Beatriz Artolazabal sailburuak Eusko Jaurlaritzaren zaintzen arloko trantsizio-politika aurkeztu die zenbait erakunderi

2021-06-04
  • Aurkezpen-ekitaldia Bilboko Gazteen Euskal Behatokian izan da, eta, hartan, desgaitasunarekin, haurrekin, gazteriarekin eta adinekoekin zerikusia duten erakundeak izan dira
  • “Aurrez aurre dugun gizarte-testuinguruak zaintzak sozialki berrantolatzeko, ikusarazteko, balioesteko eta banatzeko eskatzen du”, esan du sailburuak
  • Artolazabalek nabarmendu du, halaber, zaintzen etorkizuneko ereduak honako 4 ardatz hauek jaso behar dituela: zaintzak aitortzea, murriztea eta birbanatzea eta bazterketa-egoeran dauden zaintzaileen beharrak agerian uztea.

Bilbo, 2021/06/04

Gazteen Euskal Behatokia izan da Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean desgaitasunarekin, haurrekin, gazteriarekin eta adinekoekin zerikusia duten erakundeetako ordezkariekin batzeko aukeratu duen lekua. Artolazabalek, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearen eta Rafael López-Arostegi saileko aholkulariaren laguntzarekin, Eusko Jaurlaritzaren zaintzen arloko trantsizio-politika azaldu du; gaiari gizarte-ikuspegitik heltzen dio eta, nagusiki, zaintzak, nagusi garenean ez ezik, bizitzan zehar ere behar direlako uste osotik.

“Aurrez aurre dugun gizarte-testuinguruak zaintzak sozialki berrantolatzeko, ikusarazteko, balioesteko eta banatzeko eskatzen du”, esan du sailburuak Artolazabalek honela laburtu du zaintzen banaketaren eredu “demokratikoena”: “zaintzak aitortzea, murriztea eta birbanatzea eta bazterketa-egoeran dauden zaintzaileen beharrak agerian uztea”.

Ardatz horietan oinarritzen da Eusko Jaurlaritzaren trantsizio-politika, zeinak 10-20 urtera ezartzen baitu zaintzen eraldaketa, nagusiki gizarte-zerbitzuen eremuan. Helburu horiek lortzeko, eragileak inplikatu behar dira eta, horretarako, erakundeekin hasi behar da, baina enpresekin, hirugarren sektoreko erakundeekin eta familiarekin edo erkidegoarekin elkarlanean ere jardun behar da. “Zaintza sozial” delako horrek aukera emango du erantzukizunak berriro orekatzeko eta birbanatzeko eta, besteak beste, zaintzek eragiten dituzten desberdintasunekin amaitzeko. Genero-ikuspegiak indarra du trantsizio-eredu honetan; izan ere, zaintzaileak, nagusiki, emakumeak izaten dira.

“Zaintza ez da familia-zaintzako egoera desegokietan oinarritu behar. Hori gertatzen da, esaterako, honako kasu hauetan: mendekotasun-egoeran dauden emakumeak, laguntzak behar dituztenak, baina, hala ere, 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan familiartekoak zaintzen dituztenak, edo emakume enpleguaniztunak dituzten familia gurasobakarrak, haien seme-alabak zaintzeko euskarririk ez dutenak”, esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Sailburuak, halaber, gizonei familia- eta erakunde-zaintzan “rol bat esleitzea”z hitz egin du.

Artolazabalen iritziz, “zaintzetan oreka lortzeko, alderdi pertsonaleko zaintzen gaineko erantzukizuna esfera familiarrera, komunitariora eta publikora ere zabaldu behar da”. Helburu horiek lortzeko, azaldu duenez, erakunde-zaintzak sendotu behar dira, zehazki gazteenenak eta nagusienak, eta, hala, “familia-zaintzak erakunde-zaintzaren aldean duen proportzioa” murriztu eta “erkidegoan lehen eta bigarren mailako arreta” sendotu.

Artolazabal sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzaren lana zeharkakoa dela, eta beste eragile eta sail batzuenekin lotuta dagoela, zaintzen politika integralaren esparruan. Era berean, bere Saila zenbait erakunderekin –horietako batzuk topaketan izan dira– egiten ari den baterako lanaren ondoriozko zenbait esperientziaren balioa nabarmendu du. Hala, BetiON telelaguntza-zerbitzua aipatu du adibide gisa, bai eta OK en casa ere, zaintzaileei laguntza emateko aplikazioa.

Topaketan, desgaitasunarekin, haurrekin, gazteriarekin eta adinekoekin zerikusia duten erakunde nagusietako ordezkariek parte hartu dute, besteak beste, honako hauetakoek: Matia Fundazioa, Euskofederpen, BetiON, LARES, Agintzari, Hirukide, AFAE, Unicef, SIIS, Edeka, Fevas, Biltzen eta Novia Salcedo. Parte-hartzeen ondoren, guztiek partekatu dituzte Artolazabal, Amilibia eta López-Arostegirekin aurkezpenari buruzko gogoetak eta zaintzen arazo eta beharren ingurukoak.

2 iruzkin
  • 2021-06-06

    Ahalduntzeko tresna gehiago ematea, pertsona bat pentsatzera ez iristea, zamatzat hartzen da; orain, adimen artifizialarekin, egiazkoa eta faltsua bereizten ikasita, une jakin batzuetan zailtasunak gainditzeko aukera izan daiteke.

  • 2021-06-06

    Dar más herramientas empoderamiento no llegar a pensar una persona se considera una carga, ahora con inteligencia artificial aprendiendo a diferenciar lo verdadero de lo falso, puede ser una baza para superar dificultades en momentos dados.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak