lotu eta ur-lasterraren kontra igeri egin zuen harengana iritsi eta laguntza emateko.

Horrez gainera, bereizgarri berdeko beste domina banarekin aitortu dute beste bi agentek egindako lan bikaina. Horietako batek lapurreta bat eragotzi zuen eta labana batekin mehatxatzen zituzten bi pertsonari lagundu zien. Zerbitzuz kanpo zegoen ertzainak mendean hartu zuen erasotzailea eta hilketa-ahaleginagatik atxilotu zuen. Bigarren kasuan, agenteak arazo psikologikoak zituen eta etxean giltzaperatu zen pertsona bati lagundu zion. Ertzaina balkoiz balkoi pasatu zen, lurrera erortzeko arriskua hartuta, eta biktimarengana iristea lortu zuen.

Bestalde, bereizgarri urdineko polizia-aitorpena merezi izan duten herritarrak ere izan dira. Horietako bat 2018an Barakaldoko obra batean lanean ari zen pertsona bat da. Bi lapur ikusi zituen bertako adineko pertsona bati lapurreta egiten. Langilea haien atzetik irten zen, eta bat helduta eduki zuen Ertzaintza eta Udaltzaingoa iritsi arte. Beste bi pertsonari bereizgarri bera eman diote 2019an Kadagua ibai gaineko zubian emakume baten aurkako sexu-erasoa eragozteagatik. Biktimaren oihuak entzun zituztenean, herritarrak autotik irten ziren laguntza ematera, eta Ertzaintzara deitu zuten.

Era berean, bereizgarri zuriko beste lau kondekorazio eman dizkiete beste horrenbeste agenteri Ertzaintzaren barruan egindako ekimenengatik eta izan duten arduragatik: agenteetako batek armamentuaren eta Ertzaintzako unitateentzat egokiak diren bestelako polizia-materialen arloan aholku kualifikatua emateagatik jaso du bereizgarri hau.   

Beste agente bati lapurtutako hogei ibilgailu sei hilabetean aurkitzeko egindako lan itzelagatik eman diote bereizgarria. Ibilgailu horiek euren jabeei itzuli ahal izan zitzaizkien, eta, gainera, agenteak ikertu zuen autoetako batzuk lapurretak egiteko erabili zituztela, eta horiek argitzen ere lagundu zuen, beraz. Lan hori zerbitzuan zegoela egin zuen, baina baita denbora librean ere, kasuak argitu arterako bere inplikazioa erakutsiz. 

Bereizgarri zuriko hirugarren domina 2018an drogaren aurkako operatibo konplexu batean modu pertsonalean inplikatu zen ertzain bati eman diote. Ertzaintza eta Nafarroako Foru Polizia, Lizarrako Epaitegiarekin lankidetzan, atzetik zituen sare baten aurkako operazioa izan zen.   

Saritu duten laugarren agenteak Euskadiko polizia-kidegoen jatorriari eta garapenari buruzko ikerketa historikoa egin du. Lana borondatez eta lan-orduetatik kanpora egin du, eta, besteak beste, honako ikerketak eta liburuak argitaratu ditu: “Miñones de Vizcaya. Policías forales del Señorío” eta “Los últimos miqueletes de Guipúzcoa”.  

POLIZIEN ARTEKO LANKIDETZAREN ETA KOORDINAZIOAREN AITORPENA 

Ekitaldiari hasiera emanez, Ohorezko Plaka eman diote Irungo Udaltzaingoari, mugan egoteagatik aparteko garrantzia duen hiri batean Ertzaintzarekin etengabe lankidetzan jarduteagatik. Bere kokapen geografiko bereziaren ondorioz, polizien arteko baterako lana funtsezkoa da pertsonen segurtasun publikoa eta indibiduala bermatzeko. Jardueren artean aipatzekoa da erronka bat izan zela 2019an Biarritzen egin zen G-7ren goi-bilera, Irunen dozenaka jarduera egin baitziren segurtasun osoz. 

Alde horretatik, nabarmentzekoa da Torcuato Muñoz Serrano Nafarroako Foru Poliziako komisario buruari emandako domina ere, Ertzaintzaren eta Nafarroako Foru Poliziaren arteko elkarlanerako eta lankidetzarako bere ekarpen pertsonala aitortzekoa. Baterako lan horrek, bi polizia-kidegoen artean informazioa trukatzeak, herritarrak babestearen, trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloetan bi erkidegoetako herritarrei zerbitzu publiko hobea ematea ahalbidetzen du egunez egun. 

Polizia-lana aitortzeko bereizgarri urdineko domina eman diote Asier Erkoreka Urriza Mungiako Udaltzaingoaren ofizial burua eta Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteko presidentea denari ere. Kontuan hartu da Euskadiko poliziak koordinatzeko eta ekitaldien segurtasunaren, prebentziozko programen, delitu estrategikoen ikerketaren eta gatazkak ebaztearen arloko jarduera-plan bateratuak egiteko eta garatzeko egin duen ekarpena.   

Bestalde, Fernando Viegas Portugalgo Polizia Judizialeko kideari eman zaion dominarekin aitortu nahi izan da Ertzaintzak garrantzi handiko lan-foroetan, nazionaletan nahiz nazioartekoetan, parte hartu ahal izateko egin duen ekarpena. Aipatzekoak dira Ertzaintza Erasmus unibertsitate-trukeko bekarako formakuntzan sartzeko edo Krimenaren lekuan espezializatutako adituen biltzarra Bilbon, Ertzaintza anfitrioia izanda, egiteko bere ekarpena. 

Segurtasun Sailak Tomás Del Hierro Gurrutxaga ere saritu nahi izan du Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren arteko lankidetza hobetzean izandako inplikazioagatik, horri esker baterako Aginte eta Kontrol Zentro bat eta delituei buruzko datuak integratuta dituen plataforma bat baitaude, herritarrak hobeto babesteko helburuarekin. 

ZORION ADIERAZPENAK ETA HILDAKO ERTZAINEI OMENALDIA 

Gainera, ekitaldian azken urtean merezimendu bereziko egintzak egin dituzten ertzainen izenen jendaurreko irakurketa egin da, egintza horiek espediente pertsonaletako oharretan jasotzekoak direnez. Orotara, 36 agente aipatu dira ekitaldian.  

Azkenik, zerbitzuan hildako agenteak ekarri dira gogora. Bereziki hunkigarria izan da Urumeako uretan hil zen Iñigo Etxarri agenteari egindako omenaldia. Bi lankidek eskaintza egin dute hildako agenteen omenez jarrita dagoen monolitoan. Lehendakariak eta lehendakariordeak txapel gorri bana jarri dituzte, eta, ondoren, minutu bateko isilaldia egin da eta ohorezko aurreskua dantzatu da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak