Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Bizkaia Irratian

2021-06-03

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Bizkaia Irratiko “Goizeko izarretan” saioan elkarrizketatu dute, gaur goizez. Bertan, Hezkuntza arloarekin eta zuzentzen duen sailarekin zerikusia duten hainbat gai izan ditu hizpide sailburuak.

Amaitzear den ikasturte honen inguruan, Bildarratzek azaldu du presentzialtasunari eustea izan dela ikasturte honetarako helburua, hasiera hasieratik, irailean ikastetxeetako zuzendaritza taldeekin lehen bilerak egin zirenetik. Helburu hori lortutzat jo daitekeela esan du, hezkuntza komunitate osoak egin duen ahaleginari esker, eta jarri diren baliabide gehigarriei esker.

Ikasturte berriaz, azaldu du, uneotan Hezkuntza Saila Osasun Sailarekin ari dela elkarlanean, ikastetxeetako zuzendaritzekin kontraste lana eginaz aldi berean, albait arinen protokolo edo dokumentu bat eskuartean izan dezaten ikastetxeek.  Dena den, gogorarazi du, irailean zein egoeratan izango garen ez dakigula, egoera aldakorra baita, aldagai inportanteak tarteko dirala (gazteen txertaketa noiz izango den, besteak beste).

2021-2022 ikasturte berrian DBH-ko ikasleak goiz eta arratsaldeko ordutegira itzuliko direla eta, erabaki hori hartzeko bi arrazoi nagusi daudela azpimarratu du Bildarratz sailburuak. Bata, adituek aholkatzen dutena, ikasgaiak pilatu beharrean banatuta ikasleen arreta egokiago mantentzen dela; eta bestea, ekitatea, egoerarik zaurgarrienean dauden ikasleak aintzat hartuta.

Lanbide Heziketaren euskalduntzeaz galdetuta berriz, Hezkuntza sailburuak azaldu du hezkuntza sistemak bakarrik ezin duela gizartea euskaldundu, nahiz eta oinarrizko zutabe bat izan horretarako. Gehitu du, Hezkuntza Sailaren helburua dela datozen urteetan Lanbide Heziketan euskararen presentzia eta erabilera areagotzea, eta horretarako Hezkuntza Saila elkarlanean ari dela Foru Aldundiekin eta enpresekin.    

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak