Eusko Jaurlaritza Lanbide Heziketaren etorkizuneko erronkei buruzko Europako Batzordearen Jardunaldietan parte hartzera gonbidatu dute
- Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak azaldu du Europak nola aurre egin behar dien Lanbide Heziketaren etorkizuneko erronkei; Euskadiko Lanbide Heziketaren ikuspegitik aritu da
- Arevalok adierazi du etorkizuneko erronkak nahitaez eskatzen dutela pertsonak ardatz izatea, eta aldaketa ororen oinarrian gizakia egotea
- Berretsi du sarean lan eginez eta bikaintasun-zentroen esperientziarekin jarraitu behar dela; zentro horien bultzadan Euskadik erreferentziako eginkizuna betetzen du Europako Batzordearentzat
Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak “The Role of Regions and Cities in Delivering High Quality Apprenticeships” (Eskualdeen eta hirien eginkizuna kalitate handiko ikaskuntzak ezartzean) Europako goi-mailako biltzarrean parte hartu du gaur goizean. Biltzarra Europako Batzordeak eta Europako Eskualdeen Batzordeak (CDR) antolatu dute, EARLALL (Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzarako Eskualdeko eta Tokiko Agintarien Europako Elkartea) sarearen laguntzaz.
Euskadiko Lanbide Heziketa jardunaldiko hasierako hitzaldia emateko gonbidatu du Europako Batzordeak, eta Jorge Arévalo sailburuordeak, Euskadiko Lanbide Heziketak gaur egun darabilen ikuspegitik, Lanbide Heziketaren etorkizunari Europak nola aurre egin behar dion azaldu du. Jardunaldi telematikoa gaur eta bihar egingo da eta goi-agintariek hartuko dute parte. Hasiera emateko saioan Nicolas Schmit Enpleguko eta Gizarte Eskubideetako Europako komisarioak eta Apostolos Tzitzikostas Europako Eskualdeen Batzordeko lehendakariak esku hartu dute.
Pertsona ardatz
Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, bere hitzaldian hizpide hartu ditu gure gizartean gertatzen ari diren aldaketa sakonak, batez ere 4. Industria Iraultzaren abiadura azkarraren ondorioz, eta aurrean dugun agertokia deskribatu du, robotika, adimen artifiziala eta 5G eta 6G konektagarritasuna bereizgarri izango dituena. “Mundu horretan dena egongo da konektatuta, 5.0 gizarte berria izango da”, adierazi du.
Hori dela eta, Europak aldaketa handiak egin behar ditu, eta horrek, Arévaloren hitzetan, “behartzen gaitu Europako ekoizpen-egitura eraldatzera, enpleguak beste era batera antolatzera eta gure prestakuntza-sistemak aldatzera”.
Lanbide Heziketako sailburuordeak azpimarratu du gizakiak izan behar duela 5.0 gizarte honen helburu lehena, eta edozein aldaketaren ardatza pertsona izan behar dela. “Errazena makinak erostea da; zailena horiek lanean jartzea eta ez gelditzea lortzea da. Automatizazioak eta robotikak har dezakete oinarrizko eskulanaren lekua, baina gauza guztiek ongi funtzionatzeko pertsona espezializatuak eta ongi prestatuak beharko dira”, adierazi du.
“Horretarako –azaldu du-, Lanbide Heziketaren erronka da jarduerak arlo ezberdinetara zabaltzea eta hedatzea, aurrean dugun etorkizun konplexu horri erantzun ahal izateko”. Lanbide Heziketak, beraz, erronka berriei erantzun behar die: ikaskuntza-metodo berriak garatu behar ditu; antolakuntza-sistema berriak ezarri behar ditu; eta Lanbide Heziketako ikastetxeak LH 5.0 ikastetxe adimendunak bihurtu behar ditu. “Goi-errendimenduko formakuntza, berrikuntza estrategikoa eta adimen aplikatua landuko dituzten ikastetxeak izan behar dute, pertsonen prestakuntza goitik behera aldatuz eta gure enpresei garapen adimendunerako bidean lagunduz”.
Lankidetza-sareak eta bikaintasun-zentroak
Europako Batzordeak 2018an hartu zituen dagoeneko erreferentziatzat Euskadiko Lanbide Heziketa eta Tknika (Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroa) Europako bikaintasun-zentroen ekimena abian jartzeko. Europako Batzordetik sustatzen ari diren –eta sektore ezberdinetan 12 lankidetza-plataforma lideratzen dituzten– Europako bikaintasun-zentro horiek eredutzat hartuta, Arévalok berretsi du formula horrekin jarraitu beharra dagoela, hau da, sarean lan eginez. “Lankidetza-sareak estrategikoak dira etorkizuneko erronka horiei erantzuteko; garrantzi ikaragarria dute etorkizun arrakastatsua finkatzeko”.
Alde horretatik, ziurtasunez adierazi du estrategia horren emaitza bikainak urte gutxiren buruan ikusiko direla, eta Europa munduko Lanbide Heziketaren buruan kokatuko dutela.
Hitzaldiari amaiera emateko, oraindik ere lan ugari dagoela egiteko aitortu badu ere, adierazi du bide onetik goazela. “Baina gogoan izan etorkizuna orain prestatu behar dela. Gauzak egiteko beste modu bat asmatu behar dugu, bihar zer beharko dugun pentsatuta eta gaur diseinatzen hasita”.
Mahai-ingurua
Euskadiko Lanbide Heziketak bihar, ekainak 4, jarraituko du jardunaldian parte hartzen, eta kasu horretan Rikardo Lamadrid Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak eta Iñigo Araiztegui Tknikako (Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroa) Nazioartekotze alorraren arduradunak esku hartuko dute.
Biek Europako prestakuntzaren etorkizuneko erronketan tokiko eta eskualdeko eragileek duten inplikazioari buruzko mahai-inguru telematiko batean parte hartuko dute, Bretainiako (Frantzia), Västra Götalandeko (Suedia) eta Erroma Hiriko (Italia) ordezkariekin batera.