Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, maiatza hotza eta oso lehorra izan da

2021-06-03
  • Hileko batez besteko tenperatura, normala baino gradu erdi baxuagoa izan da
  • Mende honetako bigarren maiatza lehorrena izan da

Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, maiatza hotza izan da; Euskadiko batez besteko tenperatura, normala baino 0,5 °C baxuagoa izan da. Aldi berean, hilabete oso lehorra izan da, Gernika-Bermeo eta Donostia itsasertzeko eskualdeetan izan ezik, ohiko erregistroetara hurbildu baitira. Azken batean, mende honetako bigarren maiatza lehorrena izan da EAE osoan, 2006aren atzetik eta 2004 eta 2016 urteen antzera.

Euskalmeten datuen arabera, maiatzean batez besteko tenperatura-balioak 14-15 ºC artean mugitu dira kostaldean; Arabako Lautadan, berriz, 12 ºC-tik gorakoak izan dira. Oro har, 1981-2010 epealdi normalarekin alderatuta, batez bestekoa baino 0,5 ºC baxuagoa izan da. Mende honetako seigarren maiatza hotzena izan da (hotzena, 2013koa izan zen).

Intsolazioa, espero baino handiagoa izan da, %10 inguru handiagoa, mendebaldeko kostaldean izan ezik; izan ere, bertan eguzki ordu gutxiago erregistratu da normaltzat jotzen diren erregistroekin alderatuta.

Prezipitazioari dagokionez, maiatzean erregistratutako datuen arabera, hilabetea oso lehorra izan da, Gernika-Bermeo eta Donostia itsasertzeko eskualdeetan izan ezik, bertan parametro normalen barruan ibili baitira. Oro har, espero zitekeenaren erdia baino euri gutxiago egin duela esan daiteke, eta azken urteetako maiatzik lehorrenen artean dago, 2006 urtearen atzetik.

Hala ere, euri-egunen kopurua ez da ohikoa baino txikiagoa izan, Arabako hegoaldean izan ezik. Izan ere, aipagarriak dira konbekzioaren ondorioz sorturiko euri-zaparrada gogorrak, hilabete beroetan ohikoak izaten direnak. Estazio batzuetan, ordubetean eta 10 minutuan jasotako prezipitazio maximoen marka batzuk hautsi dira, esaterako Zaldiaran, Derio eta Sangronizen.

Maiatzean zehar bizi izan diren muturreko meteorologia egoera bakanek garai beroko ohiko egoerekin zerikusia izan dute. Segurtasun Sailak 5 abisu hori aktibatu ditu, horietatik 2 enbata arriskuagatik, 2 prezipitazio handiengatik eta 1 nabigaziorako olatuen altueragatik.

Maiatza hotza izan arren, udaberri meteorologikoa (martxoa, apirila eta maiatza barne hartzen dituena) 1981-2010 aldiko batez bestekoa baino pixka bat beroagoa izan da. Datu horiek bat datoz klima-aldaketaren ondorioz ematen ari den azken urteetako joerarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko