URAk 150 m-ko estalduratik atera du Zubitegi errekako emaria Mallabian

2021-06-03
  • Errekaren emaria aire zabaleko ibilgu naturalizatu batetik bideratzeko obrek 100.000 €-ko inbertsioa izan dute, gehi BEZa 
  • Estalitako ibilgu-tarte zaharra ur handiko ubide izango da aurrerantzean 

URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Mallabiako Zubitegi errekan,  ibilgu berri bat sortu du aire zabalean  ur-emariak bertatik bideratzeko eta, hartara, 25 cm-ko hormigoi armatuzko harlauzez osatutako 150 metroko estaldurapean jariatzen jarraitu ez dezaten. Lanak herriaren hegoaldean dagoen enpresa baten perimetroaren ondoan egin dira. 

Zubitegi erreka Oiz mendiaren inguruan jaiotzen da, eta Mallabia eta Ermua zeharkatu ondoren, Deba ibaiaren adarra den Ego ibaian itsasoratzen da. Orain arte, industria-lursailera sartzeko errepidea zeharkatzean, erreka estalduratik jariatzen zuen: pabilioiaren fatxadaren kanpoaldetik inguratzen zuen, araztegitik gertu, berriz ere azalera ateratzeko. 

Orain, egin berri den errekaren tarte berri hori bideratu eta estalita zegoen ibilgu-tartearen paretik doa, bertan dagoen enpresaren perimetroaren ondoan. Estalitako ibilgu-tarte zaharra ur handiko ubide gisa erabiliko da, aurrerantzean. 

Nahiz eta jarduketaren helburua bere garaian industria-lurzoru gehiago lortzeko lurperatu ziren errekak naturalizatzea izan, agerian geratu da errekaren ur askoko sasoietako ur-geruzaren mailak behera egin duela tartean. Beraz, segurtasuna handitu da, arroan euri-jasa handiak datozenerako. Nabarmentzekoa da uholde-arriskua murriztu egin dela, beren beregi,  galeria buxatzearen arriskua gutxitu baita. 

Mallabiko Udalak URAren esku jarri ditu lurra okupatu eta ibilgu berriaren obra egin ahal izateko behar diren lursailak, eta hondeaketa-soberakinen biltegia eta obran dauden edo sortu diren hiri-hondakin solidoak kudeatu ditu. Bestalde, URAk 100.000 euroko inbertsioa egin du (BEZik gabe). 

Era berean, datorren udazken-neguan, ibilgu berriko ezpondak landareztatuko dira zuhaitzak eta zuhaixkak landatuz, eta landaketarik gabeko eremuak belarrez ereingo dira. 

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak